Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2009/02/25
Dantza Garaikidearen V. Zirkuitoa abian
Dantza Garaikidearen Zirkuitoaren V. edizioa otsailaren 28a eta azaroaren 28a bitartean izango da honako toki hauetan: Gasteiz, Agurain, Amurrio, Amorebieta, Durango, Elorrio, Leioa, Bilbo, Andoain, Donostia, Eibar, Lasarte-Oria, Tolosa eta Zumarraga. 21 dantza konpainiek (11 Euskadikoak) 50 emanaldi baino gehiago, guztira, eskainiko dituzte 16 antzokietan.

Dantza Garaikidearen Zirkuitoaren V. edizioa otsailaren 28a eta azaroaren 28a bitartean izango da honako toki hauetan: Gasteiz, Agurain, Amurrio, Amorebieta, Durango, Elorrio, Leioa, Bilbo, Andoain, Donostia, Eibar, Lasarte-Oria, Tolosa eta Zumarraga.

Antzoki publikoen SAREAk antolatu eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzaturik,   Diputazio, hainbat udal eta beste entitate eta komunikabide batzuen laguntzarekin,  aurtengo Zirkuituan, 21 dantza konpainiek (11 Euskadikoak) 50 emanaldi baino gehiago, guztira, eskainiko dituzte.  

Gaur goizean Donostian egindako aurkezpenean izan dira Iñaki Gomez, Kultura Sustatzeko zuzendaria, Antzoki SAREAko Fernando Piñeiro (Donostiako Gazteszena aretoa), Xabier Goitia (Lasarte-Oriako M. Lekuona Kultur Etxea), eta dantza konpainietatik, Asier Zabaleta eta Jon Maia.

Zergatik Dantza zirkuito bat Euskadin?

Orain dela lau urte, Dantza zirkuito hau martxan jarri zenean, bi helburu nagusi landu nahi ziren, hain zuzen,  formato txiki eta erdiko produkzioak erakusteko espazio egonkorren eskasia dela-eta,  sektoreko profesionalek eta zaletuek duten kezka bati aterabide bat ematea, baita honelako ikuskizunetara publikoa erakartzeko antzokiek egiten duten ahaleginean laguntzea ere.
Lehen edizioan parte hartu zuten antzokiek dantza garaikidearekiko interes berezia erakutsi zuten aurreko urteotan. Duela hiru urte beste bi antzoki gehitu ziren eta 2007an, hirugarren bat. Iaz, 11 izan ziren. Aurreko urteetan, 4-6 obra programatu ziren arren, iaz 18 izan ziren: 29 emanaldi guztira.
Aurten, iraupena da bosgarren edizioaren berrikuntza nagusia. Izan ere, azaroaren amaierara arte programatu dira ikuskizunak, eta beraz, aurten gora egingo du taldeen, herrien eta emankizunen kopuruak. Horrela, 2009an 50 emankizunetik gora eskainiko dira 16 antzokietan.  Dantzaren aldeko apustu argia da euskal panorama kulturalaren barruan. 
Alde horretatik dantza gero eta toki gehiagotan egoteko lan egin nahi da, bestelako aretotara sartzen joateko eta, poliki poliki, dantza garaikidearen programazio iraunkorra izateko. Beraz, dantza publikoari hurbiltzeko bai Zirkuito honetan bai ohiko programazioan erabat inplikatzen diren hainbat programaitzaileren esfortzuri esker Dantzaren presentzia gero eta nabarmenagoa da.

Alde horretatik, Dantza Zirkuitoa esfortzu hori lagundu nahi duen programa da eta gero eta publiko gehiagok, sortzaile eta dantzariekin batera, mintzaira eszeniko berriak esploratu eta erakusteko grinaz parte har dezan.

Dantza zirkuituko oraingo edizioari dagokionez, helburu zehatzenen artean hurrengoak nabarmendu ditugu:

- Areto berrien partaidetza  sustatzea  eta  aurrekoena egonkortzea zirkuitoan.
- Programa daitezkeen ikuskizunen katalogoa handitzea, bai euskal produkzioentzako bai kanpokoentzako ere.
- Zirkuitoaren zabalkundea hobetzea baita sortzaile, konpainia, programatzaile eta publikoaren arteko komunikazioa indartzea ere.

