|
Eusko Legebiltzarrak 2007ko apirilaren 20an onartu zuen 3/2007 Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute sortze eta arautzeko Legeak eratu zuen, Etxepare Euskal Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da eta euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena du xede eta alde horretatik bere gain hartuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak.
Etxepare Euskal Institutuaren xedeak euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpenarekin lotzen dira, Beñat Etxeparek esan zuen "jalgi hadi mundura" leloaren bidetik. Hori horrela Etxepare Euskal Institutuak honako xedeak ditu:
a) euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera munduan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz; euskara nazioartean onartua izan dadin laguntzea eta sustatzea; eta jarduera horiek hedatzen eta horien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea.
b) Euskal kultura, herri honetan sortutako kultura kanpora hedatzen laguntzea bere forma guztietan
c) Gure herriaren errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea, baita euskal komunitateak dauden edo harreman historiko kulturalek edo komertzialek hala gomendatzen duten herrietara ere.
Gaur onartu den antolakuntza eta jarduera Dekretuak Etxepare Euskal Institutua bi arlo sektorialetan antolatzen du euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako xedea betetzeko:
a) Euskal kulturaren sustapena eta zabalpena
b) Euskararen sustapena eta zabalpena
Euskal kulturaren sustapen eta zabalpen arloaren baitan uztartzen dira musika, arte eszenikoak, ikus arteak, zinema, arkitektura eta diseinua eta alor honen betekizunak honakoak izango dira:
a) euskal sorkuntza artistikoaren zabalpena nazioartean
b) artistak eta hauen lanak munduan zehar zabaltzea
c) nazioartean kultur erakustaldiak antolatu
d) arteen zabalpenerako ekintzabide estrategikoak bultzatu
e) euskal sorkuntza kanpoan ezagutzera emateko kultur eragileen sustapena
f) euskal literatura, jakintza eta ikerketa kanpoan ezagutzera eman horien zabalpena sustatuz
g) Euskadiko kulturaren eta bereziki euskarazko eskaintzaren kanpo zabalpena bultzatu
h) Pentsalari eta ikertzaileen arteko hartu emanak bultzatu
i) Hizkuntza eta kultur aniztasunari buruzko euskal egileen nazioarteko ezagutza sustatu
j) Euskal kulturaren kanpo zabalpenaren alorrean lanean diren eragileei laguntza eskaini
Euskararen sustapen eta zabalpenaren arloaren baitan Etxepare Euskal Institutuak euskararen irakaskuntza, ikerketa eta ezagutza bultzatuko du eta arlo honek honako funtzioak izango ditu:
a) Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskararen ikerketa eta ikasketak bultzatu, lektoradoak eragin eta euskararen ikertzaile eta euskal ikaskuntzen erakundeei laguntza eta babesa eman
b) Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu munduan zehar diren euskal gizataldeetan, euskal etxeen laguntzarekin eta hauen bitartez
c) Beste erakundeekin elkarlanean, Euskal Herritik kanpoko euskara ikasi ahal izateko beharrezkoak diren giza, hizkuntza eta didaktika beharrak bideratu
d) Euskal Herritik kanpoko irakaskuntza behar horietarako tokian tokiko euskarazko irakasleen prestakuntza bideratu
e) Antolatu euskara ezagutza-egiaztagirien azterketak Euskal Herritik kanpo
f) Euskararen presentzia ahalbideratzeko hizkuntza eta kultura erakustazoka nagusienetan parte hartu
g) Euskararen kanpo zabalpena xede izanda sustapen ekintzak koordinatu gaztelania, katalana eta gailegoa zabaltzea xede duten Institutuaren gisa bereko erakundeekin
h) Euskararen kanpo sustapenerako ekintzak euskararen lurraldeko beste erakunde publikoekin koordinatu
i) Elkarlana izan euskararen normalkuntza xede duten erakundeekin
j) Euskararen eta euskarazko sorkuntzaren zabalpena xede izanda, elkarlana bultzatu Unibertsitate edo eta bestelako erakunde publiko eta pribatuekin
k) Euskararen kanpo zabalpena egiten duten erakunde publiko eta pribatuei laguntza eman
l) Teknologietan oinarritutako euskararen kanpo zabalpena bultzatu
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetza-harreman sendoak izaten saiatuko da eta bere jarduerak koordinatuko ditu administrazio publikoek egiten dituztenekin, bai eta erakunde publikoaren helburuetara zuzendutako instituzio guztiek egiten dituztenekin, bereziki, euskal komunitate linguistikoa dagoen lurraldeetako erakundeetakoekin.
Zuzenbide pribatuko herri erakundea
Sortze Legeak aurreikusi moduan, Etxepare Euskal Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da. Etxepare Euskal Institutuaren organo nagusiak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta zuzendaria dira.
Gaur onartu den Antolakuntza eta Jarduera-araudi Dekretuak xedatzen du hauen zereginak eta osaera:
a) Patronatuak 31 kide izango dituela, horietatik 11 berezkoak izango dira, Patronatuaren Presidentea Lehendakaria izango da, Presidente-ordea Institutua atxikita dagoen sailaren Sailburua, beste bost ordezkari kanpo harremanak, kultura, hezkuntza, hizkuntza politika eta ogasuna arloko eskumena duten Sailek izendatuko dituzte, beste hiru Foru Aldundiek eta azkenik, Institutuaren Zuzendaria izango da Patronatuaren kide eta halaber honen idazkaria. Berezkoak diren hauekin batera, Patronatuko beste hamabost kide Institutua atxikita duen saileko sailburuak izendatuko ditu hizkuntza, filologia eta kulturaren alorreko adituen artean, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta unibertsitateak leku propioa izango dutelarik. Azkenik Eusko Legebiltzarrak beste bost kide aukeratuko ditu.
b) Zuzendaritza Kontseiluak zazpi kide izango ditu; Kontseiluko presidentea Institutua atxikia duen sailaren ordezkaria izango da, beste hiru kontseilari kanpo harremanak, hizkuntza politika eta ogasuna sailen ordezkariak izango dira, beste bi Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak aukeratuko ditu eta Institutuaren Zuzendari Nagusia kontseiluko kide izango da.
c) Etxepare Euskal Institutuaren Zuzendariak erakundearen zuzendaritza ardura izango du. Institutuaren bi lan arlo bakoitzak bere zuzendaria izango du eta bi hauek Zuzendari Nagusiaren mende egongo dira.
Etxepare Euskal Institutuaren egoitza nagusia Donostian izango du, Tabakalera eraikinean, eta munduan zehar ordezkaritzak eta mendeko zentroak eduki ahal izango ditu bere helburuak betetzeko. Horretarako, merkataritza-sozietateetan, fundazioetan edo irabazi-asmorik gabeko erakundeetan parte hartu ahal izango du beharrezkoa denean, Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko baimenarekin.
Gasteiz, 2008ko maiatzaren 13an
|