|
FAQ. Auzolandegien inguruan maiz egiten diren galderak: betebeharrak, auzolandegien ezaugarriak, izena ematea...
Betebeharrei buruz...
 Eusko Jaurlaritzaren programako auzolandegietako batean izena emateko, Euskadiko udalerri bateko erroldan inskribatuta egon behar al dut?
Bai, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan izena emanda egon behar duzu. Gazteria Zuzendaritzatik eskatzen dizutenean, erroldatze-agiria aurkeztu beharko duzu.
Zenbat urte izan behar ditut gutxienez auzolandegi batean parte hartu ahal izateko?
Auzolandegi bakoitza adin-tarte jakin bateko gazteentzat da. Baina, kasu gehienetan 18 urte beteta eduki behar dira. Halere, badira 15 edo 16 urtetik gorakoentzako auzolandegiak ere.
Adingabe emantzipatugabea baldin bazara, zure guraso edo tutoreen baimena aurkeztu beharko duzu. Adingabe emantzipatua baldin bazara, zure emantzipazioa egiaztatzeko Erregistro Zibilean egindako ziurtagiria aurkeztu beharko duzu.
Eta zein da auzolandegietan parte hartzeko gehieneko adina?
Euskadin egiten diren auzolandegietan, 26 urte. Baina estatuko gainerako autonomia-erkidegoetan eta atzerrian, badira 30 urte arteko gazteentzako auzolandegiak ere.
Nazioarteko auzolandegietan parte hartzeko, zein baldintza bete behar dira?
Nazioarteko auzolandegiak ez dira atzerrian bakarrik izaten; Euskadin eta gainerako autonomia-erkidegoetan ere izaten dira.
Gehienetan, 18 urte izatea eskatzen da, halere, estatuko autonomia-erkidegoren batean izan daiteke adingabeentzako nazioarteko auzolandegiren bat ere. Bestalde, nazioarteko auzolandegitara joateko, ingelesez ondo hitzegiten jakin behar da; baina, auzolandegi batzuetan, frantsesez, alemanez...jakitea eska dezakete ere bai.
Auzolandegien ezaugarriei buruz...

Zenbat irauten dute auzolandegiek?
Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituen auzolandegiak 15 egunekoak dira. Baina, gainerako autonomia-erkidegoetan eta atzerrian izan daitezke auzolandegi luzeagoak ere.
Nor arduratzen da ostatuaz eta janariaz?
Auzolandegiak antolatzen dituen erakundea arduratzen da parte-hartzaileei ostatua emateaz, eta, horretarako, udal-lokalak, eskola publikoak, aterpetxeak eta abar prestatzen ditu. Eguneko otorduak ematea ere erakunde horri dagokio.
Auzolandegian asegururik ba al dut?
Bai. Aseguru horrek jardueran izan ditzakezun istripuak eta besteren aurreko erantzukizun zibila hartzen ditu barne.
Nork aseguratzen dit osasun-laguntza?
Zeure esku dago osasun-estaldura emateko asegurua ekartzea. Horretarako, beharrezkoa da Osakidetzako osasun-txartela edo osasun-babesa ematen dizun beste edozein dokumentu zeurekin eramatea eta aldean izatea auzolandegian.
Europako Osasun Txartela edo Ordezko Ziurtagiri Behin-behinekoa (Certificado Provisional Sustitutorio delakoa) eraman beharko duzu auzolandegia Europako Batasuneko beste herrialderen batean, Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetan edo Suitzan aukeratu baduzu. Halere, Eusko Jaurlaritzak, beti osagarri, bidaiako asistentzia emateko aseguru bana kontratatuko du espainiar estatutik kanpoko auzolandegietara doazen guztientzat.
Zer egin behar dut istripurik badut edo gaixotzen banaiz?
Auzolandegiko zuzendariari jakinarazi behar diozu eta berak emango dizkizu beharrezko argibideak.
Atzerriko auzolandegi batean bazaude, jar zaitez lehenbailehen harremanetan Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarekin (e-mail: gazteria-auzolandegiak@ej-gv.es). Eta osasun-laguntza oso premiazkoa baldin baduzu:
-
Dei ezazu bidaia-asistentziako txartelean adierazitako telefonora (txartela auzolandegira abiatu baino lehen emango dizugu).
