Azken eguneratzea: 2010/09/28
Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki du lankidetza-hitzarmen bat sinatzea Kultura Ministerioarekin, gaztelania ez beste hizkuntza koofizialetan egindako zinematografiaren eta ikus-entzunezkoaren industria ekoizteko, banatzeko eta sustatzeko.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1.365.000 euro jasoko ditu euskarazko zinematografia eta ikus-entzunezkoa sustatzeko, Kultura Ministerioaren hizkuntza koofizialen funtsaren kargura. Diru-kopuru hori iazkoa halako bi da.
Zineari buruzko Legeak laguntza edo kredituen funts bat ezartzen du, zinematografian eta ikus-entzunezkoetan gaztelania ez beste hizkuntza ofizialen erabilera bultzatzeko eta zaintzeko, Espainiako kultur aniztasuna sustatuz eta ikus-entzunezkoaren alorreko adierazpide eta zabalkundeari dagokienez lurralde bakoitzeko hizkuntza berezkoaren aukera-berdintasuna helburu. Laguntza horiek oso-osorik eskualdatzen dira autonomia-erkidegoetako organo eskudunetara, haiek kudeatzen baitituzte tokian tokiko eskumenen arabera.
Behin beharrezko doikuntzak egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1.365.000 euro jasoko ditu Kultura Ministeriorik, ICAA-Zine eta Ikusentzunezko Arteen Institutuaren bitartez, euskarazko zinematografia eta ikus-entzunezkoa sustatzeko. Laguntza hori, zehazki, euskarazko zinematografiaren eta ikus-entzunezkoaren industria ekoizteko, banatzeko, erakusteko eta sustatzeko erabiliko da.