|
1.- Deialdi honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan edozein hizkuntzatan egingo diren film laburrak sustatzea, hedatzea eta banatzea da. Film horien izen generikoa "KIMUAK" izango da. Euskadiko Filmategia Fundazioak editatutako katalogo baten bidez beteko da helburu hori, nazioko eta nazioarteko mota horretako ikus-entzunezko jardueren jaialdietan eta foroetan zabaltzearen helburua kontuan harturik.
Deialdi honetara zine edo bideo formatuan eginiko edozein ikus-entzunezko obra aurkeztu ahal izango da. 30 minutu baino gutxiago iraun behar dute. 35 mm-ko azken kopia eduki behar da, eta kopia horrek 2007ko irailaren 30a baino beranduago egina izan behar du.
2.- 2008ko KIMUAK Programan parte hartzeko eskaera egiteak hainbat ondorio dakartza: parte-hartzaileek Euskadiko Filmategia Fundazioak Deialdi honetan begietsitako jarduerak garatzea eta sustatzea onartu eta baimendu beharko dute. Bestetik, aurkezten diren eta hautatzen dituzten film laburren zatiak edo film labur osoak sustapenerako euskarrietan sartzea ere onartu eta baimendu behar dute.
Helburu horretarako eskaera egiten duena helburu hori betetzeko beharrezkoak diren baimenak lortzeaz arduratuko da. Aurkeztutako obren autore materialei dagokionez, baimen horiek lortzea beharrezkoa da.
3.- 2008ko KIMUAK Programan baldintza hauek betetzen dituzten errealizadoreek eta produktoreek parte hartu ahal izango dute:
a) Eskatzailea errealizadorea bada, deialdi hau kaleratu aurreko urtebetean Euskal Autonomia Erkidegoan bizitakoa izan beharko du, edota Erkidegoan, gutxienez, bost urtez jarraian bizi izan dela frogatu beharko du, edota aldika hamar urtez.
b) Eskatzailea produktorea edota produkzio-etxea bada, EAEn helbideratuta egoteaz gain, inbertsioaren % 50 izan beharko du, gutxienez. % 50 eduki ezean, produkzioko parte-hartzaileen arteko portzentaje handiena berea izan beharko da, gutxienekoa % 35 izango delarik. Dena dela, produktoreak derrigorrez Instituto de la Cinematografía y de las Artes Audiovisualeseko (I.C.A.A, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua) Kalifikazio Ziurtagiria eman beharko du.
4.- Eskaerak egiteko epea maiatzaren 5etik uztailaren 24ra bitartekoa da, bi egunak barne. Eskaera horiek Euskadiko Filmategia Fundaziora (2008ko KIMUAK Programa) bidali beharko dira DVDaren kopiarekin batera. Helbidea:
Euskadiko Filmategia Fundazioa (2008ko KIMUAK programa)
Antso Jakituna hiribidea, 17 - atzea
20010 Donostia
Tel.: 943 11 55 11 / Faxa: 943 46 99 98
E-maila: kimuak@filmotecavasca.com
5.- 2008ko KIMUAK Programako edizio honetan parte hartzen duten film laburren artetik kalitate irizpideen, zuzendaritzaren, antzezpenaren, gidoiaren, argazkiaren eta proposamen berrien arabera hautatutakoak sartu ahal izango dira Katalogoan. Jatorrizko bertsioa euskaraz filmatzea kontuan hartuko da, bai eta proiektuan artista eta tekniko euskaldunek parte hartzea ere.
6.- Balioesteko Batzorde bat eratuko da, eta arlo honetan lan egiten duten profesional eta aditu ospetsuen artean aukeratutako bost kidek osatuko dute. Batzorde horrek aurkeztutako eskaerak analizatuko eta ebaluatuko ditu. Hautaketaren emaitzak parte-hartzaileei eta komunikabideei jakinaraziko zaizkie.
7.- Hautatutako parte-hartzaileak gauza hauek eman behar dituzte derrigorrez: obraren sinopsia, fitxa artistikoa eta teknikoa, 4 argazki edo diapositiba, kartela, zuzendariaren biofilmografia, gaztelerazko, ingelesezko eta frantsesezko elkarrizketen zerrenda, laborategiko 35 mm-ko kopia berria eta Betacam Digital bat. Baldintza hauek betetzeaz gain, produkzio-etxearen eta zuzendariaren helbideak eta beraiekin kontaktatzeko modua ere erraztu beharko dituzte.
Emandako datuekin publizitate-foiletoak egingo dituzte, eta euskarri inprimatuen eta ikus-entzunezko euskarrien Katalogoan sartuko dituzte. Halaber, hautatutako film laburrak ere sartuko dituzte Katalogoan, eta munduko jaialdi garrantzitsuenetara bidaliko dituzte. Ingelesez, frantsesez eta bere lekuan gazteleraz azpititulatuta bidaliko dituzte.
Era berean, Katalogoa film laburren programazioak egiten dituzten telebistetako erosketa arduradunei bidaliko diete, bai eta banatzaile eta nazioarteko agente nagusiei ere.
8.- Betebehar orokorrez gain, produktoreek film laburrak egun horretara arte parte hartu duen jaialdien eta emandako sarien berri eman beharko diote Euskadiko Filmategia Fundazioari, KIMUAK Programa kudeatzen duenari, alegia. Bestalde, Euskadiko Filmategia Fundazioak urtero, gutxienez, bi kudeaketa-txosten egiteko konpromisoa hartuko du.
Donostian, 2008ko maiatzaren 5ean
|