Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Bidegileak 43 eta 46 sorten aurkezpen ekitaldia (2007-02-26)


Ongi etorri guztiok ekitaldi honetara. Eskerrik asko bertaratu zareten guztioi.

Ongi etorria Miren Dobaran zuzendari berriari.

1988an kaleratu zen BIDEGILEAK bildumaren lehen sorta. Dibulgazio-lanez osatutako bilduma honen helburua hauxe da:  euskalgintzan, gure hizkuntzari lotutako ekimenetan, era batera edo bestera aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak, eta haien lana eta pentsamendua ezagutzera ematea,  horixe da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen duen bilduma honen helburua. 1988an lehen bilduma kaleratu zenetik gaur arte, 19 urte hauetan zehar, ehun eta berrogeita hamarretik gora bidegileren bizitza, obra eta pentsamenduari buruzko dibulgazio-lanak idatzi eta argitaratu dira bilduma honetan. Ehundik gora dira, baita ere, lan hauetan idazle izan ditugunak.

Gaur hemen beste bi (43 - 46) aurkeztera etorri gara: beste bi sorta, beste zortzi bidegile bikain gehiagoren lana aitortzea eta modu erraz, didaktiko eta erakargarrian ezagutzera ematea lortu da liburuxka hauetan. Eta hori horrela da zortzi idazlek egin duten lanari esker.

Nire lehen hitzak izan bitez, bada,  eskerrak emateko. Eskerrak emateko eta aipamen berezia egiteko gaurko lau sorta hauetan jasotako zortzi bidegileen familiartekoei eta lagunei. Eskerrak eta aipamen berezia zuei lan hau egin ahal izateko eman duzuen laguntzagatik, eskaini duzuen informazioagatik, idazleen esku jarri dituzuen material eta argazkiengatik. Eskerrik asko.

Eskerrik asko, baita ere, nola ez, idazleoi, zortzi bidegile hauen berri herritarrei modu gozagarrian eta nekerik gabe eskuratu ahal izateko modua egiten asmatu duzuelako. Eskerrik asko idazle guztioi.

Eskerrik asko HPSko Miren Dobaran zuzendariaren aurretik lan honetan jardun duen Igone Etxebarriari, eta teknikariei, bereziki Roman Berriozabali eta Txetxu Lopez de Sosoagari.

Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak bultzatzen duen BIDEGILEAK bildumaren bidez, euskalgintzan bidegile izan diren pertsonak aitortu eta ezagutarazi nahi ditugu.

Gaur aurkeztera goazen ale berrietako protagonistak askotarikoak ditugu. Geroxeago emango digute nik baino hobeto beren berri. Bizkaitarrak eta gizpuzkoarrak ditugu gaurko sorta hauetan, emakumeak eta gizonezkoak ditugu. Guztiak ekintzaile amorratuak eta konprometituak. Horixe dute guztiek amankomunean: berealdiko lana egina dutela euskararen eta euskal kulturaren alde.

Etzaituztet hitzaldi luzeekin  aspertu nahi. Baina BIDEGILEAK dela-eta, zuen baimenarekin  bizpahiru mezu labur azaldu nahi ditut Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren ardura dudanez. Esan asmo dizuedana bi ideietan oinarritzen da. Aspaldiko esaerak dioen hura batetik: "izan direlako gara"; eta poetak esana utzitako hura bestetik: "edan iturri zaharretik ur berria". Bi horiek nik uste bikain laburbiltzen dutela BIDEGILEAK bildumaren muina:  "izan direlako gara" eta "iturri zaharretik edan ur berria".

Lehenengo mezua. Gizalegezkoa da egindako lana aitortzea. Bidegile izan ditugun herritarren lana aitortzeko obligazioa daukagu. Zordun gara haiekiko, eta eskerroneko izatea dagokigu. Esker txarraren eta ahanzturaren gainean ezinezkoa baita ezer onik eta oparorik eraikitzea.

Bigarren mezua. Koldo Mitxelenaren pasarte batean ageri dena da nik hona ekarri nahi dudan bigarren mezuaren abiapuntua. "Euskal Herria, -zioen arduraz beterik Mitxelenak-, oraingo Euskal Herria, ez dugu gehienok behar bezala ezagutzen; lehengoa, berriz, are gutxiago".
 
Arrazoi zuen, beste behin gehiagotan, Mitxelenak. Izan garena ezagutzea ezinbestekoa dugu, beharrezkoa dugu iragana ezagutzea, iragan urruna eta hurbilekoa, aspaldikoa eta oraintsukoa. Izan garenari eta gure kultur oroimen historikoari bizkar emanda, ezin baita etorkizuna eraiki. Beste gauza askotan bezala honetan ere zabarkeria da ororen gainetik uxatu beharko genukeen etsaia. Jaso ezean galtzear legokeen oroimen hori jasotzera, oroimen hori gordetzera,  eta oroimen hori ondorengo belaunaldiei transmititzera dator, bere apaltasunean,  BIDEGILEAK bilduma. Oroimena transmititu euskaraz sortu den kultura maita dezaten, jakina baita maitatuko bada behar-beharrezkoa dela ezagutzea.

Barregarria badirudi ere, gure artean zenbaitetan entzuten direnak entzunda, badirudi oso erraz erortzen garela euskararekiko konpromisoa eta euskararen aldeko ekimena eta euskarazko sorkuntza ia-ia gure eskutik, norberaren eskutik hasiak direla uste izateko tentazio irrigarrian, ahaztuz "izan direlako garela" eta edaten ematen digun iturria, ur berria ematen diguna, zaharra dela.  Gure iragana nola harildu den jakitea eta gure aurrekoen berri izatea, katebegiak uztartu eta katea ez etetea oinarrizkoa da geroa bideratzen asmatzeko. Belaunaldiz-belaunaldiko transmisioaren eta katebegiak uztartzearen irudi oso egokia da gaurko sorta hauetan daukaguna: semeak izan dira Josune Munitxaren eta Balendin Enbeitaren bizitza eta lanaren berri eman  digutenak.

Hirugarren mezua: euskararen erabileraren aldeko aldarrikapena. Ezaguna dugu euskararen gaur eguneko erronka nagusia: jadanik erabilia den eremuetan gehiago erabiltzea eta, gainera, erabilera esparru berriak irabaztea. Zortzi bidegileok egindako lana eredugarri da horretan ere. Hauek bidegile baldin badira besteak beste hain zuzen ere dira euskara erabili egin dutelako, euskaraz idatzi egin dutelako, antzerkia euskaraz sortu eta egin dutelako, euskarari arnasa eman diotelako. 

 

Laugarren -eta azken- mezua.  Hizkuntzarekiko leialtasunaren, konpromisoaren eta inplikazioaren aldeko mezua, hau ere gaur hemen aurkezten ditugun bidegileen traiektoriarekin guztiz bat datorrena eta berealdiko gaurkotasuna daukana.

Bistakoa da, gurea bezalako hizkuntza batek, euskarak, zer esanik gabe gaur, baina baita ere gaur dagoen baino indartsuago egotera iristen denean ere, orduan ere, gaur egun bezala, nahitaez beharko dituela herri-aginteen bultzada eta hizkuntza politika sustatzailea. Orduan ere nahitaez beharko dituela diru publikoak. Hori guztia ukaezina eta bistakoa da. Baina horren guztiorren ondoan, hori guztia adina edo gehiago, eta hau da azpimarratu nahi dudana, euskararekiko eta euskarazko kulturarekiko atxikimendua, leialtasuna, konpromisoa eta inplikazio pertsonala erakutsi beharko dute, beharko dugu, herritarrok. Gutariko bakoitzaren konpromiso praktikoa izango da bitamina, eta gutariko bakoitzaren utzikeria izango litzateke hondamendia. Eta gutariko diodanean, guztiona esan nahi dut: euskaraz dakigunona eta gaur oraindik ez dakitenena.

Hortaz oso nabarmen jabetu ziren gure gaurko 8 bidegileak, eta hain zuzen ere horrexegatik, konpromiso eta inplikazio pertsonal hori izan dutelako izan dira guztiak ere, bidegile, biderakusle, aitzindari eta eredugarri.

Eskerrak emanez eta lana aitortuz hasi naiz, eta halaxe bukatu nahi dut. Propio "ahaztu" zait lehen Mikel Atxaga, azkenerako utzi dut lan honetan lehena bera izan da. BIDEGILEAK bildumak behar du koordinatzaile eta zuzendari bat: eta Mikel Atxaga dugu hori, bidegilea bera ere inor bada gure artean, bidegile fin eta sendoa. Eskerrik asko Mikel zure lan pausatu baina etengabeagatik, eta eskerrak ez ezik hitza ere berari emango diot bera baita gaur aurkezten ditugun liburuxkei buruzko xehetasunak emateko pertsonarik egokiena. 

2007-02-26
Patxi Baztarrika Galparsoro
Hizkuntza Politikarako sailburuordea

Azken eguneratzea: 2007/02/27