Etxepare Euskal Institutua euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako tresna eta euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpena helburu duen Institutua da. 2009ko urtarrilaren 9an hasi du bere jarduna.
Eusko Legebiltzarrak 2007ko apirilaren 20an onartu zuen 3/2007 Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute sortze eta arautzeko Legeak eratu zuen Etxepare Euskal Institutua; Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da eta euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena du xede. Horregatik, bere gain hartuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko kanpo zabalpenerako lanak eta aurrerantzean horien eta egitasmo berrien garapenaz arduratuko da.
Etxepare Euskal Institutuaren xedeak euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpenarekin lotzen dira,
Bernat Etxeparek esan zuen “
jalgi hadi mundura” leloaren bidetik. Hori horrela Etxepare Euskal Institutuak honako xedeak ditu:
- Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera munduan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz; euskara nazioartean onartua izan dadin laguntzea eta sustatzea; eta jarduera horiek hedatzen eta horien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea.
- Euskal kultura, herri honetan sortutako kultura kanpora hedatzen laguntzea bere forma guztietan.
- Gure herriaren errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea, baita euskal komunitateak dauden edo harreman historiko kulturalek edo komertzialek hala gomendatzen duten herrietara ere.
Etxepare Euskal Institutuak bi arlo sektorialetan antolatzen du bere burua euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako xedea betetzeko:
- Euskal kulturaren sustapena eta zabalpena.
- Euskararen sustapena eta zabalpena.
Euskal kulturaren sustapen eta zabalpen arloaren baitan uztartzen dira musika, arte eszenikoak, ikus arteak, zinema, arkitektura eta diseinua eta alor honen betekizunak honakoak izango dira:
- Euskal sorkuntza artistikoaren zabalpena nazioartean.
- Artistak eta hauen lanak munduan zehar zabaltzea.
- Nazioartean kultur erakustaldiak antolatu.
- Arteen zabalpenerako ekintzabide estrategikoak bultzatu.
- Euskal sorkuntza kanpoan ezagutzera emateko kultur eragileen sustapena.
- Euskal literatura, jakintza eta ikerketa kanpoan ezagutzera eman horien zabalpena sustatuz.
- Euskadiko kulturaren eta bereziki euskarazko eskaintzaren kanpo zabalpena bultzatu.
- Pentsalari eta ikertzaileen arteko hartu-emanak bultzatu.
- Hizkuntzari eta kultur aniztasunari buruzko euskal egileen nazioarteko ezagutza sustatu.
- Euskal kulturaren kanpo zabalpenaren alorrean lanean diren eragileei laguntza eskaini.
Euskararen sustapen eta zabalpenaren arloaren baitan Etxepare Euskal Institutuak euskararen irakaskuntza, ikerketa eta ezagutza bultzatuko du eta arlo honek honako funtzioak izango ditu:
- Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskararen ikerketa eta ikasketak bultzatu, lektoradoak eragin eta euskararen ikertzaile eta euskal ikaskuntzen erakundeei laguntza eta babesa eman.
- Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu munduan zehar diren euskal gizataldeetan, euskal etxeen laguntzarekin eta hauen bitartez.
- Beste erakundeekin elkarlanean, Euskal Herritik kanpo euskara ikasi ahal izateko beharrezkoak diren giza, hizkuntza eta didaktika beharrak bideratu.
- Euskal Herritik kanpoko irakaskuntza behar horietarako tokian tokiko euskarazko irakasleen prestakuntza bideratu.
- Euskara ezagutza-egiaztagirien azterketak antolatu Euskal Herritik kanpo.
- Euskararen presentzia ahalbideratzeko hizkuntza eta kultura erakustazoka nagusienetan parte hartu.
- Euskararen kanpo zabalpena xede izanda sustapen ekintzak koordinatu gaztelania, katalana eta gailegoa zabaltzea xede duten Institutuaren gisa bereko erakundeekin.
- Euskararen kanpo sustapenerako ekintzak euskararen lurraldeko beste erakunde publikoekin koordinatu.
- Elkarlana izan euskararen normalkuntza xede duten erakundeekin.
- Euskararen eta euskarazko sorkuntzaren zabalpena xede izanda, elkarlana bultzatu Unibertsitate edota bestelako erakunde publiko eta pribatuekin.
- Euskararen kanpo zabalpena egiten duten erakunde publiko eta pribatuei laguntza eman.
- Teknologietan oinarritutako euskararen kanpo zabalpena bultzatu.
Etxepare Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetza-harreman sendoak izaten saiatuko da eta bere jarduerak koordinatuko ditu administrazio publikoek egiten dituztenekin, bai eta erakunde publikoaren helburuetara zuzendutako instituzio guztiek egiten dituztenekin, bereziki, euskal komunitate linguistikoa dagoen lurraldeetako erakundeetakoekin.
Etxepare Euskal Institutuak egoitza nagusia Donostian izango du, Tabakalera eraikinean, eta tabako fabrika izandakoaren birmoldaketa gauzatzen den bitartean berariazko egoitza du Donostian. Institutuaren lanerako teknologi berriek giltzarri izango dira horiekin batera Etxepare Euskal Institutuak eta munduan zehar ordezkaritzak eta mendeko zentroak eduki ahal izango ditu bere helburuak betetzeko.
Tel: (+34) 943 023 400 |
Fax: (+34) 943 023 401
Prim, 7 20006 Donostia - San Sebastián
www.etxepareinstitutua.net