|
Gazteen Euskal Behatokiaren EAEko gazteriaren mugikortasun espazialaren ereduak azterlanean (Euskadiko gazteen joerak 2007 bildumakoa) hainbat datu bildu dira. Tartean gazteen motorizazio-indizea dago. Indize honek aditzera ematen duen bezala, gazteen % 38,5ek autoa daukate; % 5ek autoa edo motoa ez den garraiobidea daukate; % 2,4k motoa daukate eta, azkenik, erdiak baino gehiagok ez dauka garraiobide propiorik (% 54,1ek).
Gazteen % 60,2k gidabaimena daukate. Horietatik % 65,8k norberaren garraiobidea daukate eta garraiobide propioa dutenen % 95,5ek autoa daukate.
Astelehenetik ostiralera
15 eta 29 urte bitarteko gazteak astelehenetik ostiralera desplazatzeko modurik ohikoena oinez ibiltzea da (% 88,7) eta egunean batez beste 3,3 km egiten dira oinez. Gazteen erdiak gutxi gora-behera garraiobide publikoak (% 51,5ek) eta autoa (% 48,1ek) erabiltzen ditu. Kilometroen batez besteko kopuruari dagokionez, km gehien autoz egiten dira, 32,4 egunean, eta ondoren garraio publikoan, 27,1 km.
Euskadiko gazteen % 57,1ek diotenez, desplazamenduen arrazoia ikasketak dira. Ez dira horrenbeste lanera joateko mugitzen direnak (% 37,5). Lan kontuak direla-eta gazte gutxiago desplazatzen diren arren, horiexek dira lantokirako joan-etorrietan km gehien egiten dituztenak (lanaren zioz egindako km kopurua 34,3 da batez beste; ikasketen zioz egindakoak, ordea, 25,8 km).
Datu hau aztertzerakoan sexuari erreparatzen badiogu, neskek mutilek baino km gutxiago egiten dituztela antzeman daiteke: neskek 26,4 km egiten dituzte batez beste eta mutilek 41,4.
Garraiobide bakoitzaren erabilerari dagokionez, gazteek norberaren autoa, beste norbaiten autoa eta metroa erabiltzen dute gehienbat. Desplazamenduen batez bestekorik garaiena norberaren autoan eta metroan antzematen da.
Datuetan sexuari erreparatuz gero, ikus daiteke neskek gehiago baliatzen dituztela hiribusak eta hiri arteko autobusak eta mutilek bizikleta eta norberaren autoa.
Hiru lurraldeetatik autoa gehienbat Gipuzkoan erabiltzen da (bai norberarena, bai beste pertsonaren batena); metroa eta hiri arteko autobusak nagusiki Bizkaian; hiribusak Araban; aldiriko trenak Bizkaian eta Gipuzkoan; bizikleta Araban; eta motozikleta bai Gipuzkoan bai Araban.

Asteburua
15 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiek diote asteburuan lagunekin irteteko udalerritik kanpora joaten direla. Datuek adierazten dutenez, adinean gora egin ahala, gero eta gazte gutxiago mugitzen dira udalerritik kanpo asteburuetan.
Egoera lurraldez lurralde honako hau da: Araban gutxien mugitzen dira gazteak beste udalerri batera asteburuetan (% 30,2), eta Bizkaian gehien (% 57,8).
Lagunekin udalerritik kanpora mugitzeko garraiobiderik erabiliena autoa da (norberarena, % 19,9 nahiz besterena, % 19,9). Bigarrenik, metroa (% 20,7), trena (% 18,4) eta autobusa (% 15,5) daude. Datuek adierazten dutenez, garraiobide publikoak gehiago erabiltzen dira pribatuak baino.
Sexuaren araberako banaketak azaleratzen duenez, neskek gutxiago baliatzen dute norberaren autoa mutilek baino, eta neskak hein handiagoan eramaten dituztela autoan.
Egoera adin-taldeka aztertuz gero, zera ikus daiteke: gazteak hainbat eta nagusiago, norberaren autoaren erabilera nabarmenago dela. Zenbat eta adinez gazteago izan, gero eta gehiago erabiltzen dira garraiobide publikoak.

Beste alde batetik, lurraldeei dagokienez, Gipuzkoa eta Araba azpimarra daitezke, gazte gehiagok autoa erabiltzen dutelako asteburuko aisiaren inguruko joan-etorrietarako. Alabaina, alde handia dago bi lurraldeen artean: Araban ugariago dira autoan gidari moduan ez doazen gazteak Gipuzkoan baino, norberaren autoaren erabilera handiagoa baita.

Erlazionaturiko datuak kontsultatzeko:
Euskadiko gazteen mugikortasunari buruzko adierazle estatistikoak
EAEko gazteriaren mugikortasun espazialaren ereduak azterlana. Euskadiko gazteen joerak 2007
Erlazionaturiko estekak:
Gazteen Euskal Behatokiaren estatistikak
Gazteen Euskal Behatokiaren azterlan soziologikoak
|