"Keinuak baino ekintzak behar" direla eta Espainiak "eleaniztasunean sinisten hasi beharko" lukeela
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak Estatuari eskatu dio "indarrean dauden legeak bete" ditzala eta "konpromiso handiagoa" har dezala Estatuko hizkuntza koofizial ezberdinekiko. Adierazi du, baita ere, euskara, katalana eta galegoaren egoera sozialak, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitatek eta Galiziako Xuntak hizkuntza propioak sustatzeko duten politikei esker erkidego horietan "nabarmen aurrera egin badu ere, Estatu espainiarrak, eta bereziki Gobernu zentralak, ez du prozesu hau ardura berarekin bere gain hartu", zeinaren hizkuntza politikoak demokraziazko azken 30 urteotan onarpen behartua izan du "beste erremediorik ez dagoelako", eta beste hizkuntza koofizialiekiko erresistentzia izan dituen ezaugarri. "Eta hori guztia jakinda ere botere publikoaren obligazioa, Konstituzioa jarraiki, hizkuntza koofizialak errespetatu, bultzatu eta sustatzea" dela, gehitu du sailburuordeak bere mintzaldian, gaur arratsaldean Madrilen, Palabras y mundos. Informe sobre las lenguas del mundo txostenaren aurkezpenean. Argitalpen hau urte askotako lanaren emaitza da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin pasa den urtean ingelesez eta euskaraz argitaratu eta gero, oraingoan Icaria argitaletxeak argitaratu du gaztelaniaz .
Marie-Amèlie Ponce (Linguapax Institutua- Catalunyako UNESCO), Mikel Mancisidor (UNESCO Etxeko Zuzendaria) eta Belen Uranga and., Txostenaren egileetako bat ondoan izan dituelarik, Baztarrikak azaldu du Eusko Jaurlaritzaren ustez, hizkuntza dibertsitatea komunitatea aberasten duen "ondasun" bat dela, "mundua ikusteko modu berezi bat, herritarren ordezkariak diren erakundeek babesteko eta sustatzeko ondare bat eta elkarbizitza nahiz integrazio sozialerako faktore nagusietako bat". Adibide bat ere jarri du, esanez "Estatu espainiarrean, biztanleen "ia erdia" gaztelaniarekin batera hizkuntza koofiziala duen erkidegoetan bizi dira. "Txikitatik, berrogeita hamar milioi europar ingurune elebidunetan hazten gara, ama hizkuntza bat edukiz, hiritar garen Estatuaren hizkuntza nagusitik ezberdina". "Beraz, esan genezake elebakartasuna salbuespena dela, eta eleaniztasuna, araua".
Gogorarazi ondoren Estatu espainiarra eleanitza dela, Baztarrikak kritikatu du gaur egun, instituzio mailan, "oraindik urrun" gabiltzala "hizkuntza dibertsitateari buruzko ikuspegi ekologikoa egiazki partekatzetik". Bere ustez, nahiz eta egia ere baden euskara, katalana eta galegoaren egoera sozialak, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitatek eta Galiziako Xuntak, "berezko hizkuntzak" sustatzeko duten politikei esker, "gure erkidegoetan nabarmen aurrera egin duela, Estatu espainiarrak, eta bereziki Gobernu zentralak, "ez du prozesu hau ardura berarekin bere gain hartu".
Sailburuordearen iritziz, Estatu espainiarreko hizkuntza politikoak demokraziazko azken 30 urteotan, atzerapen politikoa, onarpen behartua "beste erremediorik ez dagoelako", eta beste hizkuntza koofizialiekiko erresistentzia izan dituzte ezaugarri. "Eta hori guztia jakinda ere botere publikoaren obligazioa, Konstituzioa jarraiki, hizkuntza koofizialak errespetatu, bultzatu eta sustatzea dela".
Baztarrikak 1978ko Espainiar Konstituzioa aipatuz jarraitu du bere mintzaldia. Bertan aldarrikatzen da "espainiar beste hizkuntzen" ofizialtasuna bakoitza bere erkidegoan, eta 33. artikuluan "Espainiako hizkuntza modalitate ezberdinen aberastasuna kultur ondasuna dela eta errespetu berezia eta babesa izango duela". Halaber, 20.3 artikuluan dio Estatuaren menpekoak edo beste edozein erakunde publikorenak diren komunikabideetan "gizartearen eta Espainiako mintzaira ezberdinen aniztasuna errespetatuko". Dena den, gaineratu du Gobernu ezberdinek, Estatuaren erakunde zentralek, administrazio perfierikoak eta RTVEk egindako politika ikusita, ondoriozta daitekeela Estatuaren Administrazioak ez duela "Konstituzioa betetzen" eta, praktikan, Espainia estatu "elebakarra balitz bezala jokatzen" duela, beste hizkuntza koofizialiekiko errespetu adierazpenak "noizbehinka eta modu behartuan eginez".
