Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gorde nazazu lurpean. Laburpena

Izenburu bakarraren azpian bost nobela ditu lan honek. Ezaugarri bakarrak lotzen ditu: lurpekoak garrantzia handia du lur gaineko protagonista guztiengan.

Lehendabizikoan gudari zahar baten hanka dago lurpean. Intxortan galdu zuen bonbardaketa batean. Orduko xehetasun guztiak kontatuko dizkio gudariak notarioari, hanka galdu izanagatik pentsioa kobratzeko paperak egiterakoan. Notarioak ez die xehetasunei jaramonik egiten eta ez da konturatzen xehetasun horietan dagoela gudariaren bizitzeko arrazoi bakarra.

Bigarren istorioan Rossetti pintore eta poetaren emaztea da lurperatua. Senarrak idatzitako poema batzuekin batera. Hauek eskuratzeko, Rossettik emaztearen gorpua deshilobiratzeko agindua eman zuen, eta anekdota horrengatik gorrotu du Rossetti nobelako protagonistetako batek, Victoriak. Victoria bereganatu nahian dabil Juan Martin. Idazlea bera. Beste emakume bat zeharo maitemindu zen bere hitz batzuk irakurri ondoren, eta hitz horiek berberak errekuperatzea obsesio bilakatuko da idazlearentzat, Victoria maitemindu arazteko. Nahiz jakin, badakien, antzeko zerbait egiteagatik gorrotu duela beste mende bateko poeta hura.

Hirugarrenak Marcel Martin kantaria du gogoan. Bikote protagonista haren zalea da, hasiera batean. Istiluak sortuko zaizkie, Marcel Martin hil ondoren epaile batek deshilobiratzeko agindua ematen duenean. Izan ere, emakume batek bere alabaren aita Marcel Martin dela esan izan du urtetan, eta Marcel Martinek aita bera ez zela esan ondoren uko egin zion hori argitzeko frogak egiteari. Eta behin ehortzi ondoren egin beharko dizkiote frogak. Anekdota huts dirudiena gatazkarako motibo bihurtuko da Marcel Martinzale zen bikotearen artean.

Laugarren istorioan lurperatuko dituztenak Floraren gurasoak izango dira. Aita, lehendabizi, ama, ondoren. Floraren senarrak kontatuko digu nolakoa zen lauen arteko elkarbizitza lurperatu aurretik. Eta baita, lurperatu ondoren Floraren eta bien artean gertatutakoak ere.

Azkeneko historiak Sabino Aranaren hezurrek behin betirako Sukarrietan ehortzi arte izandako gorabeherak azalduko dizkigu, lehendabiziko ehorzketan lekuko izan zen abertzale baten semearen ahotik.

Gorde nazazu lurpean. Zatiak

•Horregatik, poztu egin zen notarioak hitza berari eman ziolako. Eta hasieran, funtsezkoena esan zuen: trintxeran zegoela, Elgetatik hirurehunen bat metro ekialdera, Uberako ibar aldera so, Loxeta baserriko sorora zehazki; eta airean sentitu zuela bere burua, luze, luzeegi airean izateko, hegan bezala; eta azkenean lurrera jausi zela, ahoz gora; eta une hartan ez zuela gerritik deus ere sentitzen. Gainerantzekotik ezer asko ez, eta Luis Amianok kontatzen zituenetatik oso gutxi; izan ere, notarioak behin eta berriz kentzen baitzion hitza, harira joateko eskatuz. Eskatuz baino gehiago, aginduz, eta xehetasun hutsalik ez zuela behar esateko. Eta azkenean, gauzak behar bezala txukun eta zehatz azaltzeko gogoa ere kendu zion.

• "Aupa gazte" esan zuen Amianok, frontoian animatzeko esan ohi zuen bezala, eta berak, hark eskaintzen zion ontziak arrimatzeko kakoari heldu gabe, salto egin zuen, aurretik eskuineko hanka, zazpi hilabetera Elgetan galduko zuen hura, eta zeinarengatik pentsioa emango zioten, 40 mila pezetakoa, paper guztiak biltzea lortzen bazuen behintzat, eta azkenik, noski, Burgosen Auzitegi Militarrak onartzen bazizkion.

• "Nola esan duzu galdu zenuela?" galdetu zion. "Gerran galdu nuen" erantzun zuen. Xarmanta iruditu zitzaion neska, iharra sobera. Bular oparoagoak eskertuko zituela pasatu zitzaion burutik, benetan pentsatzeko denborarik gabe. Batzuetan bi eta hiru gauza batera pasatzen zitzaizkion burutik; benetan pentsatu gabe, burutik pasatu besterik ez, baina gauza asko batera, eta buruko mina eragiten zion horrek.

• Pizgailua bere oinetan geratu zen. Plastikozkoa zen, zuria, eta ikurrinaz apaindua. Ez zen ohitzen ikurrina gauza hutsal eta arrunta bailitzan bezala erabilia ikustera. Handik ikus zitzakeenak kontatu zituen: bost, uretan baporeek zituztenak kontuan hartu gabe.

