Euskal Herriako mairubaratzak hildakoen errautsak jasotzen dituzte. Ziuraski K. a. lehen milakadan bizi ziren artzainenak.
Mendilerro honetan ikusten den lehendabiziko berezitasuna, J. Altunak 1977an adierazi zuen bezala, zera da: “Leizaran ibai honetan desagertzen direla mairubaratzak, hau da, Euskal Herriaren bihotzean”. Baskoiekin zerikusia dutela dirudite. Euskal Herriko ekialdean (Nafarroan, Behe Nafarroan eta Gipuzkoako ekialdean), Adarrako mendilerroa barne, oso ugariak dira. Hurrengo mendilerroan, berriz, Uzturre-Ipulinon, ez dago bat bakarrik ere. Eta hemendik sartalderuntz bakan batzuk bakarrik ezagutzen dira (Aralar eta Bizkaiko lurretan).
Adarrako megalitotegi honetan badira zirkulu osoa mantentzen duten mairubaratzak, 50 ortostato edo harri-lekuko baino gehiago dituztenak. Baita, Pozontarrin gertatzen den bezala, trikuharri bat inguratzen duen mairubaratz bat ere.
Mendilerro honetan 50 hamarkadan L. Peña Basurtok egin zituen miaketa lan ugariak. Gero 70 eta 80 hamarkadetan L. del Barrio, L. Millán, I. Gaztelu, J. Altuna eta K. Mariezkurrenak, batez ere, jarraitu zituzten miaketa lan hauek. Hala eta guztiz ere azken urte hauetan mairubaratz berriak aurkitu izan dira. Horrela, 1995an, Amunolan L. Zalduak eta Tximistan I. Gazteluk. Azkenekoak, 2001an, Deskargan A. Gómezek aurkitutakoak.