Nahiz eta onartu egungo Gobernuaren aldetik "Estatuko beste hizkuntza koofizialekiko "kompromiso handiagoa" erakusten duten "keinuak antzematen" direla, nabarmendu du , orain, Konstituzioak 30 urtetik gora dituela, keinuak baino "ekintzak behar" direla. "Bada garaia Estatuaren erakundeek beren konpromiso argia eta eraginkorra erakuts dezaten hizkuntza koofizialekiko. Bada garaia Estatuko erakundeek pedagogia soziala egin dezaten eleaniztasun erreal eta eraginkor baten alde".
Sailburuordeak azpimarratu du gaur egungo errealitatean ez direla "berdintasun osoko baldintzak ematen herritar euskaldunek, katalanek eta galiziarrek beren aukerako hizkuntza bizitzako alderdi guztietan erabil dezaten bermatuko dutenak". "Estatuko erakundeen aldetik, ezta, ez da sustatu erkidego elebakarreko espainiar herritarrek eleaniztasun linguistikoa errespetatu eta estimatzea". Gaineratu du hutsune hori, besteen artean, Europar Kontseiluko Adituen Batzordeak Espainiari dagokion atalean adierazi zuela; baita ere erakunde ezberdinen "Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna betetze-maila aztertu" zuela. Sailburuak azaldu du Estatu espainiarrak aipatu Ituna sinatu arren, Batzordeak "ez nahiko" jarri diela Estatuko botere publikoei eta "gomendatu" diela, beste gaien artean, "Estatuak erregio edo gutxiengo hizkuntzen elementu historiko eta kulturalak ikasketen programa nazionalean sartu beharko" lituzkeela.
Aldi berean, azpimarratu du Estatuaren ardurapeko hezkuntza sistemaren eta hedabideen aldetik "ezer gutxi egiten" dutela gaztelaniarekin batera koofizialak diren hizkuntzen alde, eta utzikeria hori Konstituzioaren testua ez betetzea dakarrela "Gobernu zentralak eta Estatuaren erakundeen aldetik. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak baztertze politika horiek eta "laissez-faire" politikak "alde batera uztera" dei egin du eta aldiz Estatuaren aginte zentralen aldetik "plurilinguismoaren aldeko bideak jorratzeko deia egin die".
Baztarrikak argi utzi nahi izan du euskara, katalana eta galegoaren berdintasunaren aldeko ekintzabidea ez dela inoren kontrakoa are eta gutxiago gaztelaniaren aurkako, aldiz "uste dugu gure hizkuntzen alde egiten duguna elkarbizitzaren alde egiten dugula, hizkuntza guztiak komunikaziorako eta integraziorako baitira", are gehiago gure hizkuntzen biziberritzea "gizarte integrazioa eta elkarbizitza sendotzen ditu eta guretik Europako berezko ezaugarria den hizkuntza eta kulturaren aniztasunari egin diezaiokegun ekarpenik hoberena da".
Sailburuordeak azpimarratu nahi izan du hizkuntza aniztasuna ez dela, inondik ere, arazoa aukera baizik. "Babelgo dorrea ez da madarikazioa, gizartearen aniztasuna aberasteko eta elkarbizitza sendotzeko aukera ezin hobea baizik". "Kulturen eta hizkuntzen elkarbizitzarik gabe zaila da, ezinezkoa ez esateagatik, gizarte kohesioa" . " Gakoa ez datza desberdintasunean oinarritutako koexistentzian, hizkuntzen arteko benetako elkarbizitzan baizik". Baztarrikaren aburuz, hizkuntza gutxituen aldeko jarrera berdintasunaren aldeko jarrera da eta kultura biodibertsitatearen aldeko jarrera. "Espainiak plurilinguismoan sinetsi eta hori praktikan jarri beharko luke; Espainiak bere baitan dituen hizkuntzen eta kulturen aniztasuna onartu beharko luke eta horren bidetik jardun, hezkuntza sisteman, Estatuaren herri-hedabideetan, erakunde zentraletan zein administrazio periferikoan".
|