Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen Zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kultura Ondarea
  4.  
  5. Liburutegi Zerbitzua

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Komunitate Kulturaniztunak - Interpretazioa


Irizpide nagusi gisa, arau hauen uste sendoa da liburutegi-zerbitzu bera eskaini behar zaiela talde etniko, linguistiko eta kultural guztiei, eta irizpide berberak jarraituz. Hainbat arrazoirengatik, litekeena da kasu guztietan hori posible ez izatea. Hala eta guztiz ere, garrantzi berezia du irizpide hori jomuga nagusi gisa mantentzeak.

Ondoren ematen diren arauetan, gutxiengo etniko, linguistiko eta kultural guztiei liburutegiko materialak haiek nahiago duten hizkuntzan, berdintasunez eta kultura bakoitza zintzo islatzen saiatuz eskaintzea gomendatzen da. Irizpide hau aplikatzean, honako puntu hauek hartu behar dira kontuan:

  1. Gutxiengo etniko baten hizkuntza herrialde bateko hizkuntza ofiziala ez denean, herrialdeari dagozkion gaiei buruzko material ugari herrialdeko hizkuntza ofizialean bakarrik agertuko da; esate baterako, legediarekin, gobernuarekin, hezkuntzarekin eta negozioekin zerikusia duen materiala. Faktore hori kontuan hartu behar da, zerbitzuen hornidura benetan zuzena den ebaluatzerakoan.

  2. Hizkuntza minoritario askotan argitaratzen den materialaren bolumenak ezinezko bihur dezake liburutegiko materialak gehiengoaren hizkuntzan duen kopuru bera izatea. Kasu horietan ezin eragotzi izaten da materialen hornikuntza desegokia izatea, hedadurari, balantzeari, bildumaren tamainari edota kalitate fisikoari dagokienez, oso gauza gutxi argitaratzen diren hizkuntza baten kasuan. Posible izan daiteke, liburutegiko materialei dagokienez, bestelako balantze bat izatea, baina gutxiengo batzuekin ezin da desberdintasunak izatea eragotzi.

  3. Gutxiengo etnikoei, linguistikoei edo kulturalei eskaini behar zaien zerbitzu-mota finkatzeko, garrantzitsua da elebitasun-maila zein den, kultura- eta hizkuntza-nortasuna zenbateraino atxiki den eta gizartearen barruan dagoen gizarte-integrazioaren maila nolakoa den jakitea. Talde minoritarioetako kide batzuek nahiago izango dute agian liburutegi-premiei dagokienez beste talde batzuetako kidetzat hartzea. Faktore horiek kontuan hartu behar dira liburutegi-zerbitzuak osatzerakoan, zer den bidezkoa eta egokia erabaki ahal izateko.

  4. Eskaera ere garrantzitsua da, eta, hainbat arrazoirengatik, litekeena da talde etniko, linguistiko edo kultural jakin bateko gizataldearen proportzioaren araberakoa ez izatea. Nahiz eta eskaera faktore garrantzitsua den talde minoritario bat liburutegi-zerbitzuez hornitzean -inork nahi ez dituen eta inork erabiltzen ez dituen materialek inorentzat ez dute balio- faktore hori ez da kontuan hartu behar lehen inoiz ez bada zerbitzu hori eskaini. Eskaera eskasa, hain zuzen ere, iraganean zerbitzu hori eskaini ez izanaren, edota zerbitzu eskasa edota desegoki samarra eman izanaren, itxaropen murritzak izatearen, publizitaterik ez izatearen edo zerbitzuen berri ez izatearen ondorio izan daiteke. 

  5. Gutxiengo etniko, linguistiko eta kultural guztiek izan behar dute sarbidea, liburutegi-zerbitzuak antolatzeari dagokionez, zuzentasun-irizpideei erantzungo dieten bilduma eta zerbitzuetan. Talde minoritario oso txikien edota talde sakabanatuen kasuetan, agian beharrezkoa izan liteke material eta zerbitzu horiek elkarlanean edota era zentralizatuan antolatzea, biztanleriaren gehiengoarenarekin alderatzeko moduko garrantzia, tamaina eta kalitatea izango duen zerbitzu bat eskaini ahal izateko.

aurkibidera itzuli

 

 


Azken eguneratzea: 2005/05/23