Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteak irabazi du UKAN 2008 saria
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Lehendakaritzan egindako ekitaldiaren edukia aldatu egin da gaur goizean Azpeitian egindako atentatuagatik. Halaber, hiru aipamen berezi jaso dituzte Eroski, Ikea eta Microsoft enpresek.
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, gaur arratsaldean egindako ekitaldian Gasteizen, Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteak jaso du UKAN 2008 saria. Halaber, hiru aipamen berezi jaso dituzte Eroski, Ikea eta Microsoft enpresek. 150 lagunetik gora bertan zirelarik, lehenengo aldiz Lehendakaritzan egindako ekitaldiaren nondik-norakoak aldatu egin dira -musika emanaldiak eta festa giroko edukiak bertan behera geratu dira- Azpeitian egindako atentatuagatik, zeinean Ignacio Uria Mendizabal hil duten. Atentatua irmoki gaitzetsi egin du Miren Azkarate Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, minutu bateko isilunea egin delarik.
Honatx 2008ko UKAN Saria aurtengoan 25. urteurrena betetzen duen ARRASATE EUSKALDUN DEZAGUN elkarteari ematea justifikatzen duten merezimenduak:
-euskarak, euskararen munduak eta euskalgintzak desiragarri ez ezik nahitaezkoa duten zabaltasunaren aldeko jarrera hasiera beretik erakutsi izanagatik.
Honatx, bestalde, hiru aipamen bereziak direla eta, epaimahaiak azpimarratutako merezimenduak:
-EROSKI kooperatiba elkarteari, "Consumer Eroski" kontsumitzaileentzako aldizkariaren euskarazko bertsioa berariaz egin eta zabaldu izanagatik.
-IKEAri, hain hedapen eta onarpen zabala duen urteko katalogoaren euskarazko bertsioa lehen aldiz egin eta zabaldu izanagatik, eta
-MICROSOFTi, Windows Vista sistema eragilea eta Office 2007 ofimatikako paketea euskaraz plazaratu izanagatik.
Ekitaldian proiektatu den “Gogoa zubi” dokumentala:
Mikel Laboaren "bizitza osoko" konpromisoa
Bere mintzaldian Miren Azkarate Kultura sailburuak gogorarazi du Ukan Sariek xede bakarra dutela: euskararen sustapenaren zabalkundearen eta normalizazioaren alde aparteko lana burutu duten edo/eta burutzen ari diren pertsona fisiko edo juridikoei jendaurreko aitorpena egitea eta, aldi berean, gizarteko gainerakoak lan horretan parte hartzera bultzatzeko bide izan daitezkeen merezimenduzko jardun horiek agerian jartzea.
Jarraian, "konpromiso izugarria" izan duen pertsona bati gorespen hitzak eskaini dizkio sailburuak. "Astelehenean itzali zen bere bizitzak bizitza osoko konpromiso bat izan zuen. Gaur ez du saririk jasoko, baina bai euskaldun eta euskaltzale guztion aitormena, bihotzezko aitormena. Xalbadorren Herria eta hizkuntza abestu zuen Laboak: "hori dugu berexik guk Euskal-herrian"…"Herria da gorputza, hizkuntza bihotza". Mikel Laboa gogoan, hitz hauek izan daitezela Euskararen Nazioarteko Egun honen ikur".
Eleaniztasunak berrikuntza dakar
Miren Azkarate sailburuak Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak prestatuak zeuzkan hitzak irakurri ditu, ezin izan baitu ekitaldian parte hartu Azpeitiko atentatua dela eta. Lehendakariaren izenean Azkaratek nabarmendu du Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna "testuinguru berezi" batean gertatu dela. "Batetik, Hizkuntzen Nazioarteko Urtea da amaitzear dagoen 2008 hau. Bestetik, Euskadin berrikuntzari eskaini diogun urtea izan da. Bi norabideko bektorea da ospakizunok lotzen dituena: eleaniztasunak berrikuntza dakarkio gure gizarteari, eta berrikuntzak, eleaniztasuna".
