1. Liburutegiak eta Informazio Gizartea
1.1. Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren (ELSN) menpeko liburutegi guztiak osoki informatizatzea eta liburutegi-sarea linean jartzea.
Bitarteko epean (2003-2005) burutu beharreko proiektu honek baliabideak optimizatzea bilatzen du, liburutegien arteko elkarlana bultzatzea eta ELSNko liburutegiak informatizatzea, informatika-ekipo berriak eta osoak ezarriz.
Sarea linean egoteak ahalbidetuko du kontsulta elebidunak Internet bidez egitea liburutegi parte-hartzaile guztietako funtsetan, baita ere erabiltzaile-txartel bakarra izatea zentro guztietan, eta liburutegien arteko maileguak egitea.
Proiektuaren azken helburua da ELSNko udal liburutegi guztiak biltzea katalogo honetan.
1.2 Funtsen bolumenaren eta ondare-balioaren aldetik garrantzitsuenak diren liburutegien katalogo kolektibo baten kudeaketa (Bilgunea).
Katalogo Kolektiboa lantzen 2000. urtean hasi baginen ere, gaur egun behar-beharrezkotzat jotzen dugu haren helmena eta funtzioa berriro egituratzea, euskal ondare bibliografikoan erreferentzia gune argia izan dadin. Oraingoz hainbat hitzarmen sinatu ditugu erakunde garratzitsuenekin (foru aldundiak, unibertsitateak, Antso Jakituna Fundazioa, Euskal Biblioteka Labayru, Eresbil eta espezilizaturiko beste liburutegi batzuk).
Katalogo kolektiboari esker, alde batetik funts bibliografiko guztiak zabaldu eta kontsultatu ahal izango dira web bidez, eta bestetik, lan-tresna interesgarria izango da profesionalentzat, katalogaturiko erregistroak eskuratuz zereginak alferrik errepikatzea saihestuko dutelako.
Gainera, Euskadiko Katalogo Kolektiboa lantzeak eta mantentzeak lan-irizpideak bateratzea ekarriko du berekin, eta liburuzainen arteko ekarlanerako arauak finkatzea ere.
Aurerrago, bigarren fase batean, Katalogo Kolektiboan sar litezke Euskaditik kanpoko liburutegietan euskal gaiei buruz dauden funtsak, bai Nafarrokoak, Iparraldekoak, diasporakoak, Reno-ko Unibertsitateko Euskal Liburutegikoak eta abar.
1.3. Euskal Liburutegi Digitala
Liburutegi digitalek jauzi handi bat ekarriko dute etorkizunean liburugintzaren munduan. Izan ere, sistema berritzaile honi esker interes soziala duen informazio guztia bildu eta sailkatu ahal izango da, eta edonoren eskura jarri. Dokumentu batzuk hasiera-hasieratik sortuko dira formatu digitalean; beste batzuk, paperezko euskarrian editatutakoak (liburuak, aldizkariak, egunkariak) edo beste batean sortutakoak (soinu-erregistroak, hitzaldiak, irrati-emanaldiak), gerora digitalizatu ahal izango dira. Erabiltzaileak mota askotako informazioa aurkituko du: liburuak, aldizkariak, datu-baseak, museoko lanak, errealitate birtuala, ordenagailu programak… Liburutegi hauek ohikoen biltegien ordez biltegi elektronikoak izango dituzte, eta bertako dokumentuak liburutegian bertan edo etxetik kontsultatu ahal izango dira, betiere Internet edukiz gero. Liburutegiak astiro-astiro ari dira digitalizatzen, lehengo euskarriak formatu berrietara egokitzeko teknikak eta arauak garatzen diren neurrian.
Kultura Sailak aurreneko urratsak eman ditu Euskal Liburutegi Digitala sortzeko bidean. Alde horretatik, hitzarmen bat sinatu du Gasteizko Antso Jakituna Fundazioarekin, zeinak ia 3000 monografiaz osaturiko funts digitalizatua baitu. Bilduma horrek, hain zuzen, osatuko du Liburutegi Digitalaren lehendabiziko gunea, eta kontsultagai dago (http://www.euskadi.net/liburutegidigitala/).
Proiektuan interesa agertu duten erakundeen artean Eusko Legebiltzarreko Liburutegia dago, horrek ere bilduma digitazizatu bat baitu.
|