Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argizariaren egunak. Laburpena

"Zer kezkatu behar ninduke, bada, hotzak? Neuk ere ez nuke Izotz ene begietan babestu arterainoko onik nahi.

Ez naiz, ordea, Walser bezain ausarta. Gaur ere, gauak izotzezko hil-izara bat zabal dezanean, galtzak sartuko ditut behin berriro pijama-galtzen gainean, eta oinak bilduko egunkari-paperetan.

¿Eta begiak? Nola biltzen dira halakoetan?"

Argizariaren egunak. Zatiak

• Bi urte doi pasatu dira kontakizun nagusia idatzi nuenetik, eta ez dut nire burua ezagutzen lerro horien artean. Zer ez zait, bada, arrotza gertatzen! Normala omen da aspaldi idatzitako testu bat beste batena iruditze hori, eta nik ez dut zertan zalantzan jarri: aita batek ere halako harridura batez begiratzen omen dio tipi-tapa pauso baldarka ibiltzen hasi berria den semeari, haur tentedoi hura bere odol berekoa izatea ulertu ezinik.

• Hasiera bateko testua Nik ez dut Ada hil esaldiarekin hasten zen: nire bizitza hondoratu omen duen gertakizun bati buruzko errugabetasun-aitormenarekin. Kendu egin nuen, ordea, bizitza osoan salatu dudan betiko arinkeria hauspotzeko beldurrez.

• Ez da nabarmendu behar, bada: hobe da taldearen arrimuan baina taldekoa izan gabe ibiltzea (taldeetan beti sortzen diren elkartasunezko amarruetan erori gabe esan nahi dut, beti baitago bestela zuk ezagutzen ez duzun konploten batean harrapatua gelditzeko arriskua).

• Hain satai oneko gizona izateko, begiak oso txikiak ditu Dostoievskik, eta inork pentsa dezake adimen askorik gabeko pertsona dela. Baina hizketan hasi orduko, su bizia pizten zaio begietan, esaten ari dena, larrutik nozitua izaki, erraiak kiskaltzen ariko balitzaizkio bezala. Arrazoi eman diot, bada, Dostoievskiri. Jeloskor baten bizitza izan zen nirea, nik ematen nuen beti lehendabiziko pausoa, eta ordua eskatzen zidanean ere, berari ondo zetorkiona ematen nion nik.

• Ada ez zen Ada, eta oroit naiz nire testuetan izen hori baliatzen hasi nintzenean, arrotza egiten zitzaidala hasieran. Pixkanaka, ordea, Adaren benetako izena bihurtu zait arrotza: lehen ezin nuen gogoratu ere egin, eta orain hartara jartzen ez banaiz, ez dut gogoratu ere egiten.

• Jeloskor zegoela pasatu zitzaidan burutik, eta ordu arte Danelen aurrean sekula ez bezalako halako garaipen-bafada bero bat sentitu nuen masailetan gora: Ada nirea zen, Adak atea itxi berri zien iraganeko sentimenduei!

• Mingainaren puntara etorri zitzaidan dantzan gertatutakoaz galdetzea. "Zer esan din? Zerk nahigabetu hau?". Baina ez nion Ifarkoian gertatutakoari buruzko deus aipatu, Adaren anpolai-moduko bular txiki tenteak eta gorputz biluzia kariziatzeko irrikaz nengoen eta.

• Niri dagokidanez, artean itsu nengoen: ez zitzaidan burutik pasatzen triangelurako arriskurik zegoenik ere. Ez nuen ikusten itzalitzat jotzen nituen iraganeko txingarrak su berria hartzen ari zirenik. Itogina ondo itsutzen ez bada, beti berritzen da istila. Liburu baten jabe bezalaxe nintzen Adaren jabe ere.

• Zoroen gauza da izkribatzea; areago, argizari gainean baldin bada. Izan ere, hotzean eta ilunean soilik iraun dezake hitzak. Argitan eta epelean, argizariko letrak desitxuratzen joango dira, izkribu guztia ezabatu arteino…

• –Gauzak esateagatik esaten hasten garen une doi horretan errutina maitasunaren tokia hartzen hasten duk, hautsa mahai-gainaz bezala.

• –Zer gertatu zitzainan dantzan ari hintzenean? Zer esan zinan Danelek hi hala nahigabetzeko?
Ez zitzaion nire galdera gustatu, begiak ilundu baitzitzaizkion bat-batean.

• –Bordeletik ari nauk. Ondo pasatu zenuten, orduan? Sentitzen diat hor ez egon izana. Deitu nahi izan nizuen Ifarkoiara, baina ez zegoan modurik.
Ekibokoren bat ote zegoen pentsatu nuen hasieran. Bet-betan gartu zitzaidan, ordea, broma baten susmoa.
–Adarrik ez, Danel.

• Autoak nora, beste aldera eragin nion bolanteari, eta zibaren gisa bizpahiru itzuli eman eta gero, autoaren kontrola berreskuratu nuelakoan, karrozeriaren atzeko ertz batek mendiaren pendiza jo zuen. Autoak ez zidan gehiago obeditu, eta, sekulako kolpe batez bide-bazterreko burdinazko hesia hautsirik, itsaslabarrean behera erori nintzen amilka.

• Gizon beltzez jantziak hizketan segitzen zuen:
–Zortea izan duala esango ditek, baina ez ahaztu nork atera hauen autotik –erantzun zidan, eta barre-eztanda bat atera zitzaion segidan. Irri-karkarak antzaldatu egin zion aurpegiera, ordu arteko gizakoten baten itxura basalasaia mozorro batek eman izan balio bezala.

• Galderak: zergatik saiatu nintzen kontatzeko modu horretan, zinemak horrelako eszenak askoz ere hobeto ematen dituenean? Narrazio batek zergatik egoskortu behar du, bere benetako esparruak aztertu eta sakondu ordez, menostu baten konplexu gogaikarri hori erakutsi, eta zinemari konpetentzia inozoa egiten?

• Sinestezina omen zen ni onik libratu izana. Miresgarria. Eta harridurarekin argitu nahi zuten den-denek, ez Adak bakarrik, logika hutsaren esku zegoena.

• –Entzun ondo esaten ari natzaiana: hogeita lau ordu barru festa bat izango duk zuen ohiko toki dekadente horretan. Ada ez duk, ordea, han izango, Ada dik izena, ezta?, herio-dantzaren egunean ere esan niala uste diat –begira-begira neukan, nik zer esango, baina nik ez nuen deusetarako adorerik–. Ez diat horretarako hire baimenik behar, baina eskertuko niake bidea erraztuko bahit.