|
Miren Azkarate:
Norberak eskatutako agerraldi honen helburua zera da: Bilboko Arte Garaikide Museoaren Sozietate Edukitzailea-Elkarte Mugatuaren ibilbidearen eta kudeaketaren balantzea egitea. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sortua 1995ean, Sozietate Edukitzailearen xedea Guggenheim Bilbao Museoak berezko bilduma osatzea da, Sozietate Edukitzailea izanda horrela sortutako arte bildumaren jabea.
Guggenheim Bilbao Museoak bere hamargarren urteurrena ospatu zuen iaz. Hamar urte hauetan, gure Museoak lidergoa hartu du europar kultur erakundeen artean, arte eta arkitekturaren bitartez erregenerazioaren nazioarteko eredu bihurtuz. Frank Gehry-ren eraikin goraipatuak hiriaren eta gizarte espirituaren eraldaketa ekarri du. Arrakasta horren parte da Sozietate Edukitzailea eta honen xedea den Berezko Bilduma sortzea, eraikina eta Museoa arte garaikidearen mundu mailako erakusleiho bilakatzeko helburu horri edukiz hornitzeko.
Bilduma hori osatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Sozietate Mugatua den Bilboko Arte Garaikide Museoaren Sozietate Edukitzailea eratu genuen, helburua hauxe zelarik: erosi baina ez saltzea, Guggenheim Bilbao Bilduma garatuz, eta artelanen jabetza edukiz. Edukitzaileak egun -2008. urteari dagokion inbertsioa jaso ondoren- 96.221.701 euroko kapitala du eta berau, erdibana, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jabegokoa da, erakunde bakoitzak %50a ordaintzen baitu. Erosketetan Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bakarrik parte hartzen dutenez gero, proiektuaren hasieratik erabaki zen Bildumaren jabetza erakunde juridiko baten esku egotea, alegia, Museoa kudeatuko zuen Fundaziotik aparte, hor ere erakunde pribatuak partaide direlako.
1995ean sortu zenetik, Sozietate Edukitzaileak lau urteko planen arabera funtzionatu du, bai finantziazio konpromiso aldetik, bai aurreikusitako erosketa programei dagokienez.
1996-1999 lau urtekoan, Sozietateak 6.000 milioi pezeta jaso zituen (36 milioi euro), hau da, 750 milioi pezeta urtean erakunde bakoitzetik (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia). 2000-2003 lau urtekoan 30 milioi euro luzatu ziren artelanak erosteko (7,5 milioi urtean), eta 2004-2007 lau urtekoan 24 milioi izan dira (6 milioi ekitaldiko). 2008an, lau urteko berria hasi dugu, 2008-2011 bitartea eta ekitaldirako 24 milioi euroko finantziazioa aurreikusi dugu, 6 milioi euro urteko.
Sozietate Edukitzaileak bere ibilbidean egindako inbertsioa aztertzeko asmoz eta 2004-2007 lau urtekoa amaiturik, Sotheby´s enkante etxeari bilduma osatzen duen artelan bakoitzaren gaur egungo prezioen tasazioa egin dezan eskatu zion. Txostena New York eta Madrilgo ordezkaritzetatik egin dute, azken honetatik bildumaren baitan diren euskal artisten eta espainiar artisten arte lanen balorazioa egin dute eta New Yorketik munduko bestelakoena.
Arestian eman dizuedan dokumentuen artean duzue artelanen zerrenda, erosketa prezioekin eta egungo balioarekin. Kontuan hartu behar duzue koadroan sartu direla baita ere David Burenek Guggenheim Bilbao Museoaren hamargarren urteurrenerako egindako arte lana eta Oteizaren arte lanen azken erosketak. Biak ala biak Sotheby´s-k 2007ko ekainean bere auditoria amaitu ondoren egin ziren eta horrela, Bildumak 263.254.609 dolar balio zuen, 2007ko abenduaren 31an.
Sotheby`s etxearen tasazioak agerian uzten du bildumaren balio ekonomikoa bikoiztu egin dela, erosketa prezioarekiko %100 igo dela bere errebalorizazio bateratua, nahiz eta egungo balioa eurotan egiten den (estatubatuar dirua euroarekiko oso ahul den unean) . Errebalorizazioa %300 igo da baldin eta estimazioa dolarretan egiten bada, dolarra izanik, bestalde, arte munduaren dirua, eta dolarretan eginik ia erosketa guztiak. Zehatzagoak izanda, obren erosketa-inbertsioa, dolarretan gauzatu zen gehien bat, jatorrian 96.444.500 dolar eta 6.231.006 euro erabili baitziren erosketak ordaintzeko.
