|
|
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak elkarrekin antolatutako Kimuak programako 11. edizioak baditu jada protagonistak. Euskal film laburrak sustatzea helburu duen katalogo honetan parte hartzeko aukeratutako lanen artean, Gipuzkoan ekoitzitakoak nabarmendu dira aurtengoan; izan ere, aukeratutako zortzi lanetatik zazpi Gipuzkoan egindakoak dira. Katalogoan sartutako zortzigarren lana, berriz, Bizkaian egindakoa da. Kimuak 2008 katalogoak aurreko aukeraketen bide bera jarraitzea helburu izan duen arren, aurtengoan hainbat berrikuntza izan dira. Lehenik eta behin, katalogoan hiru genero handiak azaltzen dira lehen aldiz; hau da, fikzioa, animazioa eta dokumentala. Gainera, laugarren genero hibrido batek ere, dokumental faltsuak, lekua du aurtengoan.
Bestalde, Kimuak ekimeneko historian lehen aldiz, bi zuzendarik, Jon Garaño eta Raúl López donostiarrek, bina lan izango dituzte katalogo berean. Era berean, aurtengo katalogorako aukeratutako zuzendarien artean bik bakarrik hartu dute parte Kimuak programako beste edizio batzuetan; hain zuzen ere, 2006ko katalogoan sartutako David Gonzálezek eta 2007koan izandako Izibene Oñederrak. Horrenbestez, argi dago zuzendarien berrikuntza ziurtatuta dagoela. Generoei dagokionez, aurtengoan fantastikoa, drama eta dokumentala izan dira nagusi; azken kasu horretan, gainera, dokumental tradizionalak zein dokumental faltsuak izango dute lekua. Era berean, animazio esperimentalak eta literatur erreferentziek ere badute presentzia aurtengoan.
Katalogoa irekiko duen lana Jon Garañok Etiopian filmatutako eta Moriarti Produkzioak etxeak ekoitzitako Asämara dokumentala da. Film laburrari izenburua ematen dion hitzak "lan egitera bidali" esan nahi du etiopieraz eta, bertan, Afrikan lan egin beharrean aurkitzen diren haurren errealitatea aztertzen da; hori bai, ikuspuntu bortitza, adeitsua edota errukiorra erabili gabe.
Katalogoko bigarren lana Javi Alonso eta Raúl Lópezek zuzendutako eta Hernaniko La Burla Producciones enpresak ekoitzitako Autorretrato drama zapaltzailea da; aurrez aurre dauden bi emakume dira laneko pertsonaia bakarrak.
Hirugarren film laburra Artelekun Vuk Jevremovic artista kroaziarrak koordinatuta eta Isabel Herguera donostiarraren partaidetzarekin burututako animazio tailer baten egindako Berbaoc da. Egileak José Belmonte, Gustavo Díaz, Irati Fernández, Izibine Oñederra eta Mercedes Sanchez-Agustino animatzaileak dira, eta lana Xabier Erkiziaren soinu konposizio batean oinarritutako esperimentazio askea da.
Laugarren film laburra Aritz Moreno donostiarrak zuzendutako eta Donostia bertako Pok Produkzioak ekoitzitako Cotton Candy da. Julio Kortazar idazle argentinarraren No se culpe a nadie ipuinean era askean inspiratutako lana da; bertan, ipuinak berezkoa duen zentzugabekeria eta irrealtasun sentsazioa ematea lortzen du Aritz Morenok.
Hurrengo film laburra On the line dokumental faltsua da -Asämara dokumentala bezala, Jon Garañok zuzendutakoa eta Moriarti Produkzioak etxeak ekoitzitakoa da-. On the line lanean, Nafarroako Errege Bardeak Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko muga bihurtzen dira; bertan, etorkin mexikarrek muga igarotzea galaraztea helburu duten boluntario armatuak aurkituko ditugu.
Bizkaian egindako lan bakarra David Gonzálezek zuzendu eta ekoitzitako El tiempo prestado da. Familia drama horretan, mugitzen ez den kamera bat hirugarren adinekoek etxebizitzetan dituzten mugikortasun arazoen lekuko da.
Raúl López eta Gregorio Muro gipuzkoarrek elkarrekin zuzendutako eta ekoitzitako Tras los visillos thriller fantastikoa da. Tentsioz betetako gore ukituko istorio ilun batean, serieko hiltzaile bat, zain zirujau bat, adineko emakume kuxkuxero bat, izututako salatari bat eta adimen gutxiko sikario bat aurkituko ditugu.
Katalogoa ixten duen film laburra Gorka Comejo donostiarrak zuzendutako eta Donostia bertako Koldo Zuazuak ekoitzitako Yo sólo miro da. Istorio goibel batean, adineko senar-emazte batzuen sekretu ez aitortuak ezagutarazten dira. Azken lan honek hainbat sari lortu ditu dagoeneko, tartean Elxeko Nazioarteko Zinema Jaialdikoa.
Kimuak 2008ko film laburrak irailean aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldian eta, ordutik aurrera, aurreko urteetako lanek izandako ibilbide arrakastatsu bera izatea espero da.
Donostia, 2008ko abuztuaren 5a
|