Aizkorri
Bisita birtuala:
(flv, 10 MB)
Leku askotatik joan daiteke Aizkorriko trikuharriak bisitatzera: Arantzazutik, Otzaurtetik eta Zalduondotik, esate baterako.
Urbiako zelaietan eta inguruetan daudenak begiesteko erosoena eta ohikoena Arantzazutik abiatzea da. Ohiko bideari jarraituz Urbiara iristen da. Gertuen dagoen trikuharria Gorostiaran Mendebaldekoa da, ermitatik 30 metro NE-ra, lenar baten gainean. Hortik Gorostiaran Ekialdekora jo daiteke; Urbiako fondatik 430 bat metrora dago trikuharri hori. Eta fondatik Perusaroira doan bidea hartuta, Pagobakoitza trikuharria begiesten da. Bide horren ezkerrean dago, Kalparmuñoko haitzaren ENE-ko magalean, hain zuzen. Ez da urrun Kalparmuñobarrenako trikuharria. Pagobakoitzakotik 200 m S-ra. Perusaroiko aterpera doan pistari eutsiz, Zorrotzarriko menhirra bistaratuko dugu, aterpetik 150 metro NNW-ra. Eta Perusaroitik 420 m SSW-ra Pagarretako trikuharria dago, izen bereko lepoaren erditik iparraldera.
Aizkorritxoko trikuharria aurreko guztiak baino gorago dago, izen bereko mendi-bizkarrean. Gorostiarango trikuharrietatik igo daiteke zuzenean haraino. Aizkorritxotik oso erraza da Artzanburuko trikuharrira iristea; altueran Aizkorritxoko megalitoaren parean dago, harengandik 1.800 bat metro WNW-ra. Hortik, Mallako saroitik eta Gomistegiko pistatik barna jaitsi daiteke Arantzazura. Mallako txaboletatik 300 bat metro SW-ra, pinudi baten erdian, Mallako tumulua dago.