Nork antolatzen du eta parte hartzen du?

Antzoki publikoen SAREAk, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzaturik eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta udalen eta beste laguntzarekin.

Antzokiak eta konpainiak

Bostgarren zirkuito honetan parte hartuko duten antzokiak hauek dira:
Agurain: Harresi Aretoa
Gasteiz: Artium
Gasteiz: Teatro Jesús Ibáñez de Matauco
Gasteiz: Prinzipal Antzokia
Gasteiz: EHU
Amorebieta: Zornotza Aretoa
Durango: San Agustín Kulturgunea
Elorrio: Arriola Antzokia
Leioa: Kultur Leioa Auditorium
Bilbo: La Fundición
Andoain: Bastero Kulturgunea
Donostia: Gazteszena
Eibar: Coliseo
Lasarte-Oria: M. Lekuona Kultura Etxea
Tolosa: Leidor Antzokia
Zumarraga: Zelai Arizti

Eszenaratuko diren obrak ondorengo hauek dira:

'CONCERTO DESCONCERTO' - Centro Coreográfico Galego-Entremans
Alde guztietatik urez inguratuta egotea izugarria da, eta uste dut guztiak horrekin zerikusia duela... Zorionez arimaren itzalaldia bakarrik izan da. Ordubete inguru iraun du, baina nahikoa izan da kafe beltzaren usaina  zabaltzeko, oroitzapenen apoteosia oparitu digun usaina, aurpegiak, zurrumurruak, ilusioak eta anekdotak ekarri dizkiguna, batzuk benetakoak eta beste batzuk ez. Haizatutako oroitzapenak babesten dituela dirudien nolabaiteko aura nostalgikoan dantzan. Ene, amona! Zu,  zure besaulkian kubatartasuna kulunkatzen, oihuka, muxuka, bolero eta ronarekin. ¡Niño, quita catao y pon quinqué!

'NEGRO' - Daniel Abreu
Lau dantzarirentzako koreografia-lana da, eta gorputza da sentiarazteko eta komunikatzeko bitartekoa. Koreografia osatzen duten eszenak eguneroko ekintzen inguruko hausnarketatik sortu dira, ekintza basatienak, burgesenak edo ikasitakoak begiratzearen ondorio dira. Abiapuntu horretatik sortzen dira irudi-paisaia eta argumenturik ez duen istorioa osatzen duten koadroak.

'TIMETABLE' - Marco Vargas y Chloé Brulé
Emakumea eta gizonezkoa denbora-espiralean murgilduta. Hasiera begizta baten amaiera da. Joan-etorrian harrapatuta, Cronok giza desioak aldaraziko ditu, haiekin batera elkarreraginez. Estadio sinbolikoak zeharkatuko dituzte, denborak gure bizitzetan duen eragina islatuz, kontzeptuaren jatorri mitikotik hasi eta egungo estresera iritsiz, non denbora ihesi doakigun elikagaia den; etronomo erraldoiak bira egitera eta biluztera behartzen gaitu, aurrera goazen heinean denbora irabazi eta galdu egiten dugula konturatzera. Guztien aurrean bidaia gertatu egin da, baina eurentzat (guztientzat) entsegua hasi besterik ez da egin. Izan den modukoa da. Crono, jainko zaindaria bailitzan, beti dago gure zain.

'5 PIEZAS PARA TOMAR UN CAFÉ' - Megaló Teatro Móvil
Megaló - Teatro Móvil konpainiak 2002tik 2007ra landutako errepertorioko lan laburrak erakusten ditu ikuskizunak. Lanok elkarrekiko loturarik gabe sortu ziren, baina guztiek maitasuna dute hizpide: bat-bateko maitasuna, platonikoa, ideala, nartzisista edo fisikoa besterik ez dena. Adiskidetasuna falta zen, agian maitasun guztien artean baldintzarik gabekoena eta iraunkorrena dena, eta horrenbestez "500 cafés contigo…" lanarekin osatu dugu ikuskizuna. Azken lan horren bitartez lotzen dira gainontzeko guztiak.

