Adinera aspaldi heldu zen Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. XVIIIgarren aldia da aurtengoa. Hemezortzi urte betetzen ditu aurten, baina 18 urte betetzerako adin nagusitasuna eskuratua du zuen Andoaingo Udalak orain 18 urte Sari hau, bai, baina ez edozein eta edozein eratako euskarazko kazetaritza. Ez. Rikardo Arregiren beraren obra eredutzat hartu, eta euskarazko kazetaritza prestu eta modernoa, eredugarri izango zena, anizkortasuna islatuko zuena, kalitatezkoa zena, eta horrexegatik guztiagatik bide erakusle izan zitekeena bultzatu eta indarberritzea helburu hartuta sortu zuen, 1988an, Andoaingo Udalak sari hau. Harrezkero, urtero, hutsik egin gabe, eman izan dira sariak, Eusko Jaurlaritzak babestu eta bultzatu egin ditu, eta sariaren xedea –eta, batez ere, sariaren ibilbidea kontuan izanda- euskarazko kazetaritzako sari nazionala dela esan dezakegu Rikardo Arregi Kazetaritza Saria.
Eusko Jaurlaritzaren babesa, bultzada eta errekonozimendua aitortzea da gaurko nire parte hartzearen helburua, eta, bide batez, gogoeta labur bat gizarteratzea eta dei bat egitea.
Gogoetari dagokionez. Urteurren ugari eta era askotarikoak gogoratuko ditugu aurtengoan, 2006. urte honetan. Euskarazko kazetaritzan mugarri izan zen 1976. urtearen hogeita hamargarren urteurrena betetzen dugu aurten, eta urteurren horien artean badira bi euskarazko kazetaritzari zuzenean lotuak, ondorengoak:
Bata: 1976ko martxoaren 27an Herri Irratiak 24 Orduak euskaraz programa burutu zuen. Aldarrikapena eta ezina ekinez egina, irratian 24 orduak euskaraz egitea, etenik gabe, euskarak errekonozimendurik ez zuen garai batean, non eta noiz demokrazia oraindik nahia zenean, eta herri eta gizarte honek ez zuenean orduan oraindik inongo aitortzarik eta aginte-tresnarik.
Bestea: Urte berean orduko euskal prentsak, garai hartako Zeruko Argiak, Anaitasunak, Goiz Argik eta Agur aldizkariak “euskal prentsaren urtea” deitu zuten. Eta euskarazko hedabideen aldeko aldarrikapena egin zuten.
Kazetaririk gabe ez dago kazetaritzarik, eta bi mugarri hauen harira urte hartan, euskaraz zekiten kazetarien errolda-edo egin zen, 1977. urteko Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian argitaratu zena. Azterketa edo errolda hartan ageri zenez, garai hartan euskara ulertzeko gai ziren kazetariak berrehun bat eskas ziren Euskal Herri osoan, eta horietatik dozena pare bat baino ez, ez ziren iristen, euskaraz lan egiteko gai zirenak.
Ikusi non geunden eta non gauden. Orain 30 urteko dozena pare eskas haren tokian, gaur ehunka dira euskaraz lan egiteko gai diren kazetariak. Ez bakarrik gai direnak: ehunka dira gaur beren lana egin ere euskaraz egiten duten kazetari profesionalak. Eguneroko prentsa dugu, ehundik gora aldizkari ditugu, eta ETB, Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea hedabide publikoen ondoan, ekimen sozialeko telebista eta irrati mordoan du presentzia gaur euskarak. Eta hori guztia posible da, besteak beste, lana euskaraz egiten duten ehunka kazetari ditugulako. Gaur kazetaritza ikasketak euskaraz egin daitezke, eta asko dira hala egiten dutenak.
Urteurren hauek balio izan beharko ligukete etorkizunari begiratzeko. Asko da, handia eta oparoa da, egindako bidea, baina gehiago da, handiagoa da egiteko geratzen zaiguna, eta gainera egindakoa bera baino ere oparoagoa izan dadin saiatu behar dugu. Urteek dakarzkiguten gogoetak ezin hobeak dira perspektiba ez galtzeko, baina aurrera bidean beti. Euskarak arnasa behar du, euskaraz bizitzeko airea behar da, aukerak behar dira: arnasa hartzeko aire horretan oso garrantzitsua da euskarazko informazioak eta komunikazioak duen pisua.
Hasierara itzuliz, ordea, ez nolanahiko euskarazko informazio eta komunikazioa, baizik eta kalitatezkoa, kalitatearen eta anizkortasunaren ikuspegitik erreferentziazkoa eta eredugarria den informazio eta komunikazioa. Horretan eragile, akuilu eta bultzatzaile izatea da Rikardo Arregi Sariaren bokazioa, eta 18 urte hauetan egin duen bidea horretan egin du. Oso eskaparate adierazgarria da Sari honetan 18 urteotan sarituak izan diren lanen zerrenda, hor ere ikusten baita zer-nolako bilakaera izan duen euskarazko kazetaritzak 18 urteotan.
Arrazoi hauengatik Hizkuntza Politikako Sailburuordetza bereziki eta Kultura Saila oro har Rikardo Arregi Kazetaritza sariarekin izan da, sariarekin dago eta sariarekin egongo da. Horren lekuko, gure deia: Hizkuntza Politikarako sailburuordea naizenez euskaraz lan egiten duten kazetariei Rikardo Arregi Kazetaritza sarietan parte har dezaten egiten diedan deia.
Patxi Baztarrika Galparsoro
Hizkuntza Politikarako sailburuordea
|