Sarrera
Liburutegiak, gizarte baten kultura-, hezkuntza- eta informazio-azpiegituraren oinarrizko osagarri ordezkaezinak dira. Bestalde, gizarte horren kultur ondarean ezinbestekoak dira.
Hainbat arrazoi direla-eta ideia honek garrantzi berezia du gaur egungo Europan:
Adierazpen askatasunerako eta jendeak informazioa eskuratzeko oinarrizko giza eskubidearen babesa bermatzen du; teknologia berrien eta globalizazioaren garapen demokratikoa sustatzen du; bertan liburutegiek, kultura sustatzera bideratutako informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzko politika europarraren esparruan oinarrizko zeregina dute; globalizazioaren joerak osatzen ditu, toki txikiei eta gizarte eleanitzen eta kulturanitzen loraldiari arreta eskainiz; Ekialdeko Europan ematen diren erakunde- eta ekonomia-mailako erreformak bultzatzen ditu (prozesu horrek, Estatuen demokratizazioan liburutegiek duten garrantziaren inguruko gogoeta egitera bultzatzen digu); forma edo edukia edozein izanda ere, bilduma nazionalen garapena eta kontserbazioa bermatzen ditu.
Eskubide zuzenik eta informazio osoa eskuratzeko aukera ez duten hiritarren herrialdeak, orokorrean, mundu demokratikotik kanpo daudela onartzen denez, printzipio hauek nazioarte-mailako kooperazio europarraren bidez aplikatu behar dira.
Testuinguru honetan Europako Kontseiluak liburutegien esparrua aztertzeko erabakia hartu du ondoko helburu honekin: Estatu kideen legeriak eta politika nazionalak sendotzeko eta, behar izanez gero, bateratzeko helburuarekin printzipioen multzo bat eratzea.
Arazoaren zailtasunaren ondorioz, legeria eta arauak homogeneizatzeko edozein ahalegin alferrikakoa bada, balio demokratikoekin lotuta eta Estatu kideen printzipio konstituzionalekin bat datozen printzipioak burutzeko ahalegin bateraturako premia handia dago. Printzipio horiek, liburutegien politikaren eta legeriaren gaietan Estatuen politikak bideratu ahal izango dituzte.
Arau hauek, Europako Kontseiluak eta nazioarteko bestelako erakundeek antzeko esparrutan sustatutako nazioarteko hitzarmenen printzipio berak jarraitzen dituzte, eta batez ere:
Giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko Konbentzioa, 10. artikulua;
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, 19. artikulua, Nazio Batuen Batzar Nagusia Res.217 A;
Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalei buruzko Nazio Batuen nazioarteko Akordioak, 1996.12.16, 19. artikulua;
Europako Kontseiluaren Hitzarmen Markoa, gutxiengo nazionalak babesten dituena, 1995.2.1; mailegu- eta alokairu-eskubideei, eta jabetza intelektualaren esparruan egile-eskubideekin lotutako hainbat eskubideri buruz 1992ko azaroaren 19ko Europako Batasunaren Kontseiluaren Arteztaraua (92/100/EEE); Europako Parlamentuaren Arteztarau baterako Batzordearen proposamena, eta egile-eskubideen eta informazioaren gizartean antzeko eskubideen hainbat alderdi harmonizatzeari buruzko Kontseilua, COM (97) 628 azkena; 97/0539 COD; Liburutegi publikoetarako IFLA-UNESCO erakundearen Adierazpena (1994); liburutegiei eta askatasun intelektualari buruzko IFLAren Deklarazioa; lapurtutako edo legez kanpo esportatutako kultur objektuei buruzko 1995eko UNIDROIT Hitzarmena; Lege-gordailuaren legeriarako IFLA-UNESCOren Adierazpenak (1981); gordailuan dauden argitalpen elektronikoen bildumei buruzko txostenean sartutako Gomendioak, Europako Batzordeak argitaratutakoak (1996).