Zer esan nahi du honek? Bada, 2007ko abenduaren 31an, Bilduma propioa osatzeko xedez, azken hamabi urte hauetan egindako inbertsioak, Edukitzaile Sozietatearen Bildumak 263.254.609 dolar balio du edo bestela esanda, 180.311.376 euro balio du, dirutza hori eurotara ekarrita. Kontuan hartuz artelanen erosketarako 90 milioi euro erabili ditugula hiru lau urtekoetan zehar (36, 30 eta 24 milioi euro hurrenez hurren), adierazi behar da egindako inbertsioak bere balorea bikoiztu egin duela, egungo euroaren trukea kontuan hartzen badugu edo eta inbertsioa ia hirukoiztu egin dela kalkulua dolarretan egiten baldin bada.
Hori izanik bilduma osoaren batez besteko balioaren hazkundea, hainbat gehikuntza ikusgarriak gertatzen dira, esate baterako Mark Rothko-ren "Izenbururik gabe, 1952" (% 1.328), edo Eduardo Chillidaren lau artelan multzoarekin (% 911). Bildumaren %70-k, alegia, 90 piezatik 63k, %100tik gora igo du bere balioa eta erosketa bakar baten prezioa ere ez da jaitsi. Bestalde, Bildumak bere baitan bakarka 10 milioi dolar baino gehiago balio duten hainbat arte lan ditu, izenak aipatzearren: Rothko, Twombly, de Kooning, Warhol eta Rauschenberg.
Erronka izan da Bilboko Museoaren Berezko Bilduma sortzea eta osatzea, ez da erraza izan hutsetik hasita ereduzko artelan hauek eskuratzea eta Sozietate Edukitzaileak erronka gainditu egin du, lortu egin du. Gaur egungo arte merkatu gorabeheratsuan, kalitate handiko artelanen erosketa erronka handia izan bada ere, II. Mundu Gerra ondorengo europar eta amerikar pintura eta eskulturan oinarritutako artelan multzo koherentea osatzea lortu da. Lehen mailako bilduma, zabala eta aldi berean koherentea, gure Museoari berezkoa duen museo izaera eskaintzen diona eta Gehryk diseinatutako eraikina edukiz osatzen duena eta eraikinak eta Museoak erakutsi duen erakartasuna sendotzen duena. Oso denbora laburrean bildutako arte bilduma dugu, eta honen garapena hasi besterik ez da egin. Horrek berak erakusten du Museoa sortu zenean bilduma osatzeko ezarri genituen xede eta irizpideen zuzentasuna eta horretan bat dator nazioarteko kritika espezializatua.
Euskal erakundeen jabegokoa eta beraz herri honen jabekoa diren arte funts hauek II Mundu Gerra osteko arte garaikide eta egungo artearen ibilbidea biltzen dute, azken bost hamarkadetan gertatutakoa, hala nola: Espresionismo Abstraktua, Pop artea, Minimalismoa, Arte Povera eta Arte Kontzeptuala.
Ez bakarrik arte lanak erosi, horrekin batera gure Museorako berez egindako artelanak enkargatu egin ditugu. Azken hauen artean, bereziki aipagarria da Richard Serra eskulturagileari enkarguz eskatutako "Denboraren materia" lan bilduma, Guggenheim Bilbao Museoaren 104. aretorako enkargatutako maisu lan honen parekorik ez da munduan, eta hori bera aitortu zitzaion erakusgai jarri bezain laster. Duela hilabete gutxi, Richard Serrak bere lanak erakusgai izan ditu New Yorkeko MoMAn eta egun hauetan Parisko Grand Palaisen ditu, eta erakusketa bietan Guggenheim Bilbao Museoa erreferentzia izan da, artista handi honen mugarri nagusi gisa.
Oso denbora laburrean, 12 urtetan, herri honek arte garaikide alorrean erreferentzia den bilduma eskuratu du. Bildumaren balio ekonomikoa nabaria da, bere diru balioa bikoiztu egin da -edo hirukoiztu dolarretan egiten baditugu diru kontuak-. Baina, dirua inportantea izan arren hori bezain inportantea, edo gehiago da kultura ondare aldetik duen balio eta balorea. Zer esanik ez bildumaren ibilbidea hasi besterik ez denean. Bilduma aberasteak Euskadiko kultura ondarea aberastuko du eta horrekin batera Guggenheim Bilbao Museoaren erakargarritasuna eta eraginkortasuna areagotuko du, gure Museoa, etorkizunean ere, mundu osorako erreferente izan dadin. Garatzen hasi garen arte bilduma hau ondare garrantzitsua da, dirutan eta bereziki kultura ikuspegitik, ondare hau euskal gizartearena da, jabego aldetik ere, eta berau Guggenheim Bilbao Museoaren arrakastaren zati da. Eta hauxe duzue Sozietate Edukitzailearen hamabi urte hauetako ibilbidearen emaitza eta balantzea.
Gasteiz, 2008ko maiatzaren 12an.
|