Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

DANTZARAKO VII. PLATAFORMA

Aurkezpena

VII Plataforma para la Danza - KartelA

Dantza Garaikidearen Zirkuitua amaitu berritan, Dantzarako VII. Plataformak oihala irekiko du, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren eskutik. Ekimena DANTZA programaren barruan txertatuta dago. Programa horren bidez, azken urtean Euskadin ekoitzitako zenbait obra batera aurkezten dira.

Dantzarako Plataformaren zazpigarren ekitaldia aurreko urteetan eratutako esparru berean gauzatuko da, hau da, Donostiako Antzerki Azokaren eta Biarritzeko Le temps d´aimer Maitaldia Jaialdiaren barruan, uztailetik irailera bitartean.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak bultzaturiko DANTZA programaren helburua da dantzako sektore profesionalarekin elkarlanean jardutea, sorkuntza, ekoizpena, prestakuntza eta hedapena sendotzeko. Horretarako dirulaguntza-deialdiak eta hedapen-programak antolatzen dira, hala nola Dantzan Bilaka, Dantza Garaikidearen Zirkuitua edo Plataforma bera.

Dantzarako VII. Plataformak sei ekoizpen eta zazpi emanaldi eskainiko ditu denboraldi honetan. Hala, Donostian, honako obra hauek daude iragarrita: Organik Konpainiaren Lilas eta Malditas, Kukai-Tanttakaren Hnuy Illa, La Dinamikaren Animaliak eta Blanca Arrietaren Muda. Biarritzen, berriz, Organik-en Lilas berriro eskainiko da eta baita Aukeran-en Bideak ere.

Profesionalek, zaleek eta, oro har, publikoak dantza egin eta ekimen horretaz gozatzea espero dugu. Dantza zain duzu.