Lehendakariaren ustez, irakurri du Azkaratek, eleaniztasunak eta berrikuntzak osatzen duten identitate horrek "ezinbestekoa du eguneratzea", eta eguneratzea bezainbeste, "lankidetza". Eta hori jakiteak bultzatu du, hain zuzen ere, Euskararen Aholku Batzordea mende hasi berri honek eskatzen duen hizkuntza politikaren ildo nagusiak aztertu eta birformulatzera. Lankidetza eta adostasunaren kontzeptuak dira, beraz, Konbentziturik agertu da "Euskara 21" izenez ezagutzen dugun gogoeta eta eztabaida prozesu zabal eta sakonaren muinean dauden "gako eta printzipio" horien eskutik iritsiko direla, urtea amaitzearekin bateratsu, "XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak" geure herri erakundeei eta gizarte osoari proposatzera.
Azken aldian euskarari bizkarra eman nahi lioketen "badaezpadako eleaniztasuna" aldarrikatzen dutenentzat ere hitzak izan ditu Lehendakariak. "Badaezpadako eleaniztasuna esan dut, eta samur kalifikatu dudalakoan nago saio antzu hori. Izan ere, historiak hobekien tratatu dituen hizkuntzen nagusitasunaren aldeko jarrera garbia da horrelako aldarrikapenek ezkutatu ez, baizik eta agerian uzten dutena".
Alabaina, jarraitu du Azkaratek Ibarretxeren izenean, "haratago" doa kontua. Esan duenez, hizkuntza bakar batean jardutea beste erremediorik izango ez lukeen euskal gizarte bat proposatzen dute de factoko elebakartasun honen aldekoek. "Honako hau esaten digute, batere lotsarik gabe: "ez dugu zertan euskararik ezaguturik, euskal herritar guztiok beste hizkuntza bat ezagutzen baitugu, eta hura erabil dezakegu arazorik gabe elkar ulertzeko". Eta hori gutxi balitz, abertzaletasunarekin loturiko obsesiotzat salatu ohi dute, horrela pentsatzen dutenek, euskara biziberritzeari buruzko kezka eta, beraz, eleaniztasun orekatuaren aldeko politika".
Zorionez, gaineratu du euskal gizartearen gehiengo zabala "oso urruti" dagoela zurruntasun horretatik. "Zorionez, guztiz bestelako norabidean doaz euskal herritar gehienak, berrikitan ezagutu dugun azken Inkesta Soziolinguistikoak garbi asko erakusten duenez. Gero eta gehiago gara, ezbairik gabe, euskal herritar elebidunak. Euskal herritar gazteenak dira, gainera, elebidunenak, eta bereziki pozgarria da gurean errealitate arriskutsua izan dena irauli izana".
Azkaratek Ibarretxeren izenean adierazi duenez, "inor ito gabe", nork bere erritmo eta ezaugarrien arabera, inoren borondatea "bihurritu gabe", baina erabaki "garbi eta eragingarri" baten ondorioz, herritar elebakarrak "euskarara etorri behar du", oinarrizko maila bateraino bada ere, horrela bakarrik bidera daitekeelako, praktikan, hizkuntzen arteko "aukera berdintasuna".
Era berean, euskara esparru guztietara, eta gaur bertan, eraman nahi luketen "presatiei", zera gogorarazi die: euskarari sostengu eman, ematen eta emango dion gizarte honetan hizkuntz errealitate ugari dagoela, eta "den-denak dira errespetagarriak". Bere irudiz, herritar bakoitzaren hizkuntz aukera da bermatu beharreko baliorik "funtsezkoena", baita aukera hori "guk egingo genukeenarekin zerikusirik ez duenean ere, edota, akaso, kasu horretan batez ere".
"Hizkuntzen arteko bizikidetza, azken batean, hiztunen arteko bizikidetza baino ez da, eta bizikidetzak, beti, "hurkoarenganako hurbilpena" eskatzen du, "ezinbestez", esan du Azkaratek Ibarretxeren izenean, zeinaren ustez herri honek "ongi asko" dakien zein den, garairik zailenetan ere, "arrakastaren giltza": duela ez hainbeste urte pentsaezina zen egoera baikor honetara ekarri baldin badugu euskara, mehatxuetatik aukerak sortzen eta ahultasunak indar bilakatzen asmatu dugulako izan da". "Euskaren biziberritzeari dagokionez ere, ezina ekinez egina da, beraz, gure ikurra", amaitu du Azkaratek.