Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azken eguneratzea: 2009/10/13
Munduko paisaiak-Paisajes del mundo, abian da
Kulturen arteko hurbilketan eta integrazioan liburutegiek duten garrantzia azpimarratu nahi du kanpainak
Munduko paisaiak


Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuorde Antonio Riverak, Ermuko alkate Carlos Totorikarekin batera, Liburutegien Nazioarteko Eguna dela-eta Euskal Herriko hamaika liburutegitan egingo den kanpaina aurkeztu dute. 'Munduko paisaiak-Paisajes del mundo' kanpainaren helburua da etorkinen kolektiboari euren kulturari atxikitzen laguntzea, bai eta erabiltzaile guztiek ikas dezaten beste kultura batzuekin elkarbizitzen eta era natural batean baloratu ditzaten.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, iaz, 'Liburutegiak Topaleku-Las Bibliotecas, un lugar de encuentro' izeneko programa abiarazi zuen, zeinaren helburua izan baitzen liburutegiak sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun bizi diren kulturen arteko integraziogune moduan, berdintasun, tolerantzia eta pluraltasunaren balioetatik abiatuta.
Azken helburua zen etorkinek aurkitzea liburutegietan beren kulturako literatura argitalpenak, informaziokoak… eskainiko dizkien zerbitzu publiko interesgarri bat, aldi berean gizarteko gainerako kulturekiko lotura indartuko duena.
Programa horren jarraipen gisa eta Liburutegien Nazioarteko Eguna (urriak 24) ospatze aldera, 'Munduko paisaiak-Paisajes del mundo' kanpainari ekin nahi diogu oraingoan, hurbilketa eta kulturarteko integrazio horretan liburutegiek duten egitekoa bultzatzek.
Ekintza hau hainbat liburutegi publikotara eramango dugu: Bilbo, Eibar, Ermua, Errenteria, Getxo, Irun, Iurreta, Markina-Xemein, Zarautz eta Arabako Foru Aldundia. Eta gaikako irakurketa-giden bidez, hamaika herrialderen kultura hurbilaraziko digu: Bolivia, Kolonbia, Angola, Nikaragua, Nigeria, Ekuador, Senegal, Errumania, Txina, Maroko eta Errusia. Kultura Sailak kanpainan parte hartzen duten liburutegietarako liburu-funtsen erosketa finantzatuko du, bai eta burutzen dituzten jarduerak ere. Honelako ekimenak martxan jarri zirenetik, ikusi da etorkin kopuru handiagoa hurbiltzen dela liburutegietara, bai liburuen kontsultak egiteko, bai bertako Internet zerbitzuak erabiltzeko.


Munduko egunkariak
Ekimen hau indartzeko, hainbat herrialdetan inprimaturiko 28 egunkari kontsultatzeko aukera ematen dute liburutegi publikoek. Satelite bidezko teknologiari esker eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako hitzarmen bati esker, eguneroko prentsa horren jatorrizko bertsioak eskuratu eta tamaina errealean (DIN-A3) inprima daiteke. Hogei hizkuntzatan idatzitako egunkariak daude, batzuk gurea ez bezalako alfabetoetan idatziak. Edizio digitalen aldean -horiek paperezko edizioaren laburpen modukoak baitira-, edizio hauek egunkari osoa eskaintzeko dute goizeko lehen orduan bertan, alegia, jatorrizko herrialdeko biztanleek bezalaxe, eta hango aktualitatearen berri berdin-berdin jaso dezakete. Udalean udaleko etorkin populazioaren arabera, lehentasuna haien jatorriko egunkariei ematen zaie.