|
Errealitatearekin eta benetan gertatzen denarekin zerikusirik ez duten hitzak bota dizkigute egunotan EKTkoek, Berria eta Hitza hedabideek alegia. Kultura sailak "ez du euskarazko prentsa lagundu nahi, nahiago du ezinean ikustea"… hainbat deskalifikazio eta oinarririk gabeko gehiegikeria. Are gehiago kontuan hartzen badugu horrelakoak esaten dituztenak aurten ere Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emanda 1.848.200 eurotako (307 milioi pezeta) dirulaguntza jaso dezaketela. Zoritxarrez, batzuentzat lelo bihurtu da Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideen arloan egiten duen guztia gabezia, eskasa, zekenkeria, akatsa, ausardia eta ganorarik gabea dela esatea. Horrelako ika-mikek eta kritika interesatuek mesede eskasa egiten diote euskalgintzari eta ez dut uste deskalifikazio horiei neurri berean erantzun behar zaienik ere, baina esan dezadan interes partikular legitimoen ondoan interes publiko orokorra zaintzea eta arautzea dagokiela herri-erakundeei.
Polemika honen guztionen aurrean, batetik, elkarlanerako deia egin nahi dut, eta bestetik, dirulaguntzen benetako datuak azaldu, irakurleak berak erabaki dezan "Kultura Sailak ez du euskarazko prentsa lagundu nahi" deskalifikazioak oinarririk duen ala ez.
Elkarlana ezinbestekoa dugu euskalgintzan, eta elkarlanerako deiarekin batera arduraz, zintzotasunez eta zuhurtziaz, errespetuan jokatzeko eskatu nahi dut. Euskarazko hedabideen eginahala ikaragarria da eta euren ekarpena erabakigarria zaigu euskara biziberritzeko prozesuan zehar. Zalantzarik ez, etorkizunean ere euren egitekoa pisuzkoa izango da, eta horrexegaitik izan dute eta aurrerantzean ere izango dute Eusko Jaurlaritzaren bultzada euskarazko hedabideek.
Erabilera helburu, aurrera egiteko euskalgintza indartu eta sendotu nahi dugu, euskalgintza zabala eta irekia, ahots guztiek lekua izango dutena eta elkarlanean buru-belarri jardungo duena herri erakundeekin batera. Horretan ari gara hainbat eragilerekin.
Hedabideena arlo estrategikoa da:
Estrategikoa delako daukagula EITB eta estrategikoa delako ditugula jarri ditugun dirulaguntzak. Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren dirulaguntza-deialdi guztien %43,9a da hedabideetarako, eta azken 5 urteko epealdian (2002-2006) % 38ko gehikuntza izan du hedabideen deialdiak. Estrategikoa ez balitz eta estrategikotzat hartuko ez bagenu zaila honelako jokabidea justifikatzea. Autengo deialdia 2005ekoarekin konparatuz datu esanguratsuak aterako ditugu:
" Udalerri edo eskualdez gaindiko prentsak (egunkari nahiz aldizkariek) % 9ko gehikuntza, eta prentsa lokalak % 7,4ko gehikuntza. Igoera urriagoa prentsa lokalak, uste dugulako herri-erakundeen artean Eusko Jaurlaritzari dagokion lehentasuna Euskal Herri mailako edo gutxienez lurralde historiko mailako prentsarena dela. HITZA dela-eta "Eusko Jaurlaritzak zigortu egiten du ekimen berriak sortzea" esan digute. Guk ez dugu ezer zigortzen, ez saritzen; gainontzeko prentsa lokalari ematen zaion trataera bera ematen diogu HITZAri, % 7,4ko igoera (KPIa halako bi). Hitza prentsa lokala eta egunerokoa da, eta prentsa lokalarentzako aurreikusi den gehikuntza bera destinatu dugu eguneroko prentsaren barruan lokala den hedabideen multzorako, ez gehiago ez gutxiago.
" Berria: % 9. Guztira 1.526.000 euro (254 milioi pezeta). Horrek esan nahi du, Berriaren zenbaki bakoitzeko, Berria kaleratzen den egun bakoitzeko, 4.900 euro (800.000 pezeta) jaso ahal izango dituela Berriak.
" Informazio orokorrekoak eta espezializatuak diren euskara hutsezko aldizkariak (Argia, Bat, Jakin, Aizu …): % 9ko gehikuntza.
" Irratiak: % 9ko gehikuntza.
" Internet bidezko euskara hutsezko aldizkari eta egunerokoak: % 9ko gehikuntza.
" Prentsa lokala, hots, udalerri edo eskualde mailako egunerokoak eta aldizkariak: % 7,4ko gehikuntza.
" Toki telebistak: % 233,30eko gehikuntza.
" Ildo berria: gaztelania nagusi duten egunkarietan euskara hutsezko hedabide bat txertatzea (asteroko gehigarria).
