Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kulturaren Euskal Kontseilua
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2007/05/17
Museoen Eguna ospatzen da Euskadin Museoei bururzko Legea indarrean sartu berri denean
Lege honek museoen ikusmolde berria eskaini nahi du. Izan ere, euskal kultura-ondarea babestu eta zabaldu ez ezik, museoek ondare horren etorkizuna aztertu eta sustatu ere egingo dute, kultura-kontzeptuak har dezakeen esparru zabalenean eta adierazpen-era guztietan.

Biharko eguna, maiatzaren 18a,  Nazioarteko Museoen Eguna dugu. Aurtengoan Museoen Eguna Euskadin Euskadiko Museoei buruzko Legea onartu eta indarrean sartu berria denean suertatu da. 7/2006 Legea abenduaren 1ekoa Euskadiko Museoei buruzkoa, Eusko Legebiltzarrak iazko abenduaren 1ean egindako osoko bilkuran onartu zuen eta 2007ko martxoaren 19an sartu da indarrean.

Lege honekin, museoen alorreko ordenamendu juridikoa eguneratu eta, aldi berean, osatu nahi da, hala kontzeptuen alorrean nola antolaketa, kudeaketa edo plangintzarenean. Era berean, Lege honekin, arau multzo bat eratzeari ekin zitzaion, Kulturaren Euskal Planaren hausnarketetan oinarrituta eta Euskal Kultura Ondarearen Legea osatzeko asmoz (Liburutegi Legea Legebiltzarrean eztabaidan da eta Kultura Sailak Artxibategi Lege-egitasmoa prestaketan du), xedea kultur adierazpen desberdinen ordenazioari eta kultur ondarearen babesari dagokienez  hobetzea eta aurrera egitea delarik.

Kulturaren Euskal Planaren eztabaida eta hausnarketetan aurreikusitako beharrak betetzera eta 1990an finkatutako markoa garatzera dator, beraz, Euskadiko Museoei buruzko Legea. Aipatutako Kultur Ondare Legeak  museoei buruzko alderdi orokorrak finkatu zituen eta museoen sistema koordinatu bat, hau da, Euskadiko Museoen Sistema Nazionala izenaz ezagutzen dena, osatzeko oinarriak ezarri zituen. Dena dela, bildutako eskarmentutik abiatuta eta Kulturaren Euskal Planaren baitan sektore horren beharrak aztertu ondoren, egoki iritzi zitzaion berariazko arau bat egiteari, alderdi guztiak era global eta zehatzago batean erregulatzeko eta, ondorioz, Euskadiko museo azpiegitura eta zerbitzu moderno eta koordinatuak izan ditzan, herritar guztiek erraz erabiltzeko modukoak. Horrela, gainera, optimizatu egingo dira herri-administrazioek establezimendu horietarako jartzen dituzten baliabide eta bitartekoak.

Indarrean sartu berri den Euskadiko Museoei buruzko Legeak museoen ikusmolde berria eskaini nahi du. Izan ere, euskal kultura-ondarea babestu eta zabaldu ez ezik, museoek ondare horren etorkizuna aztertu eta sustatu ere egingo dute, kultura-kontzeptuak har dezakeen esparru zabalenean eta adierazpen-era guztietan. Halaber, jarduera publiko eta pribatuaren arteko lankidetza bultzatu nahi du, baita museoen alorreko plangintza sustatu ere, betiere kulturarako interesa areagotzeko aukerak handituz, kultura pertsonaren eta gizarte osoaren berezko ondasuna denez gero.

Beraz, lege honek bere egiten ditu sektoreko doktrina eta teknika ekarpenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko museoen erregulazioan gainditu egiten du kontzeptu tradizionala, museoak ondasunak gorde eta babesteko lekutzat jotzen dituena, eta gehiago hurbiltzen da gaurko kontzeptura, kultura gizarte eragileekin eta, oro har, herritarrekin etengabeko harremanetan dagoen jarduera bizi, transformatzaile, parte-hartzaile eta interaktibotzat jotzen duena. Ondorioz, museoak kultur eta gizarte proiekzioko guneak izan behar dira, zeregin didaktikoa bete behar dute zalantzarik eta etenik gabe eta sormena bultzatu behar dute, terminoaren jatorri etimologikoarekin bat.

Museoek, erakusketen ondorio diren prestazioak ez ezik, ikerketa eta gozamen intelektual eta artistikoaren ingurukoak ere eskaini behar dizkiete herritarrei. Era horretan, museoak partaidetza kulturala eta zientifikoa sustatzen duten espazio bilakatuko dira eta, horretarako, bertan gordetako ondasunak uztartu egin behar dira historia, arkeologia, arte eta ekologia balioekin edo beste edozein eratakoekin, betiere funtsak ezagutarazteko jarduera osagarriak baztertu gabe.

