Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Durangaldea eta Arratia: Edertasunaren eta magiaren boterea

Durango

Kurutziaga gurutzea

Durango 1290 inguruan sortua da, nahiz eta data zehatza ezagutzen ez den, berori sortu izanaren hiri-gutunik ez baita gordetzen. Hiribildu jendetsua eta industriala da eta monumentu garrantzitsuak ditu. Hiri-egitura estilo gotikokoa da, alde zaharrean kale estuak dituela.

Bertan dagoen Kurutziagako gurutzea omenezko monumentutzat hartu izan da beti, zaharra baino gehiago arkaikoa eta balio sinboliko eta ikonografiko handikoa. Originaltasunagatik eta Bizkaian eskola sortu izateagatik nabarmentzen da. Izan ere, omenezko gurutze-sorta zabal baten sorburu izan da. Gurutzea gotikoa da, XV. mendekoa. Landarez (sagarrondoa) inguratutako harrizko zutabe garaia da, sugearen giza buruan itxuraldatu egiten dena. Zuhaitzaren inguruan genesiaren ikonografia konplexua azaltzen da: tentazioa, Adan eta Ebaren bekatua, paradisutik kanporatzea. Danborrean apostoluen irudiak azaltzen dira. Gurutzearen beraren aurrealdean kalbarioa irudikatzen da, gurutzatua, Maria eta San Joan bertan direla. Atzealdean Maria, Haurra bi santuen artean duela, Maria Magdalena eta apezpiku edo fraidea azaltzen dira. Misterioa, inguruko sinbolismoak eta heresiaren Berant Erdi Aroaren testuinguruan monumentuaren testigantza dira gurutze honen funtsezko balioak.

Galeria fotografikoa: