Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Pio Barojaren heriotzaren 50. urteurrena dela eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez Pio Barojaren bi obra euskaratu eta argitaratu dira: Zalakain abenturazalea eta Jakintzaren arbola


Egun on guztioi eta eskerrik asko gure deiari erantzutearren.

Pio Baroja hil zela 50 urte bete dira aurten, urriaren 30ean, eta Eusko Jaurlaritzak haren omenez bi lan argitaratu ditu euskaraz: Zalakain abenturazalea eta Jakintzaren arbola. Hori dela eta etorri gara, eta mahaian niri laguntzen ditut lanok aurrera ateratzeko parte hartu duten aktoreetako batzuk: Joseba Ossa, EIZIE elkartearen arduraduna; Inazio Mujika Iraola, Zalakain abenturazalea nobelaren sarrera egin duena; Josu Zabaleta, Jakintzaren arbola liburuaren itzultzailea, eta Igone Etxebarria, Euskara Sustatzeko zuzendaria. Idazle bati omen egiteko modu asko daude, baina onena, zalantzarik gabe, bere liburuak zabaltzea eta irakurtzea da. Aurten hainbat hitzaldi, kultur ekitaldi eta abar egin eta egingo dira Barojaren heriotzaren urteurrena bete dela eta. Guk ere gure aletxoa jarri nahi izan dugu idazleari diogun miresmen eta zorragatik, eta bide honi iritzi diogu onena. Liburuok Literatura Unibertsala bilduman argitaratu dira, EIZIE elkartearekin batera bideratzen dugun bilduman. Izan ere idazle unibertsalaren maila aitortu nahi diogu Barojari, mundu eta historia mailako idazlerik gorenen artean daukagulako, horregatik sartu dugu maisuen lanek osatzen duten bilduman.

Itzuli eta argitaraturiko liburuei dagokienez esan behar da, alde batetik Jakintzaren arbola liburua daukagula, Josu Zabaletak itzulia berau. Josu Zabaleta itzulpen arloan lan asko eta lan handia, lan fin eta zorrotza,  egindakoa da, Literatura Unibertsala bilduma honetan bertan beste lan batzuk itzuli dituena. Esaterako, Euskadi saria irabazi zuen Guy de Maupassanten Fantasiazko ipuinak lanaren itzulpenagatik 2000. urtean. Nobela osatzen da Miguel Sanchez Ostizen sarrerarekin. Lehendik ere ezaguna da Miguel, poeta, saiogile eta idazle gisa ezezik, Barojari buruz egindako lanengatik ere, azkena aurten bertan idatzitako Barojaren biografia, Pío Baroja a escena izenekoa. Jakintzaren arbola liburu honetaz esaten da Barojaren lanik autobiografikoena dela, haren filosofia agertzen duela bizitzari eta gizarteari buruz. Zalakain abenturazalea ekintza-nobela da, guztiz bestelakoa, gainera euskal giroan kokatua. Garaiko euskal gizartearen erretratutzat hartu izan da. Koro Navarrok itzuli du, hau ere curriculum zabalduna itzulpengintzan. Euskadi saria irabazitakoa da Bashevis Singerren Zortzi kontakizun lanaren itzulpenarengatik 2003an. Lan honi Inazio Mujika Iraolak egin dio hitzaurrea, eta ez da kasualitatea, izan ere Inazio aritua baita Barojaren lanak aztertzen, aurten bertan prestatu du Barojaren Donostia izenburua daraman lana. Nobela honek kronika historikoa egiten du eta beste bi nobelarekin batera "Tierra Vasca"  hirukotea edo trilogia osatzen du, La Casa de Aizgorri eta El Mayorazgo de Labraz nobelekin batera. Protagonista Urbian sortutako gazte bat da. Gazte bizia da, zuhurra, Frantziako mugan kontrabandoan ateratzen du bizimodua. Euskal usaina darion idazlana da, gazteleraz idatzita egon arren. Inazio Mujika Iraolak idatzi duenez, euskal irudimenarekiko hurbiltasuna euskaraz sorturiko pertsonaia askorena baino handiagoa da obra honetakoena.

Parte hartzaile guztiak, beraz, itzultzaile-sarreragile guztiak alegia, Barojazaleak ditugu ez orain bakarrik, baita lehendik ere, eta oso ondo ezagutzen dituzte haren idazlanak, irakurle eta aztertzaile adituak ditugu denak.

Segi dezagun aurrera. Eusko Jaurlaritzaren ekimena denez, bada nik erantzun beharreko galdera bat: zergatik Barojaren bi liburu itzuli eta argitaratzeko erabakia harturik aukeratu ditugu bi lan hauek? Zergatik 75 liburutik gorako zerrenda oparoan bi hauexek aukeratu? Barojak lan asko idatzi ditu eta era askotakoak. Haren lanen bat nabarmentzekotan, bai historikoak, bai biografikoak, bai sorkuntzakoak, denak dira interesgarriak. Esanguratsuenen artean, eta irakurle mota guztientzat egokienen artean, bi hauek aukeratu ditugu, bi estilo guztiz ezberdinekoak direla jakinda: bata filosofikoa, bestea abentura eta ekintza bizikoa. Biak dira Barojaren izaera eta estiloaren erakusgarri, eta biak, baina batez ere Zalakain abenturazalea, haren euskaltasunaren erakusle. Idazlanok euskaraz jartzea ekarpen handia da gure hizkuntzarentzat. Gure gizartean dauzkagun bi hizkuntzen arteko zubiak egitea onuragarria da hizkuntzentzat eta gizartearentzat, onuragarria euskararentzat eta gaztelaniarentzat, eta guztiz osasungarria euskal herritar guztion elkarbizitzarako. Oso garrantzitsua da hizkuntzetako batean egiten den lana beste hizkuntza erabiltzen dutenek ere ezagutzea.

Zinez sinesten dugu hizkuntzen arteko elkarbizitzan; arazotzat ez, baizik eta aberasgarritzat jotzen dugu guk hizkuntza aniztasuna, elebitasuna eta hizkuntzen arteko elkarbizitza. Hori da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa, eta konpromiso eta jarrera horren lekuko nabarmena da gaur hemen aurkezten ari garen ekimenaren fruitua. Hitz hutsak ez ezik ekintza bat aurkezteak ematen duen indarrarekin adierazi nahi dut askotan  adierazi badugu ere oraindik ere askotan adierazi beharko dugun zerbait: Eusko Jaurlaritza, euskal erakundeak, idazleak, itzultzaileak, editoreak eta gizarteko hainbat eta hainbat eragile euskararen erabilera sendotzearen eta zabaltzearen alde egiten ari garen lana ez dela zenbaiten uste okerretan baino ez dagoen gaztelaniaren aurkako borroka. Helburua ez da inoren edo ezeren kontra egitea, alderantziz: helburua gizarte integrazioa eta elkarbizitza da, ez besterik.  Euskararen aldeko jarduna herritar guztion elkarbizitzaren mesederako jarduna da, gaztelania bera ere eta gaztelaniazko sorkuntza ere errespetatzen eta maitatzen dituen jarduna da. Integrazioa, elkarbizitza eta errespetua  dira euskararen aldeko jardueraren kriseiluak, eta horretxen lekuko da gaur hemen aurkezten ari garen ekimena. Hori guztia esanda aukera honetaz baliatu beharrean ikusten dut nire burua eskaera bat egiteko, eskaera bat euskaraz ez dakiten gure herrikideei, beraiek ere ahaleginak eta bi egin ditzaten euskaraz sortzen duen eta neurri batean behintzat euskaraz bizi den munduarengana hurbildu eta mundu horren bizipenak, edo hobeto esanda euskarazko mundu horien bizipenak, ezagutu ditzaten. Hizkuntzek elkarri bizkarrik eman gabe bizitzeak gurean esan nahi du euskarari eta euskarazko munduei inork ez liekeela bizkarrik eman behar.

Horrela inor ez galtzaile, guztiok ginateke irabazle. Barojaren bi liburu hauek euskaratu eta argitaratzearekin bezalaxe: denok irabazle, euskara, gaztelania, literatura, Baroja euskaraz ezagutu nahi dutenak… guztiok.

Donostia, 2006ko azaroak 15
Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea

Azken eguneratzea: 2006/11/20