Hamar urte baino gehiago dira Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa martxan jarri zuela. Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak urte horietan guztietan programan parte hartu duten gazteak zein neurritan sentsibilizatu diren eta gerora garapenerako lankidetzan zer-nolako ibilbidea egin duten aztertu du. “Euskal Gazte lankideen bizi-ibilbideak” izeneko argitalpenean jaso dira azterlan horren emaitza zehatzak (Eusko Jaurlaritza. Argitalpen Zerbitzu Nagusia. 2005eko apirila).

Azterlanaren emaitzak laburbilduz, honako hauek esan ditzakegu: parte hartzaileen artean emakumezkoak dira nagusi (%70); gehienek, oso esperientzia aberasgarria bizi izan dute, eta askok gainera, programa amaitu eta gero garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin lanean jarraitzen dute.
Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek diotenez, programak sentsibilizazio funtzioa betetzen du eta, gainera, nork bere burua aberasteko esperientzia ezin positiboagoa bizitzeko aukera eskaintzen die gazteei. Era berean, zera gaineratzen dute, gazteek asko eskaintzen dietela bai erakundeei bai proiektuen emaitzen onuradunei.
|