• Hura guztia norbaiti adierazteko gogoa sentitu zuen, bere buruan argiago ikusteko batez ere; aditzera ematen ez diren arte ideia batzuk ez baitira zehatz taxutzen, eta, era berean, buru barruan itzulika interesgarriak diruditen pentsakizunek, sarritan, hitz bihurtu bezain pronto erakutsi ohi dutelako beren zentzugabekeriaren egia.

• Askotan gertatzen zitzaion zerbait kontatu beharra zuenean nondik hasi ezin asmatzea. Beti, egia esan; eta gehiago, entzulea aspertu nahi ez zuelako-edo, gauzak ahalik eta lasterren kontatzera behartuta sentitzen zenean. Lasaitasuna behar zen zerbait kontatzeko; edonondik hasteko libertatea gero, kontakizuna puntu batean utzi, eta, behar izanez gero, beste bati ekiteko.

• Hori zen, hasteko, notarioari esango ziokeena: berak zehazten ez zekien arrazoiren batengatik, bazirela bizitzan pertsona batek bere patuari jarraitzen jakin behar zituen uneak. Baina atetik sartu bezain pronto ia, justu hirurei eskua eman ondoren, oraindik mahai buruan esertzeko zegoela, bota zuen lehendabizikoz gerora gutxienez hiru edo lau aldiz errepikatuko zuen "muga zaitezte gertakizunetara" bere ustez desegoki hura.

• Mirenek bat-batean, txori baten mugimendu arinaz, aurpegia bizitasunez aurreratuz, musu iheskor bat eman zion; eta sudurrak oztopo gertatu zitzaizkielarik, barrez hasi ziren, eta eskuak eskuetan, elkarri so, barrez aritu ziren une luze batez, berriro ere oso serio jarri eta maite zuela esan zion arte, bat-batean, bihotza bezala adimena ere libre, hitz horiek, "maite zaitut", besterik ez zituelako buruan.

• -Gerrako abenturak gogoratzera, orduan- esan zuen txoferrak.
"Gerra gogoratzera ez, ezin baitut burutik kendu" esatea bururatu zitzaion, baina ez zuen esan.

• Berez, onartzen zuen, eta entzun nahi zuenari esaten zion, hutsegitea baino ez zela izan bere bizitza osoa; baina aitortu behar zuen, oro har, bizitzako liburuan gerrako estanparen batek bakarrik utzi ziola -haiek bakarrik- duintasunez jokatu izanaren sentipena.

• Ez zekien memoriaren joera ote zen data zehatzik gabeko oroitzapen asko egun hartan finkatzekoa, baina esango zuen goiz hartan -edo beste edozeinetan, baina goizez, edonola ere-, ausartu zela Amianori galdetzen ea ez al zuen beldurrik sentitzen; eta hark baietz erantzun zion, baina irentsi egiten zuela zapore mikatsa bazuen ere

• -Gaur, behintzat, ez dira itzuliko - esan zuten ia biek batera, abioiez ari zirelarik.
Beteko ez zen desira baten adierazpena izan zen, eta ez zuen haren ahotsik atzera entzun, hartik eta, "sanitario", "sanitario" desesperazioz oihuka, ondoan belaunikatu zitzaion arte.

• Trintxera gainean belauniko zegoen bera, Miren zumarditik noiz azalduko zain -eta larritasun hartan ere, astia izan zuen belar laburra eta trinkoa, goroldioa bezain malgua, hazten zela han pentsatzeko-; baina ez zen azaltzen, eta larritasun hura norbaitekin partitu nahiz burua atzera bueltatu zuenean, tenientea ikusi zuen esku batekin jaisteko egiteko ziola.

• Harro kontatzen zuen, eta harro esan zion Obanosen azkenekoz ikusi zuenean, hiltzear jada, ez ahazteko notarioari parte hura kontatzea, eta geldiarazi ez balute Bilboraino jarraituko ziola autoari berna besoetan hartuta; baina hartan ere ezin izan zuen hitzik bete.

• Beraz, galtza zorroa jaso, zurezko hanka itsatsia kendu, eta bertikalki, hortz bakarreko laia bailitzan, airean altxatu eta lurrean sartu zuen.

• Hala eta guztiz ere, Victoria ez nuela gehiago ikusiko pentsatzea zen, udazkeneko goiz zakar hartan, hotzikaraz jarri ninduen ondoezaren arrazoia.
"Ea non ikusten dugun elkar hurrengoan" esan , eta pausa labur baten ondoren "elkar ikusten badugu, noski" erantsi zuen aldegin baino lehen.

• Nire kasuan gainera, are justifikatuagoa iruditzen zitzaidan Victoria gorteiatzeko izkribu bidea erabili nahi izatea, kontuan izanik pare bat urte lehenago eta zirkunstantzia bertsuan lau lerro laburren bidez Eugeniarekin ustez lortu nuen arrakasta neurrigabea.

• Bi hitzetan esateko, hau zen arazoa: Eugeniarekin erabili nuen izkribua ia erabat ahantzia nuela, eta, horregatik hain zuzen -ahantzia nuelako-, obsesionatu egin nintzela berarekin; Victoriari ere testu bera bidali behar niola sartu zitzaidan buruan -ez antzekoa; testu bera behar zuen izan, hitzez hitz-, eta, nola edo hala, berreskuratzen saiatu nintzen. Hori da, labur esanda, gertatu zaidana