|
"2007-2008 epealdiko kultura-ohiturei, -praktikei eta -kontsumoari buruzko inkestak" Euskal Autonomia Erkidegoaren “irudi” hau erakusten du: Aisia-liburuak irakurtzeari eta zinemara joateri dagokienez, EAEko emaitzak oso onak dira, bai Europako Batasuneko datuekin alderatuta, bai estatuko datuekin alderatuta. Musika-kontzertuetara joateko ohiturari dagokionez, ez dago ia alderik EAEko eta Europako datuen artean. Antzerkira eta liburutegietara joateko ohitura hobetu beharreko alderdia da EAEn, Europako datuekin alderatuta, nahiz eta lortutako emaitzak estatukoak baino hobeak diren.
EAEk bezala, Nafarroako Foru Erkidegoak Europako batezbestekoak gainditzen ditu irakurketaren, musika-kontsumoaren eta zinemaren arloetan. Bai eta liburutegietara joateari dagokionez ere. Ez, ordea, antzerkira joateari dagokionez. Nafarroako hiriburuan dago kultura-jarduera guztietarako ohitura-mailarik handiena, bertsolaritza- eta dantza-emanaldietara joateko ohitura izan ezik.
Iparraldeko herritarren artean, Europako batezbestekotik gorako irakurzaletasuna dago, baina liburutegira joateko ohitura gutxiago dute. Zinema-aretoetara joateari dagokionez, Europako batezbestekotik hiru puntu gora daude Iparraldean, eta Frantziako batezbestekotik zazpi puntu gora. Musika-kontzertuetara eta antzerki ikuskizunetara joateko joera Frantziako biztanleenaren antzekoa da.
Argitalpen honek Kulturaren Euskal Behatokiaren Estatistika eta Ikerketa Kulturalen Bildumari hasiera ematen dio, kulturaren sektorearen gaineko ikerketa eta azterketa propioek (kualitatiboak zein kuantitatiboak) sortzen dituzten analisi eta emaitzak hedatzeko asmoz betiere. Gaur goizean Bilboko Euskalduna jauregian egindako prentsaurrekoan parte hartu dute: Miren Azkarate Kultura Sailburuak, Miren Azkarate, Jose Mari Vélez de Mendizabal Eusko Ikaskuntzako zuzendari kudeatzaileak eta Pantxoa Etchegoin Institut Culturel Basque- Euskal Kultur Erakundearen zuzendariak.
Garrantzizko txosten hau munduko errealitate kultural desberdinetatik datozen Kultura Behatokiekin gaur eta bihar artean Bilbon burutuko diren II Lan-jardunaldien eremuaren baitan aurkeztu da. Jardunaldi hauek, Piemonteko, Catalunyako, Quebec-eko Galizako eta Frantziako kultura behatokiekin esperientziak eta ezagutzak partekatzeko aukera emango dute.
Bilbo, 2008ko azaroaren 24ean
|