|
Musika, antzerkia eta zinema (ez komertziala) dira nagusiak euskal kultur eskaintzan; hau da, Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian egiten diren kultur ekitaldien %80 kultur diziplina hauetan banatzen dira, eta musika da hain zuzen guztien gainetik agertzen dena, lurralde hauetan egiten diren kultur emanaldien %43rekin, alegia.
Bizkaiak hartzen du lehen posizioa kultur emanaldiei dagokienez, %37,7-rekin; Gipuzkoa bigarren lekuan dago (%30,58), ondoren Nafarroa (%21,98) eta Iparralde (9,73%) datozelarik.
Datu hauek Kulturaren Euskal Batzordeak, Kulturaren Euskal Planaren baitan, eginiko ikerketa batean jaso dira. "Euskal Herriko Kultur Emanaldien Eskaintza, 2008ko urtarrila-ekaina" txosten honek, aurtengo urtarriletik ekaina bitartean Euskal Herriko hiru egitura administratiboetako egunkarien kultur agendatan oinarritu du bere lana. Guztira, 2008ko urtarriletik ekaina bitartean 16.656 kultur ekitaldi aztertu dira.
Ikerketa-lan hau gaur aurkeztu da prentsaurrean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan izan dira Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Kultura diputatuak.
Kultura Sailak orain aste gutxi aurkeztu zituen Euskal Herriko kultur ohituren eta praktiken inguruko datuak, non nabarmenki ikusten zen irakurketa eta musika zirela euskal herritarren kultur kontsumo edota praktika nagusienak. Gaur aurkeztu den txostenak, aitzitik, kontsumoa baino kultur eskaintza eta programazioaren inguruko xehetasunak plazaratzen ditu.
Aipatu txosten honek, Euskal Herrian gertatzen diren kultur emanaldien eskaintzaren argazki osatu bat lortu nahi du, haren berezitasunak gertutik ezagutzeko eta bere ondorengo bilakaera neurtzeko. Modu honetan, kultur emanaldien jarraipena egin ahal izateko tresna egoki bat izan nahi du, urtean zehar gertatzen den kultur programazioaren nondik norakoa zehazteko, eta kultur sektore desberdinetako eragileen planifikazioan lagungarri bilakatzeko asmoarekin.
Bestalde ere, Euskal Herrian antolatzen diren kultur emanaldien lurralde banaketa edota antolamendua ezagutu nahi da ikerketa honen bidez; hots, besteak beste kultur jardueren eragile nagusienak antzeman, kultur emanaldien eskaintzaren sektorekako antolamendua aztertu, euskararen presentzia neurtu eta sektore arteko azterketak (urteko txostena) prestatu.
Euskal Autonomi Erkidego, Nafarroa eta Iparraldeko egunkarietako kultur agendak hartu dira txosten honen iturri gisa; Euskal Autonomi Erkidegoan, Vocento Taldea (El Correo eta El Diario Vasco), Noticias Taldea (Noticias de Alava, Noticias de Guipúzcoa, Deia), Gara eta Berria; Nafarroan, Diario de Noticias de Navarra, Gara eta Berria; eta Iparralden, Euskal Kultur Erakundearen webgunea, Berria eta Gara.
"Euskal Herriko Kultur Emanaldien Eskaintza, 2008ko urtarrila-ekaina" txostenaren ondorio nagusienak EAE eta Nafarroan:
- Musika emanaldiek, antzezlanek eta zinema ez komertzialak kultur programazioaren %80 osatzen dute.
- Musika emanaldiak kultur programazio osoaren %43ra iristen dira.
- Lurraldekako banaketa honakoa da: Bizkaia (%38), Gipuzkoa (%30), Nafarroa (%22) y Araba (%10). Alabaina, Gipuzkoak dauka 10.000 biztanle /hileko emanaldien ratio altuena (59), Nafarroa bigarrena delarik (48,7).
- Analisiak iraun duen denboran, lurraldeek eskainitako batezbestekoa 10.000 biztanle/hileko 8,14 kultur emanaldikoa da.
- Hiriburuek hartzen dituzte kultur emanaldien gehiengoa. Lurraldeekin alderatuta, hiriburuak duen kontzentrazio maila altua da Arabaren kasuan, kontzentrazio maila ertaina Bizkaian eta Nafarroan; eta Gipuzkoan kontzentrazio maila baxua ematen da bere hiriburuan.
- Hiriburuak alde batera utzirik, Gipuzkoako eskualdeetan biltzen dira emanaldi gehienak; EAEko emanaldi gehien biltzen dituzten eskualdeak Bizkaiko Uribe Kosta (650) eta Ezkerraldea (613) dira.
- Emanaldien hilabetekako banaketaren batez bestekoa 2.236ra iristen da (eguneko 73,7 emanaldi). Maiatzean antolatzen da ekitaldi gehien (2.833).
- Kultur ekitaldi gehienak asteburuetan antolatzen dira (ostirala, larunbata, igandea); ekitaldi guztien erdia baino gehiago, hain zuzen (7.825 emanaldi, %58,3).
Donostia, 2008ko abenduaren 18an
|