Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kultura Ondarea
  4.  
  5. Bizkaiko Museoak
 

Azken eguneratzea: 2011/06/06

Ibarrolak irabazi du Gure Artea saria, bere arte-ibilbidearen aitorpen gisa

Maider Lopezek, sorkuntza-lanagatik, eta Santiago Erasok, ikusizko arteen arloan agenteek egindako lanagatik, irabazi dituzte beste bi Gure Artea sariak

Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eta Fernando Golvano epaimahaiburuak jakinarazi dituzte 2011ko Gure Artea sarien irabazleak. Saridunak Agustin Ibarrola, arte-ibilbidegatik, Maider López, sorkuntza-lanagatik, eta Santiago Eraso, ikusizko arteen arloan egindako lanagatik, dira.

Gure Artea sariek 75.000 euroko zuzkidura dute, 25.000 euro modalitate bakoitzean, eta haien xedea da saridunen lanaren ordaina izatea, bai eta euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpena aitortzea ere. Horretarako, batetik sortzaileak saritzen dira, bai beren ibilbide profesionalagatik bai azken urteetan egindako jarduera sortzailearengatik, eta, bestetik, beste agente batzuk ere saritzen dira, arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera orokor edo zehatzarengatik.

Hauxe da Gure Artea sarien deialdia era honetan egiten den lehenengo aldia, alegia, Ikusizko Arteen talde eragileak emandako aholkuari jarraiki, aurreko eredua goitik behera aldatuta. Alde batetik, deialdi berri bat egin da ikusizko arteak saritzeko, hau da, pertsona sarituen arte-jarduera zehatzaren aitorpen sozial gisa ulertuta, eta, beste aldetik, arte garaikidea sustatzeko programa bat egin da (EREMUAK programa), euskal arte garaikidearen gizartean jakintza, ekoizpena eta zabalkundea eratzeko testuinguruak sortzeko, hain zuzen orain arteko Gure Artea sarietan tokirik ez zuten beste artista eta parte hartzaileei irekita dagoen programa.

2011ko Gure Artea sarien epaimahaia honako hauek osatu dute: epaimahaiburua, Fernando Golvano, EHUko Filosofia Fakultateko irakaslea, arte-kritikaria, komisarioa eta ikertzailea; epaimahaikideak, Nekane Aramburu, arte historialaria, arte-sustatzailea, komisarioa eta ikertzailea; Haizea Barcenilla, arte-historialaria, komisarioa eta ikertzailea; Daniel Castillejo, Arte Ederretako lizentziaduna, kontserbatzailea eta komisarioa, eta gaur egun Gasteizko Artium museoaren zuzendaria, eta Eduardo López, Arte Ederretako lizentziaduna, margolari eta artista multidiziplinarra, bere ibilbidean sari eta erakusketa ugari izan dituena.

Hiru modalitate

- Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria. 2011ko Gure Artea saria modalitate honetan Agustín Ibarrolak jaso du.

- Sorkuntza-lana aitortzeko saria Sorkuntza-lana aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria. 2011ko Gure Artea saria modalitate honetan Maider Lópezek jaso du.

- Ikusizko arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, aitortzeko saria. Aintzakotzat hartu ahal izango da ibilbide osoa edo, bestela, azken urteotan egindako programa edo proiektu zehatzak. 2011ko Gure Artea saria modalitate honetan Santiago Erasok jaso du.

Curriculumak

Agustín Ibarrola (Basauri, 1930)

Margolari eta eskultorea. Lehendabiziko prestakuntza Bilboko arte eta Lanbideen Eskolan jaso zuen, harik eta, 1948an, Madrilera joan zen arte, non Daniel Vázquez Díazekin ikasi zuen. Margolari horren lantegian, ikasle gisa, eman zituen bere lehenengo pausuak kubismoan. 1950eko hamarkadaren hasieran Oteiza ezagutu zuen. Oteizak hurbilarazi zion konstruktibismoaren espazio berezkoaren kontzeptua eta, gainera, arte-sorkuntza kolektiboaren ikuspegia irakatsi zion. 1956. urtean Parisera joan zen, eta han ’Equipo 57’ taldea sortu zuen, beste artista espainiar batzuekin batera (José Duarte, Ángel Duarte y José Serrano).

Bereziki azpimarratzekoa da trantsizio garaian egindako lan grafiko itzela, nagusiki grabatuak eta margoak, zeren eta bere ibilbideko sasoi emankorra izateaz gainera, garai hartako ikonografia sozial eta inkonformista ezaugarritzen baitu.

1980ko hamarkadaz geroztik, material berriekin esperimentatu zuen eta, tamaina handiko lanak egin zituen trenbide-trabesak, hormigoia, papera edo burdina erabiliz. Etapa horretako adibideak dira Abandoko geltokia (Bilbo), ‘Viaje al infinito’ lana erakusten duena; Chamartíngo geltokia (Madril), non ‘Ola a ritmo de txalaparta’ lana sortu zuen 1986tik 1987ra bitartean, edo Madrilgo Principe Pío geltokia, ‘El Bosque de Tótems’ lana erakusten duena, hormigoi-blokeen gaineko 50 trenbide-trabes dituena. Ezin ahaztuko dugu Omako Baso ezaguna (1986-1991) edo bere azken lanetako bat, ‘Los cubos de la memoria’, zeinean Llaneseko arrantza-portuko harri-lubeta osatzen duten hormigoi-blokeak margotu zituen.

Maider Lopez (Donostia-San Sebastián, 1975)

Artista plastikoa, Arte Ederretako lizentziaduna EHUko Arte Ederren fakultatean. Gipuzkoako hiriburuan jardun du lanean. Posminimalismoaren jarraitzaile eta oinordekoa da, eta haren lana arte, diseinu eta arkitekturaren arteko elkarrizketatik sortzen da. Ildo horri jarraituta, bere instalazioetan, galeria bateko espazio arkitektonikoa edo eraikina bera artelan bihurtzen du, hormetan, zoruan edo leihoetan egindako esku-hartzeeen bitartez, edo barne-altzariak eta hiri-altzariak sortuz, edota zutabeak serieetan aurkeztuz. Oso ezagunak dira, baita ere, esperienztia komunitarioak eta eguneroko guneak okupatuz egindako interbentzioak.

Santiago Eraso (Tolosa, 1955)

Kultur kudeatzailea, Filosofia eta Letretan lizentziaduna. Donostiako Arteleku – Arte eta Kultura Garaikidearen Zentroaren zuzendaria izan da 2006. urtera arte. Erreferente bat bihurtu da arte-jarduera bultzatzeko kultur politiken eta bitartekaritza publikoaren gaineko gogoeta egiten duten pertsonen artean. Urte hauetan, pentsamendu garaikidearen gai giltzarriei buruzko foro eta batzar askotan parte hartu izan du, eta gaur egun, gure erkidegoari dagokionez, 2016n Donostia Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaitzaren kultura-zuzendaria da.