|
Euskara Europako Batasunaren Ministro Kontseilu batean erabili da gaur, lehen aldiz historian. Miren Azkarate Kultura sailburuak gazteri gaietarako Hezkuntza, Kultura eta Gazteria Ministro Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartu du euskaraz eta gisa horretan euskarari Europar Batasunaren Ministro Kontseiluen bilkuren atea zabaldu dio, oraindik orain oso era mugatuan bada ere.
Gazteri gaietarako ataleko Hezkuntza, Kultura eta Gazteriako Ministro Kontseiluaren bilkuran sartu aurretik, Miren Azkarate, Kultura sailburuak hizpide izan du ohikoa izan behar zuena, Europaren baitan ofizialak diren hizkuntzak ofizialtasun hori aitortua izatea Europako erakunde zentralen aurrean, albiste dela oraindik "euskarak, eta euskararekin batera katalanak eta gailegoak, oraindik ez dutelako zor zaien lekua lortu Europar Batasuneko erakunde nagusienetan".
Edonondik ikusita ere, "ez da logikoa Europaren baitan ofizialak diren hizkuntzok ofizialtasun hori aitortua ez izatea Europako aginte guneetan, eta hori ez da ona ez euskararentzat (eta gailego eta katalanarentzat) eta ezta Europako erakunde zentralentzat ere, herritarrengandik urrutiratzen direlako, aldiz oraindik helburu dugun ofizialtasun osoa gauzatzeak, hizkuntza horietako hiztunok, europar bezala europarragoak sentitzea lekarke" adierazi du Miren Azkarate, Kultura sailburuak.
Bilkuran sartu aurretik, Azkaratek aitortza horretarako galga non datzan gogora ekarri nahi izan du, "Europa erakundeetan euskararen ofizialtasuna aitortua izan dadin baldintza da Espainiako estatuak hori egitea, hots, euskara, katalana eta gailegoa bere hizkuntzatzat hartu eta ofizialtasun hori formalki eskatzea Espainiako Erresumak Europako Batasunean; hori eginda, euskarak, katalanak eta gailegoak ateak zabal zabalik izango lituzkete Europako hizkuntza ofizial gisa".
Irlandako Errepublikak horrela eskatu zuelako, gaelikoak bere ofizialtasuna aitortua ikusi ondoren, euskara, katalana eta gailegoa dira Europako Batasuneko lurralde desberdinetan ofizialak izanda, ofizialtasun hori Europako erakunde nagusien aurrean aitortua ez duten hizkuntza bakarrak. Euskara era eta baldintza oso zehatzetan erabili daiteke Europar Batasuneko Ministro Kontseiluetan, Europako Eskualdeen Batzordean, Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialean, Europako Parlamentuan eta Europako arartekoaren aurrean.
Esate baterako, Ministro Kontseiluen kasuan, lehenagotik iragarri behar da erabilera eta euskaraz egindako hitzaldiaren itzulpena pasa behar zaie itzultzaileei hauek itzulpenerako Europako Batasunaren hizkuntza ofizialetara itzul dezaten.
Europaren baitan hizkuntza ofizialak diren euskarak, gailegoak eta katalanak honako baldintzetan erabili daitezke Europako erakunde zentraletan:
-Herritarrak hizkuntza horietan harremanetan jarri daitezke Europar Batasunaren erakundeekin, herritarren eskaerak itzuli egiten dira ofiziala den beste hizkuntza batera eta horretan egiten da tramitazioa eta erantzuna, ondoren hori euskarara itzultzeko.
-Euskaraz mintza daiteke -eta erabili izan da jada- Europako Eskualdeen Batzordetan eta Osoko bilkuretan, mintzaldia aldez aurretik iragarrita hau Batasuneko beste hizkuntza batera itzuli eta horretatik ofizialak diren guztietara zabaltzeko.
-Hizkuntza horietan argitaratu daiteke Europako legedia (herrialde bakoitzak ordainduta)
-eta hizkuntza horietara itzul daiteke Europar Batasunari buruzko zabalpen dokumentazioa.
Miren Azkarate, Kultura sailburuak azpimarratu du Bruselan gertatzen den moduan gertatzen dela Estatuan, " euskara, katalana eta gailegoa, Estatuko hizkuntzak izan arren eta Konstituzioak izaera hori aitortu, ezin dira erabili, esaterako, Gorteetan eta Estatuko erakunde zentralentzat ez da gaztelania bestelako inongo hizkuntzarik, esan daiteke Estatuaren erakunde zentralek bizkar ematen diotela aitortza horri. eta zentzu horretan ofizialtasuna, bermatu gabea dugu. Asko dugu irabazi beharra Europan are gehiago Estatuan".
Miren Azkaratek Ministro Kontseiluen atariko unea aprobetxatu nahi izan du "Euskadiren parte hartzea Europako Batasunaren erakundeen erabaki unetan ez dagola bermatua" gogora ekartzeko. "Parte hartze hori ezinbestekotzat dugu eta Estatua Europako Batasunean txertatu zenez gero defendatzen dugu, are eta gehiago hori etorkizunari begira duen estrategikotasuna kontuan izanda. Europa gure gurea den esparrua da eta hor hartzen diren erabakietan egon beharra dugu herri eta gizarte gisa. Jakin badakigu horretarako muga Madrilen dugula eta ez dugu amore emango hori gainditu arte eta Europan gure lekua egin arte".
Gazteriako gaiak Euskadiren ardura dira Portugaleko Presidentziaren sei hilabetekoan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Gazteri Zuzendaritzak parte hartu du gai horren inguruko hartu eman eta postura hartzeko lanetan. Horren haritik mintzatu du gaur Miren Azkarate Europako Batasunaren Ministro Kontseiluan. Azkaratek gazteri gaietan Europak subsidiarietaten oinarrituta lan egin behar duela azpimarratu du, kontuan izanda aginte eta ardura maila desberdinak, are eta gehiago, gazteri gaiak euskal erakundeen (Jaurlaritzaren, Foru aldundien eta udalen) ardurapekoak direnean Euskadin.
Bruselan, 2007ko azaroaren 16a
|