-
Joan zaitez aseguru-etxeak proposatzen dizun osasun-zentrora.
-
Osasun-zentrotik alde egin baino lehen, eska ezazu medikuaren txostena.
-
Gorde itzazu istripua edo gaixotasuna dela-eta sortutako gastu guztien faktura edo ordainagiriak (osasun-laguntzari eta botikei dagozkienak, etxera bueltatzeko erabilitako garraiobide guztietakoak…).
-
Eska ezazu auzolandegiaren arduradunaren txostena.
Gero, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak adieraziko dizu nola egin behar diozun erreklamazioa Aseguruari.
Auzolandegiak antolatzen dituen erakundeak ba al du auzolandegien datak eta baldintzak aldatzerik?
Bai. Hala gertatuz gero, parte-hartzaileak jakinaren gainean jartzen dira, eta beste data eta baldintza batzuk proposatzen zaizkie. Parte-hartzaileek, ordea, auzolandegian parte hartzeari uko egin diezaiokete.
Nola lor dezaket egon naizen auzolandegiko partaidetza-ziurtagiria?
Auzolandegia antolatzeaz arduratzen direnei eskatu behar diezu. Euskal Autonomia Erkidegoan egon bazara, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzan (e-mail: gazteria-auzolandegiak@ej-gv.es) eskatu behar duzu, eta beste autonomia-erkidego batean egon bazara, berriz, erkidego horretako agintaritzan.
Esperientzia honen bidez unibertsitateko kredituak eskuratu al ditzaket?
Bai, baldin eta zure unibertsitateak onartzen badu.
Izena ematea eta plaza adjudikatzea...
Nola eta non izena eman dezaket auzolandegi baterako?
Interneten bidez, web honetan bertan. Interneteko konexiorik ez baduzu, edozein KZgunetara joan eta bertan egin dezakezu. Baina nahiago baduzu, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren lurralde-zerbitzuetan ere eman dezakezu izena.
Internetez izena ematea zaila da?
Ez da bat ere zaila. Gainera, horrela ez duzu inongo bulegotan ilaran eta txandaren zain egon beharrik izango. Irakur itzazu, aldez aurretik, on-line izena ematekoargibide eta pausoak.
Izena eman al dezaket, aldi berean, auzolandegi batean baino gehiagotan?
Ez, aplikazio informatikoak auzolandegi bakarrean utziko dizu izena ematen.
Zenbat kostatuko zait?
72 euro.
Internetez izena emanez gero, nola eta non ordaindu behar dut?
a) Euskadiko eta atzerriko auzolandegia aukeratu baduzu, Euskal Administrazioaren ordainketa-pasabidearen bitartez ordaindu beharko duzu. Izena emateko prozedurak berak pasabidera eramango zaitu. Behin pasabidean sartuta, bi aukera izango dituzu:.
-
Zure ordenagailutik zuzenean on-line ordaindu ahalko duzu, Administrazioarekin lankidetzan ari diren banku edo aurrezki-kutxetako baten ordainketa-txartela baldin baduzu edo on-line bankaren erabiltzailea bazara.
-
Bestela, off-line ordaindu ahalko duzu: banku-kitapenaren orria inprimatu eta banku edo aurrezki kutxa horietako baten bulegora edo kutxazain automatikora joan beharko duzu.
b) Beste autonomia-erkidego bateko auzolandegian izena eman baduzu, ordenagailuan bertan azalduko zaizu zein bankutan eta zein kontu-zenbakitan ordaindu behar duzun. Datu horiek inprimatu, eta ordaintzera joan beharko duzu.
Zenbat egun izango ditut ordaintzeko?
Bi egun natural izango dituzu, izena eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe horren azken eguna baliogabea baldin bada, ordaintzeko epea hurrengo egun baliodunera arte luzatuko da. Epe horretan ordaintzen ez baduzu, zure izen-ematea baliorik gabe geratuko da.
Behin ordaintzen dudanean, niretzat izango al dut auzolandegiko plaza?
