Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Bidegileak bildumaren zenbait sortaren aurkezpen-ekitaldian egindako hitzaldia (Donostia, 2006ko martxoaren 15a)


Ongi etorri guztiok ekitaldi honetara. Eskerrik asko bertaratu zareten guztioi.

Ohore handia da niretzat BIDEGILEAK bildumaren sorta baten, sorta honen, aurkezpena egiteko aukera izatea. 1988an kaleratu zen lehen sorta: benetako bidegile eta bide-erakusle izan ziren Julene Azpeitia, Orixe, Manuel Lekuona eta Koldo Mitxelenari buruzko lau liburuxkarekin inauguratu zen BIDEGILEAK bilduma, lau haiek osatu zuten lehen sorta hura 1988an. Harrezkero, 18 urte hauetan zehar, ehundik gora bidegileren bizitza, obra eta pentsamenduari buruzko dibulgazio-lanak idatzi eta argitaratu dira bilduma honetan. Ehundik gora dira, baita ere, lan hauetan idazle izan ditugunak.

Izango da honetan ere, nola ez, zer hobeturik, baina esango nuke, BIDEGILEAK bildumaren balantzea benetan dela oparoa: oparoa, helburua kontuan harturik; oparoa emaitza kontuan harturik; oparoa beren lana aitortu izan zaien eta ezagutzera emanak izan diren bidegile eta bide erakusleen kopuru eta kalitateagatik, eta oparoa parte hartu duten idazle edo egileengatik ere.
 
Gaur hemen beste lau sorta (39 - 42) aurkeztera etorri gara: beste lau sorta, beste hamasei bidegile bikain gehiagoren lana aitortzea eta modu erraz, didaktiko eta erakargarrian ezagutzera ematea lortu da liburuxka hauetan. Eta hori horrela da hamalau idazlek egin duten lanari esker.

Nire lehen hitzak izan bitez, bada, eskerrak emateko. Eskerrak emateko eta aipamen berezia egiteko gaurko lau sorta hauetan jasotako hamasei bidegileen familiartekoei eta lagunei. Eskerrak eta aipamen berezia zuei lan hau egin ahal izateko eman duzuen laguntzagatik, eskaini duzuen informazioagatik, idazleen esku jarri dituzuen material eta argazkiengatik. Eskerrik asko.

Eskerrik asko, baita ere, nola ez, idazleoi, hamasei bidegile hauen berri herritarrei modu gozagarrian eta nekerik gabe eskuratu ahal izateko modua egiten asmatu duzuelako. Eskerrik asko idazle guztioi.

Eta eskerrik asko, nola ez, bildumaren zuzendari eta koordinatzailea den Mikel Atxagari. Bidegileak bildumak bidegile bat behar zuzendari, eta ez da dudarik bidegile eta bide erakusle fin eta sendoa dugula Mikel Atxaga. Eta eskerrik asko HPSko Igone Etxebarria zuzendariari eta teknikariei, bereziki Roman Berriozabali eta Txetxu Lopez de Sosoagari.

Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak bultzatzen duen BIDEGILEAK bildumaren bidez, euskalgintzan bidegile izan diren pertsonak aitortu eta ezagutarazi nahi ditugu.

Gaur aurkeztera goazen ale berrietako protagonistak askotarikoak ditugu: baditugu idazleak eta euskararen ikerlariak, baditugu kazetariak, musikariak, eta baditugu irakasleak, ikastolen eta euskarazko hezkuntzaren bultzatzaileak. Baditugu nafarrak, baditugu iparraldekoak, baditugu hegoaldekoak. Emakumeak eta gizonezkoak ditugu. Guztiak ekintzaile amorratuak eta konprometituak. Horixe dute guztiek amankomunean: berealdiko lana egina dutela euskararen eta euskal kulturaren alde.

Ez zaituztet hitzaldi luzeekin aspertu nahi. Baina BIDEGILEAK dela-eta hiruzpalau ideia edo mezu azaldu nahi ditut Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren ardura dudanez.

Lehen mezua. Gizalegezkoa da egindako lana aitortzea. Bidegile izan ditugun herritarren lana aitortzeko obligazioa daukagu. Zordun gara haiekiko, eta eskerroneko izatea dagokigu. Esker txarreko den gizarteak ezin du ezer onik espero. Koldo Mitxelena maisuak idatzi zuen honako hau: "zorrak aitortzea eta ezagutzea dagokio zordun onari, pagatuko ez baditu ere. Horrelako eginkizunetarako ez dugu gure artean ez gogorik ez girorik izan". Bi mezu ditugu hitz horietan: zorrak pagatu ez, baina aitortu behintzat egiteari buruzko mezua, bata. Eta beste mezua: zer esan nahi ote zuen "horretarako ez dugu gure artean ez gogorik ez girorik izan" esan zuenean? Horretaraxe dator bigarren ideia.

Bigarren mezua. Koldo Mitxelenaren beraren beste pasarte batek jasotzen du erantzuna, eta horixe bera da nik hona ekarri nahi dudan bigarren mezua. "Euskal Herria, -zioen Mitxelenak-, oraingo Euskal Herria, ez dugu gehienok behar bezala ezagutzen; lehengoa, berriz, are gutxiago (…) Nola izango dugu, bada, gure historiaren berririk? Zerbait ezagutuko baldin badugu (…) izatez izan behar du aurrenik eta ez da oraingoz (…) euskal historiaren izena merezi duen gauzarik".

