Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantza tradizionala


Estilo aniztasuna: Zuberoako Maskaradak

Aintzindarien dantzak. Buhamien dantza.Kauteren dantza. Xorrotxen jokoa.Kherestuen dantza. Marixalen jokoa.Inauterietako errepresentazio eta fartsarik bereizgarrienak Zuberoan ospatzen diren neguko maskaradak dira. Maskaradetan dantza ibiltariak, jolasak, txantxak, janzkera deigarriak eta arropa zaharrak, eskeak, herriaren parte-hartzea, erakusketak, lanbideen antzezpenak, arraza baztertuen antzezpenak, hizkera satiriko anitz eta musika biltzen dira.

Urtero herri bateko biztanleek maskaradetako errepertorio osoa prestatzen eta entseatzen dute, batzuetan herri horretakoa ez den jendearen laguntzarekin, eta ondoren lau hilabetez, gutxi gorabehera, emanaldiak igandero ematen dituzte haran horretako herri desberdinetan.

Aintzindarien dantzak. Buhamien dantza.Kauteren dantza. Xorrotxen jokoa.Kherestuen dantza. Marixalen jokoa.Segizioa bi talde ia antagonikoetan banatzen da: batetik Gorriak ditugu, dotore jantzita daude, ordenatuak dira eta dantzaren pauso eta mugimenduetan txukunak; eta, bestetik Beltzak ditugu, hauek desordenatuak eta zarpailak dira, ibiltariei zirikatzen diete, oihu egiten dute eta, beste garai batzuetan, Biarnoko hizkuntzan edo okzitanieraz mintzatzen ziren.

Emankizuna eskaini behar duteneko herriko herritarrek harrera ona egiten diete eta goizez herriko kaleetan barrena ibiltzen dira eta, noizean behin, Barrikadak egiten dituzte. Barrikadak eske eta dantza-borroka baketsuak dira eta barrikadetan dantza egin ondoren aperitibo gaziak eta gozoak, freskagarriak eta likoreak eskaintzen dizkiete bertakoek.

Pertsonaia nagusiek (Txerrero, Gathuzain, Zamaltzain, Kantiniertsa eta Banderari) aldizka egiten dute dantza, muriskas eta antrixat-en artean biraka Jauna eta Anderearen begien aurrean. Bien bitartean, beltzek -galdaragileak eta ijitoak- bata bestearen gainean jauzi egiten dute, astindu egiten dute elkar, txantxetan aritzen dira eta zirikatu egiten dituzte hitzez zein gorputzez segizioaren gainerakoak eta ikusleak, irriak eta barreak sortaraziz.


 

Azken eguneratzea: 2006/03/24