Ildo horretatik, oinarri juridiko bat ezarri da Euskal Autonomia Erkidegoan gizartearen zerbitzurako kultur eskaintza izango den museo-jarduera garatu ahal izateko. Jarduera horrek, gainera, hainbat alderdi bilduko ditu historian zehar Euskal Herriaren ondarearen funtsezko osagarri diren elementu materialak osatzen dituzten ondasunak ezagutu, aztertu, ikertu, kontserbatu eta gozatzeari buruz. Horretarako eman da, hain zuzen ere, Euskadiko Museoen Legea.

Lege hau aukera komenigarri eta nahitaezkoa da. Izan ere, herritarren eskubideak babesten ditu, gizarte eta kultura alorrean inplikazio nabarmenak dituen jarduera bat arautzen du, zehapen-araubide bat ezartzen du eta, Eusko Legebiltzarrean sortzen denez, maila egokia ematen dio gai honi eta euskal herri-administrazio guztiak engaiatzen dira bertan.

Azkenik, maila honetako arau baten bitartez, Euskadiko museo-ondarea eta bilduma museografikoak, gure historia eta artearen erakusgarri garrantzitsuak baitira, era egokian babestu ahal izango dira; halaber, ordenamendu bat eratuko da sorkuntzaren alorrean kontrol bat ezartzeko eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko museoak eta bilduma museografikoak aintzatesteko eta sustatzeko.

LEGEAREN EGITURA

Helburu horiek lortzeko, legea 7 kapitulu eta 31 artikulutan egituratu da, eta horiei bi xedapen gehigarri, beste bi iragankor , indargabetzaile bat eta bi azken xedapen gaineratu zaizkie.

I. kapituluan, museoei eta bildumei buruzko xedapen orokorrak jasotzen dira. Bertan, horien definizioak, zereginak eta titulartasun-araubidea zehazten dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenak ere, eta Kultura Ondarearen Legea aplika dakiekeen adierazten da.

II. kapituluan, museoei eta bildumei buruzko araubidea ezartzen da. Lehenengo atalean, lege honen ondorioetarako onartuak izateko bete behar dituzten eskakizunak zehazten dira. Bigarren atalean, berriz, Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroa sortu eta arautzen da.

III. kapitulua museo eta bildumen kudeaketari buruzkoa da eta, bertan, betebehar orokorrak eta langileei eta bisitetarako araubideari buruzko alderdiak arautzen dira.

IV. kapituluan Euskal Autonomia Erkidegoko museoen eraketa azaltzen da. Lehenengo atalean sakondu egiten da Euskadiko Museoen Sistema Nazionalean eta, ildo horretatik, horren oinarrizko alderdiak zehazten dira. Bigarren atalean, berriz, kategoria berezi bat ezartzen da, interes nazionaleko museoena, eta horien definizioa egiten da.

V. kapitulua museoetako funtsei buruzkoa da, eta gai hauek arautzen ditu: gordailatzeak, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak, desjabetzeak eta erreprodukzioak.

VI. kapituluan zehapen-araubidea ezartzen da eta, alde horretatik, Euskal Kultura Ondarearen Legean jasotako araubide orokorra osatzen da; izan ere, berariazko arau-hausteak zehaztu eta mailakatzen dira, eta horiei dagozkien zehapenak finkatzen.

VII. kapituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Museoen Aholku Batzordea sortzen da, museoen inguruko politikan Jaurlaritzaren aholkulari gisa. . Horren zeregin zehatzak eta osaketa, ordea, gerora erregelamendu bidez zehazteko uzten dira.

Legeak bi xedapen gehigarri ditu: lehenengoaren arabera, Legea erlijioen ondasunei aplikatzeko, indarrean dauden hitzarmenak hartuko dira aintzat; bigarrenean, berriz, gehienezko epea ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Museoen Aholku Batzordea eratzeko, bertan ezartzen denaren arabera Legea indarrean sartu eta sei hilabete baino lehen sortu beharrekoa da.

Lehenengo xedapen iragankorrak arrazoizko epe bat ezartzen du, orain dauden museo eta bildumak Legean ezarritako eskakizunetara egokitu daitezen. Xedapen indargabetzailean ohiko formula erabiltzen da, hau da, Legea indarrean jartzen denean eraginda suertatzen diren xedapenak aipatzearena.

Azkenik, Legeak bi azken xedapen ditu, arauzko garapenari buruzkoa bata eta indarrean jartzeari buruzkoa bestea.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko maiatzaren 17a

Euskadiko Museoei buruzko Legea (pdf, 84 kb)