Azken eguneratzea: 2011/07/05
Araudi berriak Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroa sortuko du
‘Euskadiko Museo’ edo ‘Euskadiko Bilduma’ izateko baldintzak ezartzen ditu
Euskadiko museo eta bildumen katalogoa Internet bidez kontsultatu ahalko da
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Museoen Legea garatuz Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroaren funtzionamendua arautzen duen dekretua argitaratu du gaur. Erregistroa ezinbestekoa da Euskadiko Museoen Sistema Nazionala eta museoen sarea antolatu ahal izateko.
Euskal museoetan programak eta jarduketak batera abian jartzeko arazo handi bat dago: titularren ugaritasuna (aldundiak, udalak, fundazioak, elkarteak eta partikularrak). Museoen Legeak, administrazio bakoitzaren eskumenak errespetatuta, Euskadiko Museoen Sistema Nazionala ezartzen du, baina museo bakoitzak sisteman integratzeko modua borondatezkoa eta adostasunean oinarritua izango dela aurreikusten du. Haren helburua da kalitateari buruzko politika eta eskakizun uniformeak ezartzea, jarduerak koordinatu ahal izateko, instalazioen eta ekipamenduen hobekuntza bultzatzeko, eta funtsen kontserbazio, antolamendu, ikerketa eta erakusketa egokiak errazteko.
Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroak formatu telematikoa izango du, erregistro publiko eta administratiboa izango da, eta Euskadiko Museoen Legean aurreikusitako alderdi zientifiko eta teknikoen betetze-mailari buruzko informazioa emango du. Alde horretatik, ‘Euskadiko Museoa’ edo ‘Euskadiko Bilduma’ izendapena lortzeko, kontzeptu aldetik museo edo bildumaren definizioari egokitzeaz gainera, Legeak ezartzen dituen giza baliabideak eta baliabide material eta antolamenduzkoak izan behar dituzte entitate horiek.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak aplikazio informatiko berezi bat jarriko du Euskadiko museo eta bilduma guztien esku, beraien funtsak kudeatzeko eta katalogatzeko. Antonio Rivera Kulturako sailburuordeak azaldu duenez, aplikazio horrek, museo eta bildumen eguneroko kudeaketa-lanak errazteaz gainera, eta Legeak aurreikusten duen Euskadiko Museo eta Bildumetako Funtsen Inbentario Orokorra antolatzeaz eta mantentzeaz aparte, “Euskadiko museo-funts guztien katalogo kolektibo bat sortuko du, Internet bidez edozeinek kontsultatzeko modukoa”.
Erregistroak, azken finean, herrialdeko museoen gaineko informazioa zehatza eskainiko du, eta hari esker museo eta bildumak arian-arian egokitu egingo dira gaur egungo museografiak eskatzen dituen baldintza teknikoetara, alegia, edukiak baino gehiago ekintzak balioesten dituen museografiara.