Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantza tradizionala


Estilo aniztasuna: Soka Dantzak

Soka DantzaUniformetasuna lokarri duten dantza mordo bat biltzen dituen atal honen barruan, Soka Dantzak gure geografiaren gehiengoan zabaltzen dira eta izen ugari hartzen dute: Aurreskua, Erregelak, Ingurutxoa, Zortzikoa, Soka Dantza, Larrain Dantza, Ttun ttun, Dantza edo Iantza Luze, Branlea, Trapatan, Pamperruque, eta abar.

Soka dantzak dira, batik bat, Euskal Herriko gizarte-dantzak. Bi sexuetako pertsonek hartzen dute parte -dantzarik gehienetan tradizioz gizonezkoek soilik egin izan dute dantza- eta dantza hau egiteko janzkerak ez du irizpide finkorik, beste dantzetan ez bezala.

Dantza hauek zati desberdinak dituzte eta zati hauetako batzuk, halaber, unitate gisa dantzatzen dira. Honela, lotu gabe edo lotuta egiten diren dantzak ditugu: Jotak, Arin-arinak edo Porrusaldak eta Kalejirak.

Dantzaren egitura batetik bestera, ordenan zein kopuruan, aldatu egiten bada ere, lokarri bat dute: giza elementuaren kategorizazioa eta harremanaren zentzua.

Lehen eskuaren eta azken eskuaren arteko erronka, hau da, sokako lehenaren eta azkenekoaren arteko erronka, hauetako bakoitzaren erakusketa, beste sexuari taldean zein bakarka omendua edo ohoratua izan dadin gonbita eta amaitzeko guztiek batera Jota, Arin-arina dantzatu ondoren, Biribilketa alaitsuan plazatik irtetea. Beste aldaera batzuetan, emakumezkoek dantzaren hasieratik hartzen dute parte aktibo eta batzuetan zuzendu ere emakumezkoek egiten dute.

Garai batean Soka Dantzak Euskal Herriko bazter guztietan dantzatzen ziren. Gaur egun, berriz dantza hauen ordez "Ohorezko Aurreskua" dantzatzen da; aurresku honen melodiak jatorrizkoaren melodiarekin bat egiten badu ere, dantzak itxura guztiz galdu du, bakarkako dantza bihurtu da eta ez du jatorrian zuen zentzua.

 

Azken eguneratzea: 2006/03/24