|
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak editatzen duen Arkeoikuska urtekariaren ale berriak artikulu bat dakar UPV-EHUk, Andoni Saenz de Buruaga doktorearen bitartez, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko agintariekin elkarlanean egindako proiektu bati buruz. Kultura Sailak hasiera-hasieratik bultzatu du Saharako Errepublikako lurralde askean dauden aztarnategi arkeologikoen ahalik eta katalogazio zehatzena egitea helburu duen ekimen hau, alegia, Marokok eraikitako harresitik ekialdera dagoen lur-zerrendako katalogoa. Zehazki esanda, Tiris izeneko eskualdean: barne aldeko ordeka zabal-zabala, Mendebaldeko Sahararen hego-ekialdeko herenean, ondoko Mauritaniako lurretan barneratzen dena.
Egitasmoa burutzeko dauden eragozpenek merezimendua baino ez dute egiten: milaka kilometro Tinduf-eko kanpamenduetatik, orografia konplexua, klima ezin latzagoa, zerbitzu eta baliabide eskasia ira erabatekoa…; ostera, balantzaren beste aldean, kemen handia, bokazioa eta interes zientifikoa, bai euskal partaideen aldetik bai agintari sahararren kolaboratzaileen aldetik. Aipatu artikuluan ondorioztatzen denez, egindako azterlanak, materialek eta aztarnategiek datu-kopuru eskerga eman dute, betiere gizakia lanaren ardatz gisa harturik.
Hala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntzaz balia, Saenz de Buruagak zuzentzen duen taldeak 4 kanpaina burutu ditu beste hainbeste urtetan, lur eremua aztertzeko xedean eginak. Lehenengoan (2004ko ekaina) lurraldea aztertu zuten; bigarrenean (2005eko apirila) artean amaitu gabe dagoen Tirisko lurraldea geografikoki ikuskatzeko lana eta sistematikoki ikertzeko planaren lehen urratsak egin zituzten; hirugarrenean (2006ko martxoa) eta laugarrenean (2007ko martxoa) Tiris diziplina anitzetik aztertzeko lanekin segitu zuten.
Saharako agintarien ikuspegitik, egitasmoa Kultura Ondarearen Zentro Nazionala litekeenaren ernamuina da honako hau, baita nazioarteko elkarlanerako aukera eder bat ere, nahiz eta sarri askotan alboratutako alorra izan, bai behintzat herri honek dituen lehentasunezko premiak eta bizi duen egoera lazgarriaren ondoan.
1983az geroztik editatzen delarik, Arkeoikuska arkeologiari buruzko urtekaria da, non Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera arkeologikoen ikuspegia ematen den. Testu-egileak baimendutako esku-hartzeetako zuzendariak berak dira; testuak lurraldeka antolatuta daude (Bizkaia-Gipuzkoa-Araba) eta hainbat atal dituzte.
Gasteiz, 2008ko martxoaren 26an
|