Gipuzkoako Karta Arkeologikoan Onyi-Mandoegi izena daraman megalitotegia Oindi mendian hasi, Adarramendi eta bere inguruetan zabaldu eta Deskargaraino iristen da. Deskarga, Abade Kurutzutetik Leizaran ibai aldera doan maldan dago. Megalitotegi honetan mairubaratzak edo harrespilak dira ugarienak, baina badira zutarri edo menhir eta trikuharri batzuk ere.
Mairubaratzak 70 bat dira eta 14 multzotan banatuta daude. Mendilerro honetako Nafarroako lurretan ere badira harrespil multzo ederrak.
Orri honek, alde batetik, garrantzitsuen diren megalitoen argazkiak eskaintzen ditu. Baita panorama batzuk ere, toki berezi batzuetatik hartuak. Hegaldi birtual bat ere jasotzen du, eta 3D bat Etenetako mairubaratzarena, bere zutarri eder eta guzti. Gaurko mendizale askok GPS bat dutenez, UTM koordenatuak ere agertzen dira.