Eman zaizkion eskumenak gauzatzeko, sailburuak Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzaren laguntza eta aholkuak izango ditu. Zuzendaritza hau sailburuaren menpe egongo da zuzenean.
Sailburuaren Kabinetearen aldetik zeregin hauek izango ditu:
Sailburuari Kultura Sailak dituen eskumenak era koordinatuan egikaritzen laguntzea.
Sailaren eskumeneko gaietan zein irizpideren arabera jardun behar den aztertzea eta sailburuari honi buruzko proposamenak egitea, ezertan ere urratu gabe sailburuordeek gai hauetan dituzten eskumenak.
Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organo eskudunaren bidez, Sailak Legebiltzarrarekin eta beste erakunde batzuekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.
Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organo eskudunaren bidez, Europar Batasuneko Erakundeekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.
Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organo eskudunaren bidez, beste administrazio publikoekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.
Sailak sustatutako biltzar, jardunaldi edo mintegiak antolatzeko lanak koordinatzea.
Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak antolatzea.
Sailak gizarte komunikabideekin, informazio agentziekin eta idatzizko prentsarekin dituen harremanak koordinatzea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Eusko Jaurlaritzak onarturiko berdintasun planak jasotako edukiak identifikatzea eta garatzea.
Sailaren arlokako atalekin barruko kudeaketa-planak eta euron jarraipen eta ebaluazio txostenak egiteko lanak koordinatzea.
Gizarte hedabideen alorrean, alor honetan bidezko diren administrazio-jardun guztiei ekingo die, baldin arauz Euskadiko Administrazioaren barruko beste organo bati esleituta ez badaude. Eginkizunen artean, nolanahi ere, hauek sartuko dira:
Telekomunikazioen arloko eskumenak dituzten organoekin lankidetzan, komunikabideak eta teknologia digitalarekin loturiko bestelako zerbitzuak ezartzeko egin beharreko administrazio-jarduerak garatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenean dauden irrati-telebista zerbitzuak eskaintzeko behar diren titulu juridikoak ematera bideratutako prozedurei dagokienez, hauen gainean egin beharreko administrazio kudeaketa egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenean dauden irratiko nahiz telebistako operadoreek irratiari eta telebistari buruzko xedapen orokorretan eta zerbitzua emateko operadoreek izenpetutako dokumentuetan jasotako aurreikuspenak betetzen direla jarraitzea eta egiaztatzea.
Zigor-prozedurei hasiera ematea eta alor honetan Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion zehapenak jartzea, eginkizun hauek ez baditu beste organoren batek esleituta.
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen alorrean bidezkoak diren erregistroak kudeatzea.
Kulturako sailburuarekin elkarlanean jardutea Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari dagozkion jardueretan, Kultura Sailari atxikitako erakundea den aldetik.