'SÓ TINHA DE SE COM VOCE' - Quasar Cía de Danza
Só tinha de ser com Você lana 2005ean sortu zuen Rodovalhok, Brasilgo musikak izan duen unerik distiratsuenaren omenaldi gisa: bossa-novaren aitzindari Tom Jobim eta  Elis Regina kantari brasildar mitikoa elkartu zirenekoa, alegia. 1974. urtean Elis & Tom grabatu zuten, kultuzkoa den diskoa, koreografiaren inspirazioa eta soinu-banda dena. Musikak eta dantzak bat egiten dute lan betean, osagai poetikoak ere baditu, apur bat nostalgikoak, baina ez du sentimentalismora jotzen. 

'TORT - THE CHAOS QUARTET' - Thomas Noone
Bi koreografiek osatzen dute gaua: Tort eta The Chaos Quartet. Estilo arras ezberdinak eta kontrastatuak dituzten bi koreografo aurkezten ditu ikuskizunak, biek ala biek dantza ikusgarria eta teknikoa lantzen dutenak. Dantzari berberek lotzen dute guztia.

'VISTO LO VISTO' - Aracaladanza
Ikusten al duzu? Kutxa barruan iristen diren jantziak. Eta handik ateratzen direnak. Janzteko jantziak. Eta biluztekoak. Jolasteko jantziak eta serio izateko jantziak.
Batzuek dantza eta guzti egiten dute. Beste batzuk geldirik daude. Egiturak diruditen jantziak, eta jantzi diren egiturak. Panpinentzako jantziak. Luzeak eta motzak. Koloretakoak. Zuriak. Beltzak. Esekilekuan zintzilik dauden jantziak; zakuetan daudenak. Kapela bat edo beste. Kutxatik atera ziren jantziak, bertara itzuliko ez direnak.

'TONDO REDONDO' - Da.te Danza
0 eta 4 urte bitarteko haurrentzat propio landutako ikuskizuna da Tondo Redondo. Mugimenduaren bidez eta objektu biribilak erabiliz, bizitzaren zikloa kontatzen du. Mugimenduak, musikak eta doinuek, irudiek eta ikuskizunean sortzen diren sentsazioek txikiekin komunikazio zuzena lortzea dute helburu, begiekin entzuten duen publikoa baita.

'TONI JODAR EXPLICA LA DANZA MODERNA Y CONTEMPORÁNEA' - Toni Jodar
Toni Jodarrek bere gorputzaren bidez erakusten du denborak nola egiten duen aurrera, eta dantza modernoaren eta garaikidearen estilo eta teknika nagusiak azaltzen ditu. Bere esperientzia eta umorea erabiltzen ditu pedagogikoa, sormenezkoa eta atsegina den "ekintza-hizketaldia" aurkezteko.

'ORIENT CONNECTION' - Luna de Oriente
Dantza-ikuskizun misteriotsua, magikoa, koloretsua eta alaia da. Indiaren izpiritualtasun sakonaren protagonista egiten gaitu, baita Alejandro Magnoren konkistena ere, eta Topkapiko jauregiko azpijokoen lekuko gara. Osagai tradizionalak eta berritzaileak uztartzen ditu. Ekialdea eta Mendebaldea argi berberak argituta, hasieran izan zen bezala, zibilizazio eta kulturen arteko lotura. 

'FRÁGIL' - 150 cuerdas
Ohikoak ez diren lau pertsonek kontu handiz eraikitzen dute euren mundu partikularra, bertakoak izan nahi dute, arrotz sentitu gabe. Munduok erraz apurtzen dira, edozein kolpek edo ezusteko gertakarik hausten ditu. Etengabe erortzen diren munduak, behin eta berriro eraiki behar ditugunak.

