Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kultura ondarea
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Kultura Ondarearen Zuzendaritza

Titularra :José Luis Iparragirre Mujika
DONOSTIA-SAN SEBASTIAN, 1
01010 VITORIA-GASTEIZ ( ALAVA)
Tlf.: 945019470 Ext. 19470
Faxa: 945019491
Agintaldia: 2009/04/03 - 2013/04/03
Inprimatu

EGINKIZUNAK

1.- Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 45/2011 dekretuaren 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu, euskal kulturaren ondarea zaintzea, aberastea, babestea, hedatzea eta sustatzea xede duten arloetan, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen eta hau garatzeko emango diren xedapenen arabera.

Horrekin batera, egiteko horiek izango ditu museo eta liburutegiekin loturiko arloetan, Euskadiko Museoen abenduaren 1eko 7/2006 Legean eta Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legean eta legeok garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoaren arabera.

2.- Egiteko horiek gauzatzeko ondorengo zerbitzuak ditu Kultura Ondarearen Zuzendaritzak:

a) Kultura Ondarearen Zentroa.

b) Museoen Zentroa.

c) Irargi, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa.

d) Liburutegi Zerbitzua.

2.1.- Hauek izango dira Kultura Ondarearen Zentroaren egitekoak:

a) Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 5. artikuluan aurreikusitako funtzioak garatzea.

b) Euskal Kultura Ondarea osatzen duten ondasunak sailkatzeko, inbentariatzeko edo desafektatzeko, zein Balizko Arkeologia Guneak kalifikatzeko espedienteak proposatzea eta izapidetzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza planeamenduari eta lurralde antolamenduari buruzko agiriez txostena ematea, hala dagokionean, bai eta ingurumen-inpaktuari eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuari dagokienez ere.

d) Euskal Kultura Ondarea zaintzeko, aberasteko, babesteko, hedatzeko eta sustatzeko helburuarekin aurrekontuetan dagoen ehuneko bateko erreserbatik datozen funtsak erabiltzeko irizpide materialak proposatzeko Sailak dituen eskumenak gauzatzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan gordetako Euskal Kultura Ondarea osatzen duten arte-lanen eta gainerako elementuen esportazioa eta mugimendua ikuskatzea dela-eta, Eusko Jaurlaritzari dagozkion administrazio-jarduerak egitea.

f) Sailkatutako eta inbentariatutako kultura-ondasunen erosle-lehentasuneko eta atzera eskuratzeko eskubide-espedienteak izapidetzea. Eskubide horiek Eusko Jaurlaritzak beretzat edo beste erakunde publikoentzat zein irabazi-asmorik gabeko kultura-erakundeentzat erabili ahal izango ditu.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko material arkeologikoen gordailua kudeatzea.

h) Kultura-ondarearen alorreko ondare-erantzukizunaren gaineko espedienteen eta zehapen-espedienteen instrukzioa egitea, betiere horiei ebazpena edo zehapena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organoei badagokie.

2.2.- Hauek izango dira Museoen Zentroaren egitekoak:

a) Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legeak 3. artikuluan aurreikusitako funtzioak garatzea.

b) Museoen arloan diren beharrak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumei laguntzak emateko sistema kudeatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko museoetan gordetako kultura-ondasun higigarriak dokumentatzeko, kontserbatzeko eta babesteko irizpideak zehaztea.

e) Euskadiko Museoen Legearen arloan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.

2.3.- Hauek izango dira Irargi, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren egitekoak:

a) Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionala dela-eta, Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartu zituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak ezartzen dizkion egitekoak gauzatzea.

b) Kultura ondareari buruzko politikaren esparru orokorraren barruan, ondare dokumentalari eta artxiboei buruzko berariazko politika diseinatzea eta kudeatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuen kudeaketa-jarduerak koordinatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuetako agirien tratamendua eta irizpideak normalizatzea, eta hauen edukiaren hedapena sustatzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo honi buruzkoak diren artxibo publiko zein pribatuetako funtsetan dagoen informazioaren deskribapena eta hedapena sustatzea.

f) Ondare dokumentalaren eta artxiboen alorrean diren beharrak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko ondare dokumentalaren eta artxiboen balioari buruzko kontzientzia sozial eta kolektiboa bultzatzeko neurriak aztertzea eta proposatzea, eta gai honetako prestakuntza eta hezkuntza sustatzeko behar diren erakundeekin lan egitea.

2.4.- Hauek dira Liburutegi Zerbitzuaren egitekoak:

a) Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortutako Euskadiko Liburutegien Sistemari dagozkion planifikazio, funtzionamendu eta koordinazio egitekoak garatu eta gauzatzea.

b) Jabetza Intelektualaren Erregistroaren eta hori kudeatzeko erakundeen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen funtzioak betetzea.

c) Legezko Gordailuaren eta ISBNaren alorretan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak dituen funtzioak betetzea.

d) Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoitzitako lan guztiak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak bildu, kontserbatu eta hedatzea.

e) Euskal bibliografia eta ondare bibliografikoaren katalogo kolektiboa egitea, kudeatzea eta hedatzea.

f) Irakurzaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea.

g) Ondare bibliografikoaren eta liburutegien alorrean diren beharrak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

h) Liburutegien eta ondare bibliografikoaren alorreko politika kudeatzea. Horretarako, beharrezko diren proiektuak sustatu eta zuzenduko dira.

i) Sistema osatzen duten liburutegietako funtsen bibliografia erreferentziak bilduko dituen katalogo kolektiboa diseinatzea eta kudeatzea, eta haren sarbidea ziurtatzea.

j) Euskal ondare digitala sortu, babestu eta hedatzeko eta ondare honetarako irispidea bermatzeko mekanismo egokiak jartzea.

k) Ondare digitalaren alorrean lankidetza-programak sustatzea.

l) Liburutegien alorrean euskararen erabilera normalizatzeko zer beharrizan dauden ikertzea eta zehaztea.

m) Sistema osatzen duten erabilera publikoko liburutegientzat jarduteko eredu izango diren irizpide teknikoak eta jarraibideak ezartzea.

n) Euskadiko Liburutegien Irakurketa Publikoaren Sarea osatzen duten liburutegien arteko lankidetza koordinatzea, liburutegietako baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

ñ) Liburutegietan ematen diren zerbitzuak ebaluatzeko tresnak diseinatzea eta kudeatzea, eta lortutako datuak aztertuta, liburutegiei beren ahalmenak ondoen aprobetxatzeko metodologia eskaintzea.

o) Erabilera publikoko liburutegietan lan egiten duten pertsonen prestakuntza bultzatzea eta haien profila definitzea.

p) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkion ikuskapen-lanak egitea eta Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen arloan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.

3.- Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, ondorengo kide anitzeko organoetan, berari atxikita dauden aldetik, dagozkion egitekoak gauzatuko ditu:

a) Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordea, urriaren 23ko 284/1990 Dekretuak arautua.

b) Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea, martxoaren 26ko 62/1996 Dekretuak arautua.

c) Euskadiko Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholku Batzordea, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.

d) Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.

e) Museoen Aholku Batzordea, martxoaren 18ko 54/2008 Dekretuak arautua.

f) Liburutegien Aholku Batzordea, abenduaren 30eko 232/2008 Dekretuak arautua.