Arrazoi zuen, beste behin gehiagotan, Mitxelenak. Izan garena ezagutzea ezinbestekoa dugu, beharrezkoa dugu iragana ezagutzea, iragan urruna eta hurbilekoa, aspaldikoa eta oraintsukoa. Izan garenari eta gure kultur oroimen historikoari bizkar emanda, ezin baita etorkizuna eraiki. Beste gauza askotan bezala honetan ere zabarkeria da ororen gainetik uxatu beharko genukeen etsaia. Jaso ezean galtzear legokeen oroimen hori jasotzera, oroimen hori gordetzera, eta oroimen hori ondorengo belaunaldiei transmititzera dator, bere apaltasunean, BIDEGILEAK bilduma. Oroimena transmititu euskaraz sortu den kultura maita dezaten, jakina baita maitatuko bada behar-beharrezkoa dela ezagutzea.

Hirugarren mezua. Bernardo Atxagaren pasarte bat baliatuko dut mezu hau emateko. Bernardo Atxagak idatzia da hau: "horregatik dabil bizkor gaztelera eta makal euskara: jendeak berealdiko gauza pila egiten dituelako euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egin". Euskararen erabileraren aldeko aldarrikapen zorrotza da hitz horiekin gure idazleak egindakoa.

Euskararen gaur eguneko erronka nagusia ezaguna dugu: jadanik erabilia den eremuetan gehiago erabiltzea eta, gainera, erabilera esparru berriak irabaztea. Hamasei bidegileok egindako lana eredugarri da horretan ere. Gaur hemen aurkezten ditugun hamasei bidegileok bidegile baldin badira besteak beste hain zuzen ere dira euskara erabili egin dutelako, euskaraz idatzi egin dutelako, euskalgintzaren eta euskal hezkuntzaren eragile izan direlako, kazetaritza edo musika didaktika bera ere, edota erlijio gaiak, euskaraz jorratu zituztelako.

Laugarren -eta azken- mezua. Hizkuntzarekiko leialtasunaren, konpromisoaren eta inplikazioaren aldeko mezua, hau ere gaur hemen aurkezten ditugun bidegileen traiektoriarekin guztiz bat datorrena eta berealdiko gaurkotasuna daukana.

Hizkuntza indartsuen artean bizi izan da, eta bizi da, eta biziko da, euskara. Askotan sinestarazi ohi digute hizkuntza batzuk beste batzuk baino hobeak direla. Izan bada, noski, hizkuntza indartsuagorik eta hizkuntza ahulagorik. Baina izan ez da hizkuntza onik eta txarrik, egon ez dago hizkuntza txikirik, ez dago hizkuntza pobrerik, ez dago honetarako edo hartarako balio ez duen hizkuntzarik. Hizkuntzarekin batere zerikusirik ez duten beste zirkunstantzia sozial, politiko eta kultural batzuk dira hizkuntzen arteko desberdintasunak eragiten dituztenak.

Eta zirkunstantzia horien artean, bistakoa da, gurea bezalako hizkuntza batek, euskarak, gaur dagoen baino indartsuago egotera iristen denean ere, orduan ere, gaur egun bezala, nahitaez beharko dituela herri-aginteen bultzada eta hizkuntza politika sustatzailea. Orduan ere nahitaez beharko dituela diru publikoak. Hori guztia ukaezina eta bistakoa da. Baina horren guztiorren ondoan, hori guztia adina edo gehiago, eta hau da azpimarratu nahi dudana, euskararekiko eta euskarazko kulturarekiko atxikimendua, leialtasuna, konpromisoa eta inplikazio pertsonala erakutsi beharko dute, beharko dugu, herritarrok. Gutariko bakoitzaren konpromiso praktikoa izango da bitamina, eta gutariko bakoitzaren utzikeria izango litzateke hondamendia. Eta gutariko diodanean, guztiona esan nahi dut: euskaraz dakigunona eta gaur oraindik ez dakitenena.

Hortaz oso nabarmen jabetu ziren gure gaurko 16 bidegileak, eta hain zuzen ere horrexegatik, konpromiso eta inplikazio pertsonal hori izan dutelako izan dira guztiak ere, bakoitza bere esparruan eta moduan, euskararen eta euskal kulturaren militante. Eta, gainera, beren artean badago euskaldun berririk. Alegia, euskara ez dela euskaraz dakigunon kontua bakarrik, hori ere erakusten digute bidelagun hauek.

Eskerrona eta zorrak aitortzea, oroimen historikoa ezagutzera ematea, euskararen erabileraren aldeko aldarrikapena egitea eta gutariko bakoitzaren euskararekiko inplikazio pertsonala azpimarratzea: horiexek dira, bada, BIDEGILEAK bildumaren eskutik azaldu nahi nituen lau mezuak.

Orain hitza Mikel Atxagari emango diot. Bera da bildumaren zuzendari eta koordinatzailea, eta inor ez bera baino egokiagorik sorta honetako liburuxkei buruzko xehetasunak emateko.


Patxi Baztarrika Galparsoro
Hizkuntza Politikarako sailburuordea

Azken eguneratzea: 2006/04/06