Igoerarik nabarmenena izan duena toki telebisten arloa izan da (% 233,30eko gehikuntza, guztira 500.000 euro), eta horren arrazoia telebista lokalen munduari bultzada berezia ematea izan da, uste dugulako guztiz garrantzitsua dela horrenbeste telebista berri izango ditugun mundu honetan euskarak presentzia duina eta sendoa izatea. Ez da hau gainera telebisten inguruan eginiko apustu bakarra, TTDen dekretuan ere hizkuntza irizpideak sartu ditugu telebista guztietan (pribatuetan eta publikoetan) euskararen presentzia duina lortu asmoz. Gaztelania hutsezko telebistari ateak itxi dizkiogu, eta euskara hutsezkoari ireki bermatuz barruti eta telebista guztietan izango duela tokia euskarak.
Gaztelania nagusi duten egunkarietan euskarazko gehigarriak
Gure helburua euskararen presentzia hedabideen arlo guztietan areagotzea da, prentsa idatzian, irratietan, toki telebistetan... Euskal hiztunari eta euskara bigarren hizkuntzatzat eskuratu duenari euskararen ezagupena sendotzen lagundu behar diogu, bere eguneroko bizitzan euskara modu naturalean edozertarako erabil dezaten aukerak emanez eta harreman-sare euskarazkoak eskainiz.
Euskararen presentzia hedabideetan gero eta esanguratsuago egin nahian, gaztelania nagusi duten egunkarietan ere, euskal irakurle potentzialaren gehiengoak irakurtzen duen prentsan, euskara hutsezko gehigarriak sartzeko dirulaguntza-ildo berria jarri dugu. Erabakia ez da, kapritxoz edo arintasunez harturikoa, are gutxiago inor gutxiesteko asmoz hartutakoa. CIESen datuen arabera 887.000 irakurle dituzten egunkari horien hautua egiten duten euskal hiztunek euskaraz irakurtzeko aukera izan dezaten eta milaka herritar euskarazko hizkuntza-gaitasuna lantzeko aukeraz balia daitezen harturiko erabakia da. Eta inork hala pentsatu badu ere, gehigarrien ildo berriak ez du kaltetzen euskara hutsezko prentsa, eta bistakoa da gaztelaniazkoetako euskara hutsezko gehigarriak bultzatzea ez dela besteen kontura egiten (gogoratu euskara hutsezko prentsak % 9ko gehikuntza duela, eta prentsa lokalak % 7,4koa). Kontua ez da, beraz, bata ala bestea, biak baizik, lehentasuna euskara hutsezko prentsari emanez. Bien artean lehentasuna dagokio, jakina, lehenengoari eta hala adierazten dute guk ematen ditugun dirulaguntzek: gaztelaniazko prentsan euskarazko gehigarriak egiteko 507.650 euro jarri ditugun artean, prentsara destinaturikoaren %12 baino ez, euskara hutsezko prentsarentzat 3.437.150 euro jarri ditugu, gehigarrietarako halako zazpi. Benetan zaila euskararen eta hizkuntza politika eraginkor baten ikuspegitik bakarrik begiratuta (eta hori da Eusko Jaurlaritzari egitea dagokiona) Noticias, Gara, Deia, Correo edo Diario Vascon euskarak presentzia erakargarria eta irakurgarria izan dezan) interesatzen zaigula ukatzea.
Arlo estrategikoa bai, baina ez estrategiko bakarra
Euskarazko hedabideena arlo estrategikoa da, jakina baietz, baina ez da estrategikoa den bakarra. Helburua euskararen erabilera izanik, garrantzi handia dute hedabideek euskararen erabilera bultzatu eta areagotzerakoan. Euskara lagunarteko hizkuntza, entretenimendukoa eta egunerokotasunerako hizkuntza izan dadin garrantzitsua da gaurko gizarte modernoetan horrenbeste kontsumitzen diren hedabideetan euskararen presentzia gero eta handiagoa eta bikainagoa bermatzea. Eskolak euskaldundutako asko gaur egun, besteak beste, hedabideek erdalduntzen dute.
Horregatik dira estrategikoak hedabideak, erabilera bultzatzeko giltzarri direlako; baina oso irakurketa partziala da estrategikotasuna hedabideetara mugatzen duena, ez baitira hedabideak "estrategiko" bakarrak.
Erabilera bultzatzeko badira beste arlo estrategiko batzuk ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatu eta sendotu behar dituenak: helduen euskalduntze-alfabetatzea, lan-mundua, haur / gaztetxo / gazteek euskara aisian modu natural eta erosoan erabili dezaten euskarazko harreman-sareak sendotzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarari leku egokia egitea, euskarazko eduki digital ugari eta bikainak sortzea, administrazio publikoan euskara zerbitzu hizkuntza ezezik lan hizkuntza ere bihurtzea, EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) udalerriz udalerri gizarte-bizitzara zabaltzea.
