Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2007/02/07
Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak Hitzarmen-markoa sinatu dute hizkuntza politika gaietan jarduteko
Euskararen Erakunde Publikoak Baionan duen egoitzan izandako bilkuran, Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik, erakundearen presidentea, Max Brisson jauna, Estatuko ordezkaria den Baionako suprefeta, Jean-Jacques Caron jauna, presidenteordeak diren Vincent Bru eta Francois Maitia jaunak, eta Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria Jean Claude Iriart jauna izan dira

Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskara eta hizkuntza politika gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen-markoa sinatu dute Baionan. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, berriz, Miren Azkarate andrea, Kultura sailburua, Jose Mari Muñoa jauna, Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako komisionatua, Patxi Baztarrika jauna, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Miren Mateo andrea, Koordinaziorako zuzendaria eta Lorea Bilbao andrea, aholkularia, izan dira.

Gaur sinatu den hitzarmen-markoaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko eta erakunde mailako harreman iraunkorrak ezartzeko bideak finkatu dituzte, herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuta.

2003. urtean Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Obragintza Publikoko partaide ziren ordezkariek sinatutako protokoloak ate berriak ireki zizkion Iparraldeko eta Hegoaldeko erakunde publikoen arteko lankidetzari. Lau urtez, protokolo horri esker, bi partaideek lan harreman teknikoak garatu izan dituzte hizkuntza politika arloan, eta Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten Ipar Euskal Herriko erakunde pribatuentzat diru-laguntzak eman ditu.

Euskararen Erakunde Publikoaren sorrerak eta Hizkuntza Politika Proiektu berri baten onartzeak mugaz gaindiko euskara arloko lankidetza gehiago sakontzea eta garatzea ahalbideratu diete hizkuntza politikaz arduratzen diren instituzioei.

Hitzarmen berri honen izenpetzea, euskararen aldeko politika publikoen obratze gaietan mugaz gaindiko lankidetza bat, bi Estatuen adostasunarekin, ofizialki egituratzearen borondate amankomun honen emaitza da. 

Hitzarmenean finkatutakoaren arabera, urtez urte lotuko dituzte bi erakundeok elkarlanean gauzatuko dituzten programa zehatzak, bai eta gauzatze horren xehetasunak: alde bakoitzak egingo dituen ekarpenak, baliabideak, ekimenen zabalkundea, eta abar. 
 

2007an, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak ekimen hauek aurreikusi dituzte elkarlanean garatzeko: Euskal Herriko IV. Inkesta Soziolinguistikoa; jarraipen eta ebaluaketa adierazle amankomunen definitze eta antolaketa eta bi erakundeetako zerbitzuen arteko partaidetza teknikoak.

1.450.000 eurotako fondoa 2007rako

Bestalde, euskararen erabilera areagotzeko xedez, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile pribaturen lana kofinantzatzeko, lankidetzarako fondoa eratuko da, alde bien ekarpenez. Ondorioz, alde bien arteko dirulaguntza deialdi bateratua eta publikoa egingo da. Horretarako, 2007an, 1.450.000 eurotako fondoa finkatu da.

Azkarate andreak adierazi duenez, gaur "muga handi bat" gainditu du euskarak. "Historikotzat" jo du, baita ere, hitzarmena, euskararen lurraldean egitura juridiko-administratibo diferenteak dauden arren, euskara "bakarra denez" eta egitura juridikoen gainetik "guztiona den eta guztion babesa behar duen" ondare kulturala denez, guztion arteko "elkarlana instituzionalizatzen duelako". Gaineratu du hitzarmen hau historikoa dela, "agerian jartzen" delako posible dela lurralde bakoitzeko egitura juridiko-administratiboak errespetatuz eta herri-erakundeek elkar onartu eta errespetatuz, "batzen gaituenaren alde elkarrekin lan egitea: kasu honetan lankidetza posible da ezeren gainetik euskarak batzen gaituelako". Sailburuaren esanetan, historikoa da hitzarmena, gaur modu "formalizatu eta instituzionalizatu batean hasiko den lankidetza bide honek nekez izan ahalko duelako atzera bueltarik". 
 

Bere aldetik, Max Brisson Jaunak goraipatu ditu 2003tik goiti garatuak izan diren "harremanen kalitatea" eta bi partaideen arteko "konfiantza giroa"; horiei esker, erran du gaur lankidetza handinahi eta "berritzaile bat izenpetu ahal" izan dutela. Halaber, adierazi du bi instituzioen arteko kooperazioa euskararen arloko jarduera batzuk "elkarrekin eramate eta diru tresna amankomun bat eratzeraino" doala orain. "Pozten gara mugaz gaindiko harreman instituzionalek horrelako lankidetza maila lortzeaz, bereziki partekatzen dugun ondarearen oinarrizko elementu bat den euskara alorrean", gehitu du Brissonek.

