|
Maiatzero bezala, Euskadiko Filmategiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen duten KIMUAK programarako deialdia zabaldu da aurten ere. Programa honek Euskadiko film laburrak nazioan eta nazioartean hedatzea, sustatzea eta banatzea du helburu. Datorren irailean izango da KIMUAKen hamargarren edizioa, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin bat etorriz. Estatuan tradizio handiena duen programa da KIMUAK, eta ospe handia du nazioarteko jaialdien eta erosleen artean; hainbeste, ezen Zinemaldi askok ez baitute euren programazioa KIMUAKeko film laburrak ikusi arte ixten.
Ondoko baldintzak betetzen dituzten Euskadiko film laburren egileei, zuzendariei eta/edo ekoizleei zuzentzen zaie deialdia: film laburra produkzio-etxe batek aurkezten badu, EAEko hiru lurralde historikoetako batean izan behar du egoitza. Koprodukzioen kasuan, EAEko produkzio-etxeak gutxienez inbertsioaren %50en jabe izan behar du. Zuzendari batek aurkezten badu, EAEn bizi behar du, edota EAEn bizitu behar izan du gutxienez bost urtez jarraian edota hamar urtez modu ez jarraian. Film laburra edozer formatu zinematografikotan edo bideografikotan egon daiteke filmatuta, baina 35 mm-ko azken kopia izan behar du; gainera, ezin dezake 30 minutu baino gehiago iraun eta 2006ko irailaren 30etik aurrera egon behar du ekoitzita. Eskaera, beharrezko dokumentazioa eta DVDa KIMUAKen helbidera bidali behar dira. Film laburrak aurkezteko epea maiatzaren 21ean, astelehena, zabalduko da eta 2007ko uztailaren 20ra arte, ostirala, iraungo du. Ikus-entzunezkoen sektoreko bost profesionalez -aurrerago jakinaraziko dira beren izenak- osatutako batzordeak aukeratuko ditu 2007ko KIMUAKen katalogoan agertuko diren lanak.
2006ko balantzea
2006ko KIMUAKen ibilbideari dagokionez, Txema Muñoz koordinatzaileak nabarmendu du "oso duina" dela, nahiz eta oraingoz ez den 2005ekoa "bezain aparta"; izan ere, 2005eko zazpi film laburrek 200 sari baino gehiago lortu dituzte guztira, eta mila aldiz baino gehiagotan parte hartu dute mundu osoko jaialdietan. Gainera, Oscar sarietarako izendapen bat eta Goya sarietarako bi lortu dituzte. Hala, datuak ezinbestean behin-behinekoak diren arren, Muñozek adierazi du katalogo honetako film laburrak "300 aldiz baino gehiagotan aukeratu" dituztela jaialdietan, garrantzitsuak batzuk; adibidez, Clermont-Ferrand, Sitges, Alcalá de Henares, Zinebi, San Jose (Kalifornia), Brooklyn, Nashville, Indianapolis, Toronto, Annecy, Lisboa, Belgrad, Dresde, Brusela, etab. Bestalde, 44 sari irabazi dituzte orain artean, Clermonten, Alcalán, Sitgesen, Dresden, Varesen, Potenzan eta Guadalajaran (Mexiko), besteak beste.
Ekitaldi eta liburuak
Azkenik, Muñozen esanetan, KIMUAKek hamar urte betetzeak oso egoera onean dagoen ekimena dela adierazten du, batez ere "hain aldakorra den sektore honetan". Hamargarren urteurrena dela-eta, aurreratu du KIMUAKek zenbait ekitaldi antolatuko dituela, eta hainbat liburu argitaratuko. Aurrerago emango ditugu horien zehaztasunak. Hala ere, ospakizuna pixka bat aurreratu egingo da, ekainaren 1ean Torrelavegako Jaialdiak sari bat emango baitio KIMUAKi. Muñozek azpimarratu duenez, erakunde eta programa gisa ematen dioten lehena izango da, eta "iraganaren aitortza eta etorkizunean izango denaren iragarpena izatea espero dugu".
|