2006ko Euskararen Nazioarteko Egunean aldarrikatu nahi dugun mezuak bi oinarri ditu: elkarbizitzaren oinarria eta hizkuntza-aniztasunaren oinarria. Bi zutoin horietan oinarritzen da euskararen garapenaren alde Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Eusko Jaurlaritzak zabaldu nahi duen mezua.
Mezu hori zabaltzeko UKAN elkarbizitzaren birus osasungarriaren laguntza paregabea daukagu aurten. Aurten identifikatu dute birus hori. Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean iritsiko da bere lehen helmugara. Baina egiteke geratzen zaion itzulia luzea da, eta Euskararen Egunaren ondotik ere bere itzulia egiten jarraituko du. Hain da osasungarria eta maitagarria UKAN birusa, Euskararen Nazioarteko Egunean indarberriturik aterako baita bere burua kutsatu nahi duten euskal herritar guztiak kutsatzen jarraitzeko. Dagoeneko badakizue zer den UKAN birusa:
- elkarbizitza hobetzen duen eta intransigentziaren aurka inmunizatzen gaituena,
- kutsatu ahala gizarte eleanitz eta aberatsa dakarrena,
- gizarte-kohesioa suspertzen duena,
- hiztun eta kultur komunitateen artean zubiak eraikitzen dituena.
UKANek bikain biltzen ditu bere baitan euskararen normalkuntzaren aldeko jardunaren nondik norakoak. Horregatik biltzen ditu modu ezin hobean Euskararen Egun honetako mezuaren adar ugariak, jarraian adieraziko ditugunak.
Elkarbizitza da edozein gizartek bere buruari opa diezaiokeen helbururik garrantzitsuena: elkarbizitza orekatu eta justiziazkoa, pertsona guztien aukera-berdintasuna eta herritarren eskubideen bermean oinarrituriko elkarbizitza, gizartea berdintasunaren gailurretik hurbil eta bazterketa orotatik urrun gordetzen duen elkarbizitza.
Berdintasuna da bidea, elkarbizitza orekatua eta errespetuzkoa da helburua. Herritarron elkarbizitza orekatua eta berdintasuna nagusi dituen gizartea eraikiko badugu, derrigorrezkoa da errealitate linguistikoari erreparatzea. Aukera linguistiko berdinik gabe ez dago berdintasun sozial erabatekorik.
Ez dago hizkuntza txikirik. Ez dago hizkuntza bat bestea baino txikiagorik, perfektuagorik, zailagorik, ederragorik. Egon, hizkuntza hegemonikoak eta hizkuntza ez hegemonikoak daude. Testuinguru historikoak, soilik aginte eta botere kontuekin zerikusia duten arrazoiek egin dituzte hizkuntza batzuk hegemoniko eta besteak ez hegemoniko edo menpeko, ez hizkuntzaren berezko izaera edo balioak. Beraz, hizkuntza guztiek arnasteko premia bera dute, airearen beharra ere berbera. Euskarak ere guztion babesa eta arnasa behar ditu, gutariko bakoitzaren leialtasuna, gizarte osoaren atxikimendua. Horiek gabe alferrik dira gainerako babes guztiak. Euskarak nahitaez behar duen oxigenoa horixe baita: gizarte osoaren inplikazioa eta konpromisoa islatuko dituen adostasun zabala, etengabe elikatu, handitu eta berritu behar den adostasuna.
Hizkuntza bat galtzea, edo ahultzea, espezie bat galtzearen antzekoa da. Gizarte osoaren ondare eta komunikaziorako tresna baitira hizkuntzak. Horregatik dira elkarbizitzarako tresna ezinbestekoak. Eta hain zuzen ere horregatik da guztien egitekoa euskarari arnasbidea ematea. Izan ere, globalizazioaren garaiotan, eleanitza eta aldi berean gero eta txikiagoa den mundu handi honetan, geureak hiru hizkuntza -euskara, gaztelania eta frantsesa- ditugun gizarte honetan, hizkuntza-aniztasunaren alde lan egiteak, hizkuntzen kontserbaziorako ekologismoa burutzeak, euskararen erabilera zabaldu, bultzatu eta normalizatzea eskatzen du. Eta hizkuntzak integraziorako eta elkarren arteko errespetua gordetzeko tresnak direlako, inork ez luke -absurdoa baita- euskararen aldeko lana gaztelaniaren edo frantsesaren aurkako jardueratzat hartu behar, eta inork ez lioke pixkanaka euskara eta beste bi hizkuntzen arteko berdintasun soziala lortzeko ahaleginari bizkar eman behar. Inork eta ezer positibok ez du ezer galtzekorik gure hizkuntzen berdintasun soziala lortzearekin, eta irabaztekoa, aldiz, guztiok daukagu.
Mundu zabalean zehar normala eta ohikoa elebitasuna eta eleaniztasuna dira. Hori da araua, elebakartasuna da salbuespena. Eta gure gizarte honetan ere elebitasuna da aberastasun iturri, eta elebidun denak ekarpen handiagoa egiten dio guztion arteko elkarbizitza orekatuari. Izan ere, elebidunak bi hizkuntzen artean hautatzeko aukera dauka, eta elebidun direnen aukera egiteko eskubidea bermatzen du. Horregatik da elebitasuna aberastasun eta askatasun iturri.
Elkarbizitza orekatua, aukera-berdintasuna, herritarren eskubideen errespetua, kultur ondarearen kontserbazioa, gizarte-kohesioa: horiek dira helburuak, guztiak ere helburu zoragarriak, mesedea besterik ez dakarkiotenak gutariko bakoitzari, edozein delarik ere gutariko bakoitzaren pentsamolde politiko, ideologiko edo erlijiosoa, edozein delarik ere gutariko bakoitzaren eguneroko hizkuntza, edozein delarik ere gutariko bakoitzaren jatorria. Helburu horietarantz iristeko ezinbestekoa da -ez behar bestekoa, baina bai nahitaezkoa- euskararen erabilera bultzatu, sendotu eta normalizatzea. Izan ere, euskarak salbatzaileak ez baizik eta hiztunak behar baititu, miresleak ez baizik eta erabiltzaileak behar baititu, hizkuntza-aukera berdintasuna gure gizarteko eguneroko bizitzan eta eremu ugarietan benetan errespetatua izatera iritsiko bagara.
Elebitasuna eta eleaniztasuna ditugu gogoko eta helburu. Elebakartasuna ez dugu helburu, ez eta euskararen elebakartasuna bada ere: ez bakarrik ezinezko delako, nahi ere nahi ez dugulako baino. Hizkuntzen aberastasunean sinesten dugulako eta herritarren aukera-berdintasunarekin konprometiturik gaudelako eta geurea dugulako suspertu eta indartu nahi dugu gure hizkuntzen artean ahulena dena, euskara. Eta euskara indartuz gure gizarteko hizkuntzen arteko elkarbizitza eta gure gizartearen kohesioa indartu nahi ditugu.
Horrela, bada, Euskararen Nazioarteko Egun honetan, UKAN birusaren eskutik, aparteko aipamena merezi dute euskara gizartean normaltzeko ibilbidean euskara ikasteko ahalegina egin dutenek. Lana, denbora eta dirua ere jarrita elkarbizitzaren alde haiek egindako ekarpena azpimarratu eta aparteko indarrez eskertzekoa da. Euskal hiztunon eta euskal herritar guztien aparteko aitormena merezi dute euskara etxean ikasi ez eta ahalegin pertsonal itzelari esker beren burua euskaldundu dutenek. Euskaldun berrien ahaleginak guztion elkarbizitza sendotu du. Eta, haiekin batera, guztion aitormena eta esker ona merezi dute euskarari egunero arnasa ematen dioten pertsona guztiek: haurrak euskaraz eskolatzen ari diren guraso erdaldunak, euskara ikasten ari diren guztiak, euskarari egunero kalean, lantokian eta nonahi arnasa ematen diotenak, euskarak behar eta merezi duen botikarik onena erabiliz: euskaraz, bakoitzak dakien neurrian, hitz eginez.
Donostia, 2006-11-28
Patxi Baztarrika
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea
|