Amaitzeko, ezinbestekoa den hausnarketa orokor bat egin nahi dut dirulaguntzei buruz. Ez da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza izango ezta Kultura saila ere euskararen normalkuntza bultzatzeko oro har, eta euskarazko hedabideak indartzeko edo euskararen presentzia hedabideetan areagotzeko, diru gehiago ez dela behar edo diru gehiago ezin dela erabili esango duena. Inoiz Legebiltzarrak hala erabakita diru gehiago badugu eskura, asmatuko dugu eraginkorki erabiltzen Baina diru gehiago erabili daiteke, eta gutxiagorekin ere biziraun liteke. Kontua, zera da: diru gehiago zertarako? Gauza bera egiteko, diru gehiago? Produktu berriak egiteko? Daudenak berritzeko? Daudenetariko batzuk gaur egun diren baino irekiagoak eta anizkoitzagoak egiteko? Ideologikoki hain lerratuak izan ordez, euskal hiztunen anizkoitasuna zintzo errespetatu eta euskal irakurle berriak irabazteko? Kalitatea hobetzeko? Galdera asko.
Kontua ez da euskarazko hedabideen erronka eta arazoak dirulaguntza publikoen zenbatekoarekin identifikatzea eta dirulaguntza publikoetara mugatzea: horrek, agian, norberaren kontzientzia lasaitzeko eta kudeaketa zuritzeko balio dezake, baina jarrera hori oso konformista irizten dut, eta geure buruak engainatzetik oso hurbil somatzen dut.
Euskarazko hedabideak ezin dira merkatuaren lege hutsetan eta errentagarritasun-irizpide soiletan tratatu. Hori oso garbi daukagulako ematen dira urtez urte dirulaguntza garrantzitsuak euskarazko hedabideentzako. Hemen ez dago dirulaguntza publiko garrantzitsurik jasotzen ez duen euskarazko hedabiderik. Baina arazoak ez dira konpontzen dirulaguntzekin bakarrik.
Gogoeta egin behar da ditugun hedabideez, orain arte egindako bideaz eta etorkizuneko perspektibei buruz, eta batez ere prentsaren eta irakurleen arteko erlazioaz. Finean, ez da ahaztu behar, irakurlea dela prentsaren epailea, prentsa ontzat ematen edo baztertzen duena. Alferrik da irakurketarako produktua irakurlerik ez badago, edo gero eta irakurle gehiago irabazten ez badira. Eta hainbat urteren ondoren badugu kezkatzeko motiborik.
Izan ere, hemen badugu eskaintza, egunkari bat eta aldizkari ugari, baina hedabideak eta erakunde publikoak dirulaguntza bidez urtetan egiten ari diren eginahalak ez dauka neurriko jarraipenik irakurle-kopuruari dagokionez. Irakurle kopurua estankatuta dago, 200.000 irakurle potentzial gehiago eduki arren euskarazko hedabideen kontsumitzaile-kopuruak ez du oro har gora egiten, hedabide batzuk irakurleen aldetik onarpen handia eta handitzen doana dute baina beste askok ez. Esate baterako, CIESen azken neurketaren arabera, 56.000 irakurle ditu Berriak: horrek esan nahi du, EAEko prentsa-irakurle guztien % 5,9a baino ez dela euskarazko egunkari bakarraren irakurle, herritarren heren bat denean euskal hiztuna.
Ez dakit zenbateraino ari garen euskarazko hedabideen irakurle izan litezkeen milaka euskal hiztunen espektatibak eta apetak asebetetzen. Kalitatea, anizkoiztasuna behar beste bermatzen ote dira? Eta galderekin jarraituz: dirulaguntza publikoen beharra, etorkizunean ere izango dena, zein neurritaraino onartu ahal izan beharko litzateke "behar" moduan, "beharra" "menpekotasun" bihur ez dadin? Dirulaguntza publikoen beharra koiunturala ez bada, nolakoa eta zein neurritakoa beharko luke herri aginteen erabaki-ahalmena? Hauek eta beste asko izan litezke gogoeta gai, hedabideek beraiek izan beharko lituzketen gogoeta gaiak, dirulaguntza gehixeago ala gutxixeagorekin zerikusirik ez dutenak, baina euskarazko hedabideen osasunarekin lotura zuzena dutenak.
Kontu guzti horietaz eta gehiagoz hausnartu beharra dago. Abenduaren 20an legealdiko jardun esparruak gizarteratu genituenean konpromisua hartu genuen hedabideen orain arteko bideaz eta etorkizunaz, eta euskarak hedabideetan izan beharko lukeen presentziaz ezinbestez egin beharrekotzat jotzen dugun hausnarketa egingo genuela. Hausnarketa horri lehenik erakunde publikoen artean helduko diogu, jarraian sektorearekin ere partekatzeko helburuarekin, elkarlanaren balioan zinez sinesten dugulako.
Azken urteetako Hedabideak deialdiaren datuak (pdf, 40 kB)
|