Arau hauetan ondoko premiak azpimarratzen dira:
Liburutegien arloko legeriarekin lotutako arau juridikoen eta antzeko beste esparruetan aplikatutakoen arteko koherentzia bermatzea, maila hierarkiko guztietan; liburutegiei buruzko xedapen tradizionalen helmena zabaltzea, bertako legeriarekin lotutako hainbat gai kontuan hartzeko; kaltetutako pertsona eta erakunde guztien interesen, eta liburuaren eta informazioaren arloetako profesionalen mailen artean oreka lortzea.
Liburutegiei buruzko legeria eraginkorra izan dadin, legeri horretan Estatu kideen baldintzak eta interesak kontuan hartu behar direla gogoratu behar da.
Horrenbestez, Estatu kideetako agintari arduradunei, Arau hauetan adierazitako printzipioekin lotutako neurri legegileak edo beste motakoak har ditzaten gomendatu zaie; halaber, indarreko legeria printzipio hauetara egoki dezaten eta Arauak, ahal den neurrian, erakunde eta pertsona interesatuen artean zabal ditzaten ere gomendatu zaie.
Europan liburutegi-politikari eta -legeriari buruzko Europako Kontseiluaren eta EBLIDA elkartearen arauak
I. Adierazpen-askatasuna eta informazioa eskuratzeko askatasuna
Liburutegiak erabiltzaile-komunitateen onurarako sortzen dira, eta pertsona horiek informazioa eta ideiak eskuratzeko dituzten eskubideen erabilera sustatzeko helburua dute.
Liburutegietako zerbitzuak hiritar guztiei eskaini behar zaizkie, hauen arraza, hiritartasuna, erlijioa, kultura, iritzi politikoa, adina, minusbaliotasun fisikoa edo ikasketarako minusbaliotasuna, sexua eta orientazio sexuala kontuan hartu gabe.
Fondo publikoekin finantzatutako oinarrizko informazio-zerbitzuak, materialak eta tresnak doan eskuratzeko aukera izango du erabiltzaileak, eta erosteko ahalmena edozein izanda ere, erabiltzaile-komunitateko kide guztiek eskubide berak izango dituzte.
Indarreko legerian jasotzen diren arrazoiengatik bakarrik debekatuko zaizkie materialak eta sarera sartzeko aukera.
Liburutegiek materialak eskuratuko dituzte eta baliabideetara sarrera eskainiko dute, erabiltzaileen komunitatearen beharren kalitate- eta egokitzapen-irizpideak jarraituta.
Materialak eta baliabideak aukeratzerakoan, bertako komunitateen aniztasuna hartu beharko dute kontuan, eskainitako formatuei, hizkuntzei eta edukiei dagokienean.
Liburutegiak bertako materialetarako eta baliabideetarako sarrera intelektualean eta fisikoan ahalik eta kalitate onena ematen saiatuko dira.
Liburutegietako zerbitzu-puntuak behar bezala kokatuko dituzte, guztiek eskura izan ditzaten; era berean ikusmeneko, entzumeneko edo beste motako arazoak dituzten pertsonen premiei erantzuteko ekipamendu egokia izango dute.
Bildumen garapenari lotutako printzipioak.
Liburutegi bateko bildumaren garapena, liburuzainaren irizpide profesional independentean oinarrituko da, eragin politikoak, alderdikoiak, komertzialak edo beste motakoak kontuan hartu gabe, eta erabiltzaileen erakunde ordezkariei, bertako taldeei eta beste informazio-, kultura- eta hezkuntza-erakundeei egindako kontsultan oinarrituko da.
Bildumen garapen-politikak etengabe gainbegiratuko dituzte, premien eta aukeren aldaketei erantzuteko helburuarekin.
Bildumen garapenak prozesu gardena izan behar du, eta horretarako zein politiketan oinarritu den ezagutzera eman behar du.
Gutxiengoei, euren hizkuntzan dagoen materiala eskainiko diete. Material hori, bertako kulturarekin lotuta eta euren komunitate zabalagoaren kulturan ilustratuta egongo da, hau ere bertako hizkuntzan.
