Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

"The case of the Basque" liburuaren aurkezpena dela eta, HPSko sailburuordearen adierazpena (2006-05-08)


Egun on guztioi,

 

Eskuartean daukadan liburu honen aurkezpena da gaurko honetan zuekin elkartzeko arrazoia. Argitalpen honekin, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak ahalegin berezia egin dute euskararen oraina, iragana eta geroa mundura zabaltzeko.

 

Asmo handia, ezta? Handia bai, baina errealista eta sendoa.

 

Euskarak eta euskal hiztunok egin dugun ibilbidea munduan zabaltzeko prestatu dugun liburu honen ezaugarri bat azpimarratu nahi nuke: geu gara geure berri emango dugunak. Maria-Jose Azurmendik eta Iñaki Martínez de Lunak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, prestatu diguten argitalpen honetan, soziolinguistikaren arloko hainbat ikuspegitatik begiratzen zaio gure hizkuntzaren bilakaerari, dela historia, dela ekonomia, politika, corpus plangintza, e.a.

 

Beraz, ezin ukatu oso zabala dela liburuan egin den azterketa eta, aldi berean, oso era trinkoan eta xaloan aurkeztu digutela. Ezin izango zen horrelakorik lortu, gaur egun Euskal Herrian dugun profesional eta aditu talde bikainari esker izan ez balitz. Harro egon gaitezke urte gutxiren buruan euskalgintzak profesionaltasunera eta goi mailako prestakuntza berezitura egin duen saltoarekin. Euskal Herriko unibertsitateen, euskal administrazio publikoen eta gizarte eragileen lanak ez dira alferrekoak izan. Hemen ditugu emaitzak eta pozik egon gaitezke.

 

Triunfalismo barik, baina lekuz kanpoko apaltasun barik, euskararen bilakaera erreferentzia da munduko beste hizkuntza komunitate batzuentzat. Guk Quebecen edo Catalunyaren esperientziatik ikasi dugun moduan ikasi dute beste batzuk guregandik, eta gaur aurkezten dizuegun lan honek bi funtzio nagusi betetzen ditu, barrura begira, bata, eta kanpora begira, bestea. Alegia, liburua osatzeko egin den ahaleginak gure indarrak batu eta euskararen ibilbidearen irudia osatzen lagundu digu: hizkuntzaren bizitasuna jarri dugu lupapean, lehen, orain eta etorkizunera begira. Eragin faktore nagusiak aztertu ditugu: aginte publikoen esku-hartzetik hasi eta herritarrek banaka eta taldeka hizkuntzarekiko duten jokabidera; bidean aldagai ekonomikoek, historikoek edo politikoek hizkuntzarengan eta hiztunengan duten eragina landuz.

 

Horrek guztiak, unekoa bada ere, balantzea egiten lagundu digu, eta egoeraren indarguneak eta ahuleziak agerian utzi. Besterik eman ez baligu ere, horrek berak mereziko zukeen gure adituek egin duten lana.

 

Baina, gainera, argitalpen honekin erakusleihoan jartzen dugu euskararen bilakaera, etxekoen eta kanpokoen ikusgai eta ikasgai -tarteka, zer ez egin ikasteko bada be-.

 

Beraz, harrera ona izan dezala opa diot liburu honi eta eskerrik asko lan honetan parte hartu duzuen guztioi!

 

Azken eguneratzea: 2006/06/21