Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kultura Ondarea
  4.  
  5. Bizkaiko Museoak
 

Azken eguneratzea: 2011/04/04

Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpena, Chillida Leku-ren gaineko negoziaketak apurtu ostean

Joan den martxoaren 18an Chillida Belzunce familiak adierazpen bat zabaldu zuen, esanez negoziaketak apurtu egiten zituela Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Horren aurrean, erakunde biok xehetasun batzuk plazaratu nahi ditugu jendaurrera.

Lehenik eta behin, ustekabe eta atsekabe handi bat izan dugu negoziaketa prozesua bat-batean hautsi duelako familiak, desleialki, erakunde publikoetatik negoziaketa eremu bat eskainia genienean, errespetuz, zuhurtasunez eta konfiantzaz eraikitakoa, hain zuzen ere.

Horrekin batera, ez dugu ezkutatu nahi frustrazioaren oinazea ere sentitzen dugula, borondaterik onenean gure aldetik negoziaketari eskaini diogun ahalegin eta itxaropen guztiak ez baitu lortu, oraingoz bederen, emaitza onik.

Ezustean harrapatzen gaitu familiaren jakinarazpenak, baita ondoren entzun dizkiogun adierazpenek ere, esanez prezioa ez dela arazo nagusia, berehala aipatuko ditugun beste kontu batzuetara eraman nahirik ezadostasunak, gure ustez ezadostasun horiek semantikoagoak baitira, benetakoak baino.

Ez genuke eztabaida antzurik piztu nahi, baina familiak aipatzen dituen hiru puntuetan argitasun hauek egin beharrean gaude:

  1. Izaera monografikoa. Inoiz ez dugu auzitan jarri Chillida Leku museoaren izaera monografikoa. Horrela jasotzen da «Bideragarritasun plana eta etorkizuneko aukeren azterketa» izeneko dokumentuan, eta horrela aipatu da elkarrizketetan nahiz aurkeztutako proposamenetan. Izaera «monografiko» horren ikuspen mugatuegia ere izan daiteke. Baina, gure iritziz, Chillida Lekuk izan behar du egile museo bat (Chillidarena), gaur egungoa, eta beste artistekiko nahiz adierazpen edo jarduera garaikideekiko elkarrizketari irekia.

Erakundeok ez dugu inoiz aldatu nahi izan Chillida Lekuk osatzen duen multzoaren muina. Horren froga da joan den otsailaren 28ko bilkuran proposatu genuela familiarekin adostea oinarrizko eremu bat, agian horretan aditu diren hirugarrengo batzuk idatzia, zehazteko zer hartu behar den museo monografikotzat. Eta gatazkak sortuko balira, berdintasunezko bitartekaritza sistema bat eskaintzen genuen, etorkizuneko Fundazioaren eta Chillida Belzunce familiaren artean. Erakundeon eskaintza zintzoa eta zabala izan da. Familiak, ordea, ez du bide horretan abiatu nahi izan.

  1. Bildumaren batasuna. Familiak plazaratu dituen azalpenetan aditzera ematen da bildumaren batasuna zalantzan jarria izan dela. Ezta urrutitik ere. Izan ere, baldintza horixe ipini genuen erakundeok operazio honetan sartu ahal izateko, funtsezko osagaia baita, gainera, adostasunaren hezurdura eraikitzeko.

Ez bakarrik nahi genuen bildumaren batasuna gorde, baizik zabaldu ere egin nahi genuen.

  1. Beto eskubidea. Negoziaketa guztian zehar, familiak etengabe eutsi nahi izan dio beto eskubideari, programazio artistikoaren gainean; are gehiago, nolabaiteko tutoretza nahi zuen museoaren etorkizuneko zuzendaritzaren erabakien gainean.

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak argi eta garbi azaldu diote familiari, erosketa bat egiten baldin bazen, eta ez dohaintza bat, ezin zitekeela beto eskubiderik gorde, familiak nahi zuen gisan. Irtenbide bezala, bitartekaritza sistema bat eskaini genien, sor litezkeen gatazkak erabakitzeko.

Beraz, beto eskubiderik onartu ez dugun arren, ziurtatu diegu, legeak babesten dituen egile eskubide moralekin batera, eskubide horiek behar bezala kudeatzea, gatazkak konpontzeko erabakitze sistema juridiko ofizial baten bidez, hau da, bitartekaritza baten bidez.

Prozesu honetan, euskal erakundeon ekimenaren xede bakarra izan da, etengabe, lortzea adostasuna, bi aldeentzat egoki izatea nahi genukeena, era horretan museoak berriro ateak zabal ditzan.  Guk ez dugu beste aukerarik gorde eskuartean.

Horren froga garbia da lan plangintza, joan den otsailaren 28an familiari aurkeztu zitzaion proposamen instituzionalak jasotzen zuena; adostasunaren hipotesi hutsarekin, betiere, planteatzen genuen museoa aldi baterako irekitzea, 2011ko uztailaren 1etik urriaren 16ra bitarte; fundazio berri bat sortzea, salmentaren ondorengo egoera kudeatzeko; eta museoa behin betiko zabaltzea, berriro, 2012ko martxoan.

Beraz, argi gelditu behar da euskal erakundeok modu guztietako eskaintzak eta aukerak luzatu ditugula, azterketa eta alderatze prozesu trinko batean, erantzukizun publikoaren ikuspegitik, museoaren bideragarritasuna lortu nahirik. Prozesu horretan erakundeok bat eginik jokatu dugu. Gure erakundeon ikuspegitik, prozesua bide onetik zihoan; beraz, ezin dugu azken erabaki hori ulertu.

Izan ere, negoziatu ahal izateko, eta, batez ere, adostasunetara iritsi ahal izateko, nahitaezkoa da bi aldeok negoziaketa eta adostasun gogoaren partaide izatea. Kasu honetan, Chillida Belzunce familiak argi utzi zuen, joan den ostiraleko adierazpenean, ez duela gogo horrekin bat egiten. Berak jakingo du zergatik.

Bai Jaurlaritzak, bai Aldundiak errespetu eta miresmen handienarekin hartzen dugu Eduardo Chillidaren figura eta obra. Eduardo Chillidaren lanak sustatu, hedatu eta balioesteko konpromiso sendo eta etengabekoa dugu, unean uneko ezadostasun guztien gainetik, eta etorkizunean gure jarrera, orain arte bezala, leiala, irekia eta eraikitzailea izango da beti.

Eduardo Chillida artista unibertsaltzat daukagu, euskal herritar guztien ondaretzat.


Donostia-San Sebastián, 2011-03-25.