Azken eguneratzea: 2010/11/03
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak «Kultura 2.0» izeneko dirulaguntza-lerro berri baterako deialdia egin du, alegia, kultur industrien berrikuntza teknologikorako programa, 262.500 euroko aurrekontua izango duena. Laguntzen helburua 2010. urtean gauzatutako edo proiektatutako egitasmoak dira, bai banaka bai talde batean onuradun izan nahi duen enpresa bakoitzak aurrez egindako gogoeta estrategikoaaren esparruan kokatuta. Betebehar horren arrazoia da bermatzea laguntzen jasotzaile diren enpresek jada kokagune proaktiboa erakustea ingurune digital berrietan.
Musikaren, ikus-entzunezkoen eta liburuen alorretako enpresekin, sortzaileekin eta erabiltzaileekin hainbat hilabetetan zehar elkarlanean jardun ondoren, eta Euskadi Informazio Gizartean Planaren laguntzarekin, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laguntza-multzo bat jarri du abian –eta datozein urteotan ere indarrean egongo dira–, enpresen kokagunea hobetzeko ingurune digital berrietan, hau da, lehiakortasunaren hobekuntzarako ekintza espezifikoen bitartez, berrikuntza eta nazioartekotzearen bidez, eta merkatu berrien dibertsifikazioaren eta bilaketaren bidez. Programaren hasierako zuzkidura 262.500 eurokoa da.
Proposamen hau beste ildo batzuen esparruan kokatu behar da: kultur baliabideen mapa bat formatu digitalean lantzeko egitasmoa, formatu eta euskarrien bilakaerari buruzko azterketa eta jarraipena, eta kultur eragileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak.
Kulturaren Euskal Behatokiak koordinatu duen aurrelanean 40 pertsonak parte hartu dute, prozesu honekin loturiko sektore bakoitzaren balio-katea ordezkatzen dutenek.
Horren guztiaren ondorioz, bost proposamen mamitu dira, eta Kultura Saila jada hasia da beroietan lan egiten:
Laguntzen eskatzaileak banakako enpresak edo taldeka bildutakoak izan daitezke, betiere enpresa txiki eta ertainak badira eta kultur ondasunak ekoitzi, banatu eta/edo merkaturatzea helburu nagusi badute.
Alde horretatik, Kultura Sailak proposatutako Kulturen aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroak biltzen dituen lerro estrategikoen artean ‘Berrikuntza eta lehiakortasuna sustatu’ izenekoa dago, zeinak 11 zeharkako ekintza eta 19 sektorekako ekintza proposatzen dituen, une honetan eragileak aztertzen ari direnak. Kulturen aldeko Herritartasun Kontratuak Kulturaren Euskal Kontseiluaren onespena jaso behar du.