Liburutegiak herrialde horretan sistema edo sistemen zati izango dira. Sistema horiek, bildumak eskuratzeko eta esportatzeko gaian lankidetzarako izango dira, eta beste kultura-, hezkuntza- eta informazio-erakundeekin lan-harreman estua ezarriko dute.
Liburutegiek, bertako bildumetan ez dauden materialak eskuratzen lagunduko dute; horretarako liburutegi nazionalen eta nazioartekoen maileguak, eta dokumentuak eskuratzeko zerbitzuak (informazio elektronikoen eta informazio-sareen zerbitzuen erabilera barne) bezalako bitartekoen laguntza izango dute.
Sare elektronikoetara heltzeari buruzko printzipioei dagokienez, liburutegiek:
-
informazio-sareen potentzial osoa aprobetxatu behar dute, batez ere Internet; baliabide horien bidez, euskarri fisikoetan dauden materialen bildumen kasuan eskura ezin den informaziora hel daiteke;
-
erabiltzaileak informazio-baliabideak eskura ditzan sarbide elektronikoa eskaini behar diote, bai eta informazio-sareak libre erabiltzeko laguntza eta orientabide egokiak eskainiko dituzten guneak ere;
-
Nabigatzen ari den lurralde horretan legez kanpo dauden Interneteko materialetara berariazko sarrera debekatu behar dute. Bestelako materialei dagokienez, erabiltzaileak aukeratuko du zer informazio eskuratu;
-
Internet erabiltzeko politikak egin behar dituzte; bertan, sarean eskura daitekeen informaziorako sargune publikoko eskaintzarekin lotutako helburuak eta metodoak adieraziko dituzte;
" erabiltzaileen eskubideak errespetatu behar dituzte, konfidentzialtasunari eta intimitateari dagokienak barne;
-
sargune publikoei buruz daramatzaten politikak eta praktikan duten aplikazioa etengabe aztertu behar dituzte, gizarte zibileko organoei eta elkarteei galdetuz; modu horretara, zerbitzu horren helmugak eta helburuak burutuko direla bermatu ahal izango da.
II. Liburutegiak, liburuaren eta informazioaren politika nazionalen esparruan
4. Liburutegiko legeriaren eta politikaren neurriek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:
-
beharrezko lege-aitormena eta informazioko politika nazional baten esparruan edozein motako liburutegietarako plataforma profesionalak egotea bermatu.
-
printzipio nagusietarako arreta, eta betetze-arauak eta -irizpideak ahalik eta xehetasun handienarekin zehaztu; liburutegien eta "liburuaren munduko" beste agenteen arteko, eta orokorrean, ezagutzaren esparruan dauden loturak argi ditzakeen plataforma ezarri;
-
mota guztietako euskarri informatiboak hartu, interneten eskura dagoen informazio digitala barne, hiritar guztiei informaziorako sargune librea bermatzeko;
-
demokrazia mantentzeko eta garatzeko beharrezko faktore gisa, liburutegietako zerbitzuen papera azpimarratu. Bestalde, administrazio zentralek eta tokikoek beharrezko antolakuntzako, ekonomiako eta kontroleko mekanismoak eskaini behar dituzte zeregin hori betetzeko eta liburutegietako zerbitzuek informazioko politika nazionalean bere lekua hartzeko;
-
hainbat liburutegi-motekin eta hauen zereginekin lotuta, etekinaren kalitatea neurtzeko jarraibideak eskaini.
5. Agintarien eta erakundeen betebeharra:
-
liburutegi-sektoreko maila guztietarako zalantzarik gabeko egitura ezartzea, liburutegien kudeaketaz arduratzen diren organoen funtzioak, zereginak eta erantzukizunak argituz.
-
liburutegi-moten arteko lankidetza sustatzeko behar den azpiegituraren garapena eskuratzea, nazio-mailan informazio-eskaintzako esparru orokorrean dituen zeregin zehatzak kontuan hartuta.
6. Liburutegietako zerbitzuak. Liburutegi-motak, zerbitzu-maila, errendimendu-adierazleak:
Telekomunikazioekin, sare elektronikoekin eta hauekin bat datorren ekipamenduarekin lotutako arauak eta arau teknikoak aplikatu behar dituzte ahal den neurrian, nazio- eta nazioarte-mailan informazio-trukea errazteko.
Formatu digitalean edukien produkzio eta banaketa gero eta handiagoa, liburutegien ohiko mailak itxuragabetzen ari da. Liburutegiek eta liburutegi-sareek, hauek finantzatzen dituen erakundea kontuan hartu gabe, erabiltzaileen komunitateari eta gizarteari orokorrean zerbitzua eskaintzeko erantzukizuna euren gain hartu behar dute.
Informazioa eskuratzeko eta erabiltzeko prozesuen heziketa eman behar diete ikasleei, hezkuntza-sisteman eta gizartean orokorrean informazio erabilgarriko zerbitzuak hobeto erabil ditzaten; halaber irakaskuntza hau, hezkuntza-maila guztietan ikasketa-arauen eta -planen barne sartu behar da.
Erabiltzaile-talde bereziei zuzendutako liburutegi-zerbitzua, dagozkien legerian eta arauetan sartu behar dira, alde batetik, liburutegietako instalazio arrunten mekanismoen bidez, eta bestetik zerbitzu zentralizatuen bidez.
"Txartel adimentsua" bezalako gizarteko beste sektoreetan informazioaren teknologia erabiltzerakoan aurrerapen berriak, liburutegi zerbitzu digitalen garapenari aplikatzeko aukerak analizatzeko azterketak egin behar dituzte.
Nazio-mailako liburutegietako agintari arduradunek, agiritegien, liburutegien eta museoen sektoreetako erakundeen bat egitera zuzendutako informazioko nazio- eta nazioarte-mailako politikaren esparruan kokatu behar dute liburutegietako zerbitzuen eskaintza.
7. Liburutegien finantziazioa. Administrazio zentrala eta tokikoa:
Liburutegi-mota eta liburutegiaren kudeaketaz arduratzen den administrazio-organoaren maila edozein izanda ere, espero den zerbitzu-mailaren eta zerbitzu hori eskaintzeko egoki diren baliabideen horniduraren arteko loturak zalantzarik gabekoa izan behar du.
Orokorrean, liburutegien finantzaketa administrazio publikoaren ardurapean egongo da. Beste erakunderen kargura finantzatuko diren liburutegietako zerbitzuek ez dute liburuzainen profesionaltasunean eta liburutegietako materialen aukeraketan eragin behar, eta ez dute sarrera libreko oinarrizko printzipioetan eta zenbait oinarrizko zerbitzuren doaneko eskaintzan eragin behar.
Liburutegietako agintari arduradunek eta liburutegiek, antolakuntza egiturak eta gainbegiraketa- eta kontrol-mekanismoak elkarrekin garatu behar dituzte; horiek, liburutegi-zerbitzuei eskainitako fondo publikoen errentagarritasun ahalik eta handiena bermatuko dute; eta hori horrela izan dadin, errendimendu-ebaluazio egokiak egiteko eta hainbat liburutegi-moten kalitatea kontrolatzeko aukera emango duten tresnak diseinatuko dituzte.
Liburutegietako aurrekontuek teknologia berrien eragina islatu behar dute, eta tresna eta zerbitzu berriak zuzen erabili dezaten, pertsonalaren eta erabiltzaileen prestakuntza egokia bermatzeko baliabideak izan behar dituzte.
8. Hezkuntza eta prestakuntza:
Liburutegi-gaien arloko prestakuntza, legegintzako xedapen nazionaletan eta liburutegi-politikan jaso behar da, erakunde hauetako zerbitzuek nahiko liburuzain profesionalak eta bestelako pertsonala izan dezaten derrigorrezko elementu gisa.
Liburutegien gaietako agintari arduradunek, pertsonala trukatzeko programa europarren garapenaren bidez, bertan lan egiten duen pertsonalaren trukea sustatu behar dute.
III. Liburutegiak eta ezagutzaren industriak
9. Egile-eskubideei eta hauei lotutakoei buruzko legerian, liburutegiek, erabilgarritasuna eta informazioaren erabilera eta erabilgarritasuna eskaintzeko funtzio publikoko (fondo publikoekin finantzatua) erakunde gisa duten papera onartu behar da.
Gobernuek, egile-eskubideei eta hauei lotutako eskubideei dagokienean, liburutegien egoera legala zehaztu behar dute.
Liburutegiei euren funtzio publikoa, erabiltzen duten material informatiboa kontuan hartu gabe erabiltzeko aukera eman behar zaie, informazioa paperean, ikus-entzunezkoa edo digitala den kontuan hartu gabe. Horrenbestez, inprimatutako materialei aplika dakizkiekeen egile-eskubideen salbuespenak, ahal den neurrian material digitalei ere aplikatu beharko zaizkie. Liburutegietan kontsultak egiteko aukera egon behar du.
Informazioa gordetzeko, garraiatzeko eta banatzeko formatua edozein izanda ere, liburutegien bidez hiritarrek informazio kulturala, zientifikoa, hezkuntzakoa eta soziala murrizketarik gabe jasoko dutela ziurtatuko dieten baldintza juridikoak eta finantzarioak bermatu beharko dituzte erakunde politikoek.
10. Mailegu-eskubideari buruz arautegi nazionalak aztertzen ez duen materialari dagokionean, eta egile-eskubideek babestutako informazioaren erabiltzaileei galdetu ondoren, informazio horretako zein zatiren erabilpen publikoa egin daitekeen erabaki behar dute. Informazioa erabiltzearen konpentsazio gisa ordaindu beharrekoa erabaki beharko da.
Gobernuek, eurek sortzen duten informaziora sartzen utzi behar dute.
11. Hitzarmenen, lizentzien edo beste mekanismoen arabera eskainitako informazioa, bertan jasotako xedapenak jarraituta erabiltzen direla bermatzeko ahalegin berezia egin behar dute liburutegiek.
Negoziazio kolektiboko gaian organo eskudunak ezarri behar dira, eta organo hauei zuzenbideko titularrekin edo hauen erakunde ordezkariekin negoziatzeko agindua emango zaie.
Liburutegietan sare elektronikoen bidez eskainitako materialak doanekoa izan behar du erabiltzaileentzat.
12. Liburutegietan bertan materiala kopiatzeko eta erreproduzitzeko aukera eman behar dute, egile-eskubideei buruzko nazio-mailako legeriaren arabera.
IV. Liburutegiko ondarearen babesa
13. Lege-gordailua ondareari buruzko bilduma nazionalak sortzeko tresna nagusia da. Helburuak:
-
kultura nazionala gordetzeko, garatzeko eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko helburuarekin bilduma nazionala egitea;
-
bibliografia nazionalaren bilduma eta argitalpena;
-
bildutako argitalpenetan sartzea.
14. Lege-gordailu bidezko eskurapenek ez dute, liburuaren edo informazioaren esparruan gobernu-politika desegokia konpontzeko balio behar. Helburu horretarako:
-
lege-gordailuak, editoreei/produktoreei, dagozkien erakunde nazionaletan zenbait ale banatzera behartzeko jasotako derrigorrezko xedapen-multzo gisa konfiguratu behar du. Derrigorrezko erregulazioaren helburu berbera izan arren, gordailu boluntarioak ez du etsi behar;
-
lege-gordailuak argitalpen-maila guztiak hartu behar ditu, bakoitzari egokitzen zaizkion politikak erabilita. Informazio-euskarri guztiak hartzeko lege-gordailuari buruzko legeria zabalduz gero, legeri horren eta jabetza intelektualaren legeriaren arteko lotura egin behar da. Legeri horrek, jasotako material elektronikora sarrera bermatu beharko du eta egile-eskubideen titularrei behar bezalako konpentsazioa eskaini behar die.
15. Lege-gordailuari buruzko xedapenen eraginkortasuna handitzeko eta xedapenen gauzatzeak liburuaren munduko beste eragileak kaltetzen ez dituela bermatzeko, ondoko arau hauek jarraitu beharko dira:
Erakunde gordailuzainek, bildutako argitalpenei buruzko zerbitzu bibliografiko eraginkorrak eskaintzeko eta bertara heltzeko sarrera egokia eskaintzeko gai izan beharko dute; sarrera, ahal izanez gero, eraginkortasuna hobetzeko aukera emango duten sare elektronikoen bidez egingo litzateke. Liburutegi nazionalek eta/edo bestelako agentzia bibliografiko nazionalek beste erakunde ofizialekin eta ez-ofizialekin batera lan egin behar dute, liburutegien erabiltzaileei eta gizarteari orokorrean zerbitzu hobea eskaintzeko helburuarekin.
Ale inprimatuen gordailuak arrazoizko mailan egon beharko du, premia nazionalen arabera hiru eta bost aleren artean. Kontserbazio-programen kostu handia dela-eta, soinuzko, ikus-entzunezko, zineko eta elektronikako materialen lege-gordailuari lotutako politiken gainezartzea saihestearren behar diren neurriak hartu beharko dira.
Luxuzko edo balio bereziko argitalpenek ale-kopuru mugatua izango dute.
Lege-gordailuari buruzko xedapenak beteko ez balira, neurri finantzarioen edo beste motakoren baten bidez zigortu beharko lirateke.
Lege-gordailuari buruzko obligazioak betetzearen ondoriozko konpentsazioa ondoko honetan oinarritzen da: zerbitzu bibliografiko nazional arinak eta osatuak produzitzean. Zenbait kasutan lege-gordailuak, produktoreei zuzendutako agiritegiak sortzeko balio dezake.
Erakunde gordailuzainen arteko lankidetza-ereduak aztertu eta sustatu behar dira.
Argitalpen elektronikoen lege-gordailuaren alderdi juridikoak, teknikoak eta finantzarioak analizatzen utziko duten ikasketak egin behar dira.
16. Idatzizko ondarearen mugaz bestaldeko transferentziari buruzko gaiei dagokienean, ondoko gomendio hauek egiten dira:
-
idatzizko ondarearen dokumentuak, liburutegietan egon ala ez, esportazioen kontrolari buruzko arauek babestutako kultur ondasunen zerrendan eta definizioan sar daitezen. Liburutegietako ondare-dokumentuen kasu zehatzean, ez da dokumentuen etengabeko esportazioa onartu behar, eta aldi baterakoa bakarrik baimenduko da;
-
lapurtutako eta legez kanpo esportatutako objektuei buruzko 1995eko UNIDROIT Hitzarmena, lapurreta eta legez kanpoko esportazioen kasuei dagokienean erreferentzia-dokumentu gisa erabil dadin gomendatu dute. Gomendio hau, (1998) Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarraren 1372. Gomendioaren zabalkuntza gisa hartu behar da;
-
Europako Kontseiluaren Arteztarauekin (1992ko abenduaren 9ko Kontseiluaren Araua eta ondoko testuak) bat datozen kultur ondasunen mugaz bestaldeko mugimendua kontrolatzeko behar diren xedapen nazionalak promulga daitezen gomendatu dute;
-
ondare idatziko gaian lankidetza administratiboa eta juridikoa indartzea, oso ahula baita;
-
Bigarren Mundu Gerran transferitutako ondare idatziari eta bertan sartzeari buruzko informazio-eskaintza bermatzeko programak sustatzea.
aurkibidera itzuli
|