Mairubaratzak ere hilobiak dira, hildakoen errautsak jasotzen dituzte. Errauts hauek, harrespilaren erdialdean jartzen zituzten, batez ere. Mairubaratzak K. a. lehen milakadakoak dira. Datu hau J. Blot-ek argitaratutako C14 datazioei esker ezagutzen dugu. J. Blot izan da Euskal Herrian gehien mairubaratzak industu dituena.

Adiko Soro mairubaratza, Eugin, Nafarroan
Harrespilak, edo peristalitoak, tamaina aldagarria dute, baina gehienetan 2 eta 13 metro bitarteko diametroa izaten dute, geihenek 3 eta 10 metro bitarteko diametroa dutelarik. Mairubaratza osatzen duten harriak edo lekukoak ortostato izena dute. Harri kopurua ez da beti berbera: 8 eta 50 ortostato bitartekoak dira gehienak. Ortostato hauek harlosak edo blokeak izan daitezke, lekuko geologiaren arabera.
Bi eraikuntza mota izan dezakete mairubatza hauek. Batzuk harrespil bakunak edo simpleak dira, harlosaz eginak. Besteek estruktura tumularra dute barruan. Kasu gutxitan, mairubaratzek trikuharri bat inguratzen dute, Pozontarrin bezala, Adarrako megalitotegian.
Mairubaratza batzuetan badira nabari agertzen diren zutarriak, hau da, ortostatoen artean bat nabari dena. Zutarri hauei monolito edo menhir esaten zaie. Menhir hauek, askotan, isolatuta egoten dira.

Illarrita mairubaratza, Okaben, Benafarroan
Mairubaratzak, batzutan, bakarrik ikusten ditugu, baina gehienetan multzoak osatuz egoten dira. Euskal Herrian, Okabe inguruko Illarrita izenekoa da ezagutzen den multzorik handiena. Bertan 25 harrespil daude.
Mairubaratzen kokapena, beste megalitoen kasuan bezala, mendi-lepoak, mendibizkarrak, maldeko zelaiguneak, bi mazeletan, dira. Larre-aldaketaren bide zaharren ondoan, ikuspegi zabalak begiztatu daitezken lekuetan.
Euskal Herriko mairubaratzak
Euskal Herrian aurkitzen ditugun mairubaratzak hildakoen errautsak jasotzen dituzte. Seguraski K. a. lehen milakadan bizi ziren artzainenak.
Euskal Herriko mairubaratzen banaketa geografikoari arretaz begiratzen badiogu, berezitasun hau ikusiko dugu, J. Altunak 1977an dierazi zuen bezala: “Leizaran ibai honetan desagertzen direla mairubaratzak, hau da, Euskal Herriaren bihotzean”. Baskoiekin zerikusia dutela dirudi.
Euskal Herriko ekialdean (Nafarroan, Behe Nafarroan eta Gipuzkoako ekialdean), Adarrako mendilerroa barne, oso ugariak dira. Hurrengo mendilerroan, berriz, Uzturre-Ipulinon, ez dago bat bakarrik ere. Eta hemendik sartalderuntz, bakan batzuk bakarrik ezagutzen dira (Aralar eta Bizkaiako lurretan).

Añona mairubaratza, Aranon, Nafarroan