'LUR SAGAR' - Dantzaz
Hiru koreografo europarok mugimenduz eta kemenaz ezenatokia beteko dute, dantzarien bertute físiko et interpretatiboak baliatuz. "Lur sagar" ekimenak hiztegi freskagarria eskaintzeaz gain, hiru mundu bereziren giroa adierazteko fisikaltasun bizia erabiltzen du.

'LODRIKOKO' - Elirale Konpainia
Liburua zabaldu eta bizitzen hasten denean... orriak itzuli eta... gorputza,dantza eta haurtzaroaren espazioak irekitzen dira. Hitzen erritmoan, testuaren musikaltasunak gorputzak biziarazten ditu. Ametsaldi bat, haurtzaroaren mundu sentiberean murgiltze bat.

'OSTRUKAREN ZULOA' - Ertza
'Ostrukaren zuloa' lanean honako gogoeta hau egiten da: beldurragatik benetan egitea nahi duguna alde batera uzten dugu, eta horren ordez nahi dugunetik gertu dagoen kontsolazio sari batekin konformatzen gara; "eta batzuetan ezta hori ere", dio autoreak.

'LOOK' - Ertza
Jantzi poliki, presaka nabil eta. Presaka ez naizenaren itxurak egiteko, edo naizena ezkutatzeko. Banaiz, banago?ala irudipenak besterik ez dira? Itxurek engainatu egiten dute, baina neu bakarrik. Ze besteen aurrean nabarmen uzten naute, eta naizena argi eta garbi erakusten dute. Badakigu, tximinoa, zetaz jazten bada ere, eta larrua leuntzen badu ere, eta susurra konpontzen badu ere, eta ditiak handitzen baditu ere, eta abdominalak markatzen baditu ere, eta ezpainak loditzen baditu ere,?.beti tximino izango dela. Edo agian ez? Ni bada ez bada ere sotana jaztetik hasiko naiz, aurreak erakusten bait du atzeak nola dantzatu.

'ZOO (BESTIAS TRAJEADAS) - Ertza
Zoo honek gizaki talde bat espazio murritz batetan ikusteko aukera emango digu. ?Habitat? berri honetan nola jokatzen duten ikusi ahal izango dugu eta berauen ohitura eta jarreren testigu izango gara. 
Experimentu baten barne baleude bezela aztertuko ditugu gure babes kokalekutik, beren egunerokotasunaren ?voyeur? izango garelarik. 
Animali hauen erreakzio bortitzenak ikusteko aukera ere izango dugu. 
Ikusiak izan gabe ikusi. Baina pribilegio honek ordain bat ekar dezake berarekin? geure burua bertan ikustearena.

'HNUY ILLA' - Kukai-Tanttaka
'Hnuy Illa' poesian oinarritutako dantza ikuskizuna da. Joseba Sarrionaindiaren Hnuy illa nyha majah yahoo (Ondo zaindu beti, Yahho maitea) liburuan bildutako poemetan, hain justu. Bertso iradokitzaileak eta narratiboak; kantatzeko, errezitatzeko edota intuitzeko modukoak.

'PAPIRO…FLEXIA' - Logela Multimedia
"Circle Of trust" taldearen hip-hop dantzak (breakdance) eta "Logela multimediaren" musikak eta bideo-sorkuntzak osatzen dute  "Papiro…flexia". Dantzariek dantza indartsua eta denbora errealean sortutako irudien sinkronizazioa uztartzen dituzte. Abiapuntua folio zuria da, tolestuz sormenezko milaka konbinazio erakusten dituena. Oso ikuskizun dibertigarria.

'ANIMALIAK' - La Dinamika
Zirkulua, lurra. Magma likidoa, hotsa. Big Banga… bidaia itzel baten hasiera ederra. Loreak dantzan. Landareak dantzan, animaliak, zizareak eta beste kreatura batzuk dantzan. Mundu zirraragarria eta dibertigarria. Gure pertsonaien eskutik, dantzaren eta poesia eszenikoaren bitartez galdutako paradisuan barneratzen gara.

'LILAS' - Organik
'Lilas' umorez emakumezkoen hormonei buruz mintzatzen da. Nerabetasuna, amatasuna, menopausia, eta gehien bat "AHT" edo aurrehilerokoaren tentsioa. Emakume-objetu, kontsumitzaile konpultziboak,, dibak, samurrak, animali basatiak…. Transzendentaltasunik gabe, gogo-aldarte hutsak. Tentsioak, beroak, aire falta, agresibidadea, libido gora, libido behera…Emozioen errusiar mendia.

'AXERI BODA' - Argia taldea
Udaberri nahiz uda beteko egunik distiratsuenetan, eguzki, euri eta laino txuri lasterkariz osatutako eguraldi aldakorreko egun horietan, inork irudika ditzakeen ortzadarrik ederrenak sortzen dira: eguzkia ta euria, erromako zubia dio esaera zahar batek. Gertaera berezi horrek zerua betetzen duenean, Eurasiako atsotitz zaharren esanetan azeriek beren ezteiak ospatzen dituzte. Euri eta iguzki, azeriaren ezteiak, esaten dugu euskaraz. Kitsuné no yome-iri esaten dute japonieraz. Misterioz eta arriskuz betetako ezteiak nonbait, etxeko txikiek begiratu ezin zituztenak, azerien haserrea piztu nahi ez bazuten. Horregatik, haurrei ezer txarrik gerta ez zekien, esandakoa ez egiteak ekar zitzakeen ondorio arriskutsuez ohartarazten zituzten.

'SAST!' - Matxalen Bilbao
SAST!: Onomatopeia bat da. Gorputz bat beste batean sartzean edo beste batekin ukitzerakoan sortzen den soinuari egiten dio erreferentzia ahots horrek. Pieza goxoa da, lagunduriko bakar saioa. 'SAST!'ek gorputzaren ikuspuntu abstraktutik gizakia arakatzen du, gorputzean grabaturiko bizipenetatik historia iragankor batera heldu gabe.

'HIGIKARIA' - Atxarte López de Munain
'Higikariak' mugimenduari buruz hitz egiten du mugimendutik, beren harremana bilatzen duten hiru gorputzen arteko interakzioaren bidez. Distantzia- eta mendekotasun-jolasa da, abiadura- eta lekualdatze-jolasa, egoera guztiz fisiko batean.

Dantza garaikideari laguntza

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak dantza sustatzeko dirulaguntza deialdi bat egiten du urtero, honako modalitate hauekin: sorkuntza koreografikoa, dantza ekoizpena, birak, formakuntza eta zabalkundea. Deialdi horren helburu orokorrak hauexek dira:   

-Beren aktibitatea Euskadin garatzen duten koreografo eta konpainien SORKUNTZA sustatzea.
-Sektore honetan egiten diren PROFESIONALIZAZIO ahaleginetan laguntzea, ahal delarik. 
-Euskadiko eta kanpoko ESZENA ZIRKUITOETAN dantzarako gero eta aukera gehiago izateko zabalkunde ekimenak sustatzea. 

Espezifikoki, honako kontu hauek bultzatu nahi ditu dirulaguntzen deialdiak:  

A.-Dantza sortzaile eta konpainiei laguntzea.     
B.-Urtero dantzako proiektu berriak izatea ahalbidetu nahi dute.
C.-Koreografo independenteak sortzeko baldintzak izatea.
D.-Dantza garaikidearen korrente bat sustatzea.
E.-Euskadiko panorama eta eskaintza kulturala aberastea. 
F.-Dantza, bitartekari kultural eta artistiko garrantzitsutzat baloratzen duen publikoa hazten laguntzea. 
Hala eta guztiz ere, sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeaz gain, dantzaren munduaren ahultasunik nabarmenena lanen difusioarena da. Horixe da hain zuzen ere Zirkuito honek landu nahi duen alorra.

Zirkuitoa etorkizunean...

Zirkuitoak sendotu  eta estabilizatu nahi du eta bai Euskadin, bai Estatuan, dantzaren profesionalek eta publiko zaletuak erreferentzia garrantzitsutzat jo dezaten.

Donostia, 2009ko otsailaren 25a