Euskara biziberritzea Ipar Euskal Herrian xede

Hitzarmenean alderdi biek adierazten dute hizkuntza politikaren arloan garatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta ezaugarri juridiko horien artean diren ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dute. Hitzarmena mugaz bi aldeko erakunde publiko ezberdinen arteko euskara sustatzeko politika garatzeko tresna izatea nahi dutela aitortzen dute sinatzaileek. Euskadin eta Ipar Euskal Herrian hizkuntza komuna delako euskararen praktika garatzeko eta atxikitzeko nahia baieztatzen dute alderdiek, beti ere bakoitzaren berezitasunak errespetatuz. Alderdi biek adosten dute, dituzten eskumenen esparruan, bakoitzaren gizarteko errealitate politiko eta sozialak gero eta hobeto ezagutarazi eta elkarren arteko adiskidetasuna garatu nahi dituztela. Halaber, alderdi biek aitortzen dute beharrezkoa dela bien arteko harremana indartzea jadanik abian dituzten edo aurrerantzean izan ditzaketen ekimenak bermatzeko eta bien intereseko lankidetza garatzeko. Alderdi biek mugaz bi aldeetako partaidetza bat azkartzeko borondatea eta euskararen arloan hizkuntza politika hitzartu baten egituratzea berresten dute.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren egitekoak eta lan-lerroak kontuan izanik, hitzarmenaren sinatzaileek  ondoko lau erronka horiei lotutako jarduerak elkarrekin antolatzeko edo sustatzeko konpromisoa hartzen dute:

1.- Euskararen transmisioa: erronka horrek adin guzietako hiztunen kopurua emendatu nahi du, eta ondorioz aitzineko urteetan inkesta soziolinguistikoek agerian jarri duen bilakaera aldatu.

2.- Hizkuntzaren presentzia eta erabilera: euskararen presentzia garatu nahi du bizitza sozial publiko zein pribatuaren alor guzietan:
hizkuntza gehiago ikusia eta entzuna izan dadin
gisa horretan, dinamika berri bat sortzeko hiztunek euskara gehiago balia dezaten
hizkuntzak urratsez urrats bere komunikazio funtzioa berriz eskura dezan edo irabaz dezan

3.- Hizkuntzaren kalitatea: hizkuntzaren kalitatea zaindu eta areagotu nahi da, ahoz eta idatziz, erabilera publiko zein pribatuko esparru ezberdinetan.

4.- Gogoa, aldeko jarrera: zeharkakoa da. Helburua da aldeko jarrera bultzatzea, gizartearen atxikimendua azkartzea, aitzineko beste lan sail guzietan eraginkorragoak izateko gisan.

Bestalde, esandako erronkak erdiesten laguntzeari begira eta euskararen bilakaera soziolinguistikoa hobeto ezagutzen joateko, ikerketa-lerroak sustatuko eta bideratuko dira: Euskal Herriko IV Inkesta Soziolinguistikoa, Euskararen presentzia eta erabilera neurtzeko adierazleen definizioa eta horien gaineko informazio trukaketa, besteak beste.

Azkenik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoak, aldian-aldian, elkarri adieraziko dizkiote hizkuntza-politikaren esparruan bi aldeek jakingarri izan ditzaketen ekimenak, hitzarmen honetan jasotako arloen gainekoak izan zein beste arlo jakin batzuetakoak izan.

Hitzarmena elkarlanerako marko eta erreferentzia nagusia izanik, urtero sinatuko da alde bien artean elkarlanerako eranskina.  Urtero, Eranskin horretan zehaztuko dira bi erakundeek elkarlanean gauzatuko dituzten programa zehatzak, bai eta gauzatze horren xehetasunak, alde bakoitzak egingo dituen ekarpenak, baliabideak, ekimenen zabalkundea, eta beste. Euskararen erabilera areagotzeko xedez, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile pribaturen lana finantzatzeko moduaren gaineko zehaztasunak ere jasoko dira Eranskinean. Proiektuak finantzatzeko tresna alde bien arteko dirulaguntza deialdi bateratua izango da eta hau gauzatzeko xedez, lankidetzarako fondoa eratuko da, alde bien ekarpenez osatua. Alde bien arteko adostasunez kudeatuko dira aipaturiko dirulaguntza deialdia eta dagokion lankidetza fondoa.

Miren Azkarate sailburuaren hitzak euskaraz eta frantsesez (word, 302 KB)