Ez. Ordaintzen duzunean, zure izenean gordeta edukiko duzu plaza. Baina, azkenik zuretzat izateko, etxean jasoko duzun dokumentazioa, behar bezala osatuta eta sinatuta bidali beharko duzu Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzara. Beste zenbait agiri ere bidali beharko dizkiguzu. Bi egun natural izango dituzu agiri guztiak bidaltzeko, etxean Eusko Jaurlaritzaren gutuna jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe horren azken eguna baliogabea baldin bada, bidalketa egiteko epea hurrengo egun baliodunera arte luzatuko da. Epe horretan eskatutako guztia bidaltzen ez baduzu, zure plaza-erreserba eta izen-ematea baliorik gabe geratuko dira.
Behin dokumentazioa Eusko Jaurlaritzara bidalita, eros al dezaket udan auzolandegira joateko bidaia-txartela?
Ez, bidaia-txartela erosi baino lehen, Eusko Jaurlaritzak plaza lortu duzula baieztatzen dizun arte itxaron beharko duzu.
Gainera, atzerriko auzolandegia eskatu baldin baduzu, auzolandegia antolatu duen atzerriko elkarteak baieztatu beharko dizu lehendabizi plaza eman dizula.
Era berean, Kanariar Uharteetako auzolandegiren bat eskatu baldin baduzu, Kanarietako Gazteria Zuzendaritza Nagusiaren baieztapena izan arte itxaron beharko duzu, tarifa merkeko hegazkin-txartelaren erreserba egin aurretik. Izan ere, askotan tarifa merkeko bidaia-txartelek erreserba baliogabetzeko edo ezereztatzeko gastuak izaten dituzte, eta Kanarietako Gazteria Zuzendaritza Nagusiak ez du bere gain hartuko horrelako gasturik.
Nola jakingo dut auzolandegiko plaza eman didatela?
E-mailez eta SMSz jakinaraziko dizugu. Horregatik, izena ematerakoan, zuzen eta garbi adierazi behar dituzu zure sakeleko telefonoaren zenbakia eta zure helbide elektronikoa.
Izena eman eta hainbat egunetara inolako jakinarazpenik jaso ez baduzu, jar zaitez harremanetan Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarekin (e-mail: gazteria-auzolandegiak@ej-gv.es).
Plaza adjudikatu didate...
 Eta arazoaren bat sortu eta azkenean auzolandegira joaterik ez badut?
Hala gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzari (e-mail: gazteria-auzolandegiak@ej-gv.es) jakinarazi beharko diozu lehenbailehen.
Eta auzolandegitik lehenago atera beharko banu?
Gogoratu auzolandegian parte hartzen baduzu, hori amaitu arte egoteko konpromisoa zeureganatzen duzula.
Zein kasutan itzultzen da kuota?
Autonomia-erkidego bakoitzak kuota itzultzeko bere arauakditu. Informa zaitez. Halere, zure plazari uko egin nahi badiozu eta kuota itzultzeko eskatu nahi baduzu, jar zaitez lehenbailehen harremanetan Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarekin (e-mail: gazteria-auzolandegiak@ej-gv.es).
Nola joan naiteke auzolandegia dagoen lekura?
Plaza lortu duzula ziur esaten zaizunean, informazioa igorriko zaizu, auzolandegira nola heldu eta zein egunetan joan behar duzun jakin dezazun. Auzolandegia egiten den tokiraino iristeko egin beharreko joan-etorrien gastuak parte-hartzaileak ordaindu beharko ditu.
Auzolandegi batean izena eman aurretik garrantzitsua da bertara heltzeko sor daitezkeen zailtasunak eta kostu erantsiak baloratzea. Bidaiatzeko helbide interesgarriak kontsultatu ditzakezu Gazteaukeran. Auzolandegira joango diren beste kide batzuekin harremanetan jarri nahi baduzu, erabili web gune honen iragarki-taula.
Eta ezin banaiz garaiz iritsi?
Betiere bidezko arrazoi bategatik, ezarritako ordurako iristerik ez baduzu, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzari (e-mail: gazteria-auzolandegiak@ej-gv.es) jakinarazi beharko diozu, eta 24 ordu izango dituzu auzolandegira joateko.
|