Arau hauetan aurkeztutako kontzeptuak nazioartekoak dira; dena den, munduko nazioen osaketa, etnien, hizkuntzen eta kulturen ikuspegitik, ikaragarri aldatzen da. Aniztasun hori honela sailka daiteke:
-
Etorkinen gutxiengoak. Sail honetan gizarte hartzailearenak ez diren hizkuntza/k eta kultura/k duten/dituzten kolono iraunkorrak sartzen dira, eta orobat sartzen dira oraindik ere arbasoen kulturarekin identifikatzen diren etorkinen ondorengoak ere. Sail hau, bereziki, Amerikei, Australiari eta Zeelanda Berriari aplikatzen zaie, baina baita beste herrialde industrializatu batzuei ere.
-
Langile ibiltariak. Sail honetan aldi bateko langile etorkinak eta haien mendekoak sartzen dira. Langile hauen asmoa ez da izaten betiko atzerrian geratzea; eta legearen aldetik aldi bateko egoiliarrak dira. Pertsona hauek egoiliar iraunkorrak ere bihur daitezke (1. kategoria) bizi diren herrialdeko politiken eta beren desiren arabera.
-
Gutxiengo nazionalak. Bertako taldeak dira, edota herrialdean denbora luzea daramatenak eta gehiengoarena ez den nortasun etnikoa, linguistikoa edota kulturala dutenak. Herrialdeko hizkuntza nagusia erabil dezakete (suediarrek Finlandian bezala), edota funtsean bereganatuta izan herrialdeko hizkuntza nagusia (galesek edota Ipar Amerikako indioek). Gutxiengo nazionalek inguruko herrialdeetan gehiengoekin parteka dezakete beren hizkuntza edo kultura, edota gutxiengo diren herrialdean baztertuta egon.
Dialektoa ere faktore garrantzitsua da. Hizkuntzaren ikuspegitik homogeneo samartzat hartzen diren herrialde askotan, eskualdeko kultura eta dialekto ugari erabiltzen dira. Liburutegiek dialekto horietan dagoen edota kultura horiei dagokien materiala erosi behar dute, beti ere material horiek eskuragarri badaude.
Gure asmoa da arau hauek etnia-, hizkuntza- eta kultura- aniztasuneko hainbat egoeratan aplikatzea, eta 1986ko IFLAren Liburutegi Publikoentzako Jarraibideak argitalpeneko gutxiengo etnikoei eta linguistikoei eskainitako zerbitzuei buruzko saila zabaltzea. Zerbitzu horiek agiri honen eranskinean daude.
aurkibidera itzuli
|