Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kultura Sustatu
 

Azken eguneratzea: 2011/10/18

Jaurlaritzak 440.000 euro jarriko ditu zinema-aretoak digitalizatzeko

Jaurlaritzaren Kontseiluak zinema-aretoak digitalizatzeko laguntzak arautzen dituen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Diru-laguntzen lerro berri honetarako 440.000 euroren aurrekontua aurreikusi da.

Gaur onartu den agindu honen xedea da 2011 urtealdian zinema-aretoetan proiekzio digitalerako sistemak ezartzeko laguntzak emateko deialdia egitea eta horretarako baldintzak ezartzea. Agindu honen ondorioetarako, eta ikus-entzuleek kultura-ekoizpenaren dibertsitatea eskura izateko helburuz, digitalizaziorako laguntza hauek zinema-aretoek egiten duten programazioaren arabera emango dira.

Laguntzak jaso ahal izateko, zinema-erakusketarako aretoen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: aretoa Euskadiko Autonomia Erkidegoan finkatuta egotea eta 2011ko abenduaren 31n proiekzio digitala emateko gauza izatea; toki berean eta enpresa-izen berean kokatutako pantaila bat edo gehiago (laguntza-modalitatearen arabera) edukitzea. Gainera, areto hauek, agindu hau argitaratu baino gutxienez sei hilabete arinagotik publikoari irekita egon beharko dute; leihatila eta diru-sarreren deklaraziorako sistema bat izan beharko dute, eta Kultura Ministerioaren Zine eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuko zinema-aretoen erregistroan (ICAA) izena emanda egon beharko dute.

Dena den, laguntza jaso ahal izateko, zinema-aretoek Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrak sartu behar dituzte beren programazioan, %35eko proportzioan gutxienez eta aginduan adierazitako modalitate bakoitzarekin bat, 2010eko uztailaren 1etik 2011ko ekainaren 30era bitartean. Lehentasuna izango dute jatorrizko bertsioan eta euskaraz ematen diren emanaldiek.

Hiru laguntza-modalitate daude:

1.- Gehienez bost pantaila dituzten eta urteko programazioaren %40, gutxienez, Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrekin betetzen dituzten zinema-aretoetarako laguntzak.

2.- Gehienez bost pantaila dituzten eta urteko programazioaren %35etik gora eta gehienez %40 Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrekin betetzen dituzten zinema-aretoetarako laguntzak.

3.- Bost pantaila baino gehiago dituzten eta urteko programazioaren %50, gutxienez, Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrekin betetzen dituzten zinema-aretoetarako laguntzak.

Deialdian ezarritako laguntzen gehienezko zuzkidura, guztira laurehun eta berrogei mila (440.000,00) euro da. Horietatik, berrehun eta hogei mila (220.000,00) euro erabiliko dira gehienez bost pantaila dituzten eta urteko programazioan gutxienez %40 Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrak sartzen dituzten aretoetarako modalitatean; beste berrehun eta hogei mila (220.000,00) euroak deialdi honetako beste bi modalitateetarako erabiliko dira.

Diruz laguntzeko gastutzat hartuko dira proiekzio digitalerako ekipoak erosteko eta instalatzeko gastuak. Zinema-aretoak digitalizatzeko laguntza hauek ezingo dute gainditu proiekzio digitalerako ekipoak erosteko eta instalatzeko gastuen %50.