Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2008 Irakurri Kanpaina - Liburutegiak Topaleku
Irakurri 08

“Liburutegiak Topaleku” lemapean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailakr aurkezten du 2008ko Irakurri kanpaina. Honako hau da “Liburutegiak eta Kultura-aniztasuna” programaren helburua: liburutegi-zerbitzuak etorkinen kolektibo guztien premia eta interesetara egokitzeko esku-hartze programa diseinatzea, etorkinak gizartera daitezen lortzeko helburuarekin.

Kulturaren Euskal Planaren “Liburutegiak eta Kultura-aniztasuna” programaren barnean hartzen da proiektu hau. Kulturaren Euskal Plana erakunde arteko plana da, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzatua erakunde-agente nagusiekin (aldundiak eta udalak) eta Euskadin kulturaren “paisaia” osatzen duten sektoreekin —hala nola dantza, antzerkia, musika, arte bisualak eta plastikoak, liburutegiak eta abar— elkarlanean. 13 sektore-lantalde osatu dira guztira.

Kanpaina hau prestatzerakoan, Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuak, Kultura arteko Bitartekotza eta Hezkuntzarako Ekimen Komunitarioak Koordinatzeko Zentroak (Biltzen) —Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Inmigrazio Zuzendaritzaren mendekoa—, Immigrazio Behatokiak (Ikuspegi), eta Arabako Foru Aldundiko, Bilboko, Ermuko edo Zarauzko liburutegi-teknikariek esku hartu dute, eta gainera elkarte, fundazio eta enbaxada guztiekiko komunikazio eta laguntzarako kanalak sortu dira.

Aldi berean, eta ildo beretik jarraitzeko asmoarekin, urriaren 24tik aurrera proiektu pilotu bat jarriko da abian EAEko 18 liburutegitan: Bilbon eta Gasteizen eta beste hainbat udalerritan: Agurain, Arrigorriaga, Basauri, Bermeo, Bergara, Durango, Eibar, Elgoibar, Erandio, Ermua, Errenteria, Getxo, Irun, Leioa, Markina eta Zarautzen. Urriaren 24an Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta aurten kultura-aniztasuna izango du ardatz.

Proiektu pilotu horren esparruan, urtea amaitu arte hainbat jarduera garatuko dira haur eta gazteentzat. Helduentzat, tailerrak eta ipuin-kontalarien saioak antolatuko dira, herritarren artean kultura-aniztasunaren ideia garatzeko.

12-16 urteko gazteentzat ipuin-lehiaketa bat antolatuko da web-orrian, idazle batek dinamizatuta.

Halaber, beste hainbat material (kartelak, orri-markagailuak, eranskailuak, zerbitzu-gida, irakurketa-gida eta abar) banatuko dira Irakurketa Publikoko Sarean bilduriko liburutegi guztietan. Jardunaldi tekniko bat ere antolatuko da Sare osoarentzat, datorren urtearen hasieran.

Irakurri 08

Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzuak eta Euskadiko udal-liburutegiek liburutegiak indartu nahi dituzte kultura-integraziorako gune gisa, eta, horren haritik, irakurketa-gida bat proposatu dute, “Haiena, gurea: tolerantziarako irakurketak” izenburupean. 50 lan hautatu dira, hain zuzen ere berdintasunari, tolerantziari eta aniztasunari buruzko narrazio eta ipuinak, liburutegietako erabiltzaileei, bertakoei eta etorkinei, eskaintzeko.

Kartel, orri-markagailu eta eranskailuetan kanpainaren goiburua ageri da: (“Las bibliotecas, un lugar de encuentro / Liburutegiak topaleku / Les bibliotheques un lieu de reencontré / The libraries place of meeting”). Izan ere, ekimen hau kanpaina horren oinarriaren gainean eraiki da, liburutegiek, informazioko eta dokumentu-bilaketako zerbitzuak eskaini ez ezik, herritar guztiei harrera egiteko eginkizuna ere betetzen dutela adierazi nahian.

Bederatzi hizkuntzatan (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, portugesa, errumaniera, errusiera, arabiera eta txinera) idatziriko “Hurbildu” Zerbitzu Gidak liburutegietan eskaintzen diren zerbitzu eta jarduerak azaltzen ditu. Agerkari horrek ahalbidetuko du liburutegi-zerbitzuak etorkinen kolektiboetara helaraztea, eta profesionalentzat ere lagungarri izango da, zerbitzu horien nondik norakoak azaltzeko eginkizunean”.

Erabilitako materiala: