|
Auzolandegien modalitateak
Lan-motaren arabera, era askotako auzolandegiak daude. Lan-arloak: arkeologia; ingurumena; artea eta sormena; nekazaritza; kultura-ondarea berreskuratzeko auzolandegiak; ondare arkitektonikoa berreskuratzekoak; gizarte arlokoak: ezgaitasuna duten pertsonekin lan egiteko auzolandegiak / haurrekin lan egitekoak; komunikazio arlokoak; festibalak antolatzeko auzolandegiak…
Egin beharreko zereginen arabera:
Kultura- eta arkitektura-arloko ondarea berreskuratzea: auzolandegi hauen helburua da artearen esparruan dugun ondare aberatsa zaintzeko interesa gazteengan piztea eta, horrez gain, gazteak gure herriaren historiarekin zuzenean harremanetan jartzea. Era berean, jarduera honen bidez, urrats sendoak egin nahi ditugu gure kultura arkitektonikoa zaintzeko.
- Ekologia eta ingurumena: era honetako auzolandegietan, habitat naturala zaintzeko eta babesteko ekintza zuzenak egiten dira, eta, aldi berean, naturarekiko sentsibilitatea eta begirunea izaten irakatsi nahi zaie parte-hartzaileei.
- Gizarte-ekintza eta -animazioa: auzolandegi guztietan oro har egoten den alderdi soziala bereziki nabarmentzen da era honetako auzolandegietan. Egin beharreko lana eta elkarbizitza batzean, garrantzi berezia ematen zaio gizarteko alderdiari, hau da, auzolandegia eta aldamenean duen herria, auzoa edo komunitate txikia uztartzeari.
Hiru modalitate horiez gain, badira beste auzolandegi-mota batzuk. Hona hemen horietako batzuk, nazioartean erabili ohi den kodearekin identifikatuta:
AGRI - Agriculture |ART - Art camp |CONS - Construction |CULT - Cultural |ENVI - Environmental |FEST - Festival |HIST-STUDI - History and study camp |KIDS - Work with kids |MANU - Manual work |RENO - Restoration / Renovation |RENO-HERI-RESTORATION - Cultural or heritage |SOCI - Social Project |WORK & STUDY - Work - study / Discussion / Research Camp
Parte-hartzaileen jatorriari begiratuta:
-
Estatu-mailako auzolandegiak: bertan espainiar-estatu osotik etorritako gazteek parte hartzen dute, autonomia-erkidegoek plazak elkarren artean trukatzeko egindako akordioari esker.
-
Nazioarteko auzolandegiak: auzolandegi horietan, Euskadiko eta beste autonomia-erkidego batzuetako gazteekin batera, mundu osoko gazteak aritzen dira. Nazioarteko auzolandegi batera joan nahi duten gazteek 18 urte baino gehiago izan behar dute eta ingelesa nahiko ondo jakin behar dute, halere, nazioarteko zenbait auzolandegitan frantsesez edo alemanez